2015-01-13 18:28:43
100 KIROLARI DITU GAUR EGUN SAILAK
Gimnasia Erritmikoa; etengabe haziz doan familia
Aloña Mendiko Gimnasia Erritmikako saila,
protagonista izan zen atzo arratsaldean Oñati Irratian. Urteko lehen
kirol tarte nagusian, saileko hiru kide elkarrizketatu zituzten eta.
Klubaren egungo egoera aztertzeaz gain, denboraldiko hainbat datu eta
xehetasun ere eman zituzten gonbidatuek. Medioetan gutxi agertzen diren
arren, lana gogotik eginez jarraitzen dute eta gaur egun, 100 kirolariko
familia handia osatzen dute.
Kirol apala edo xumea izanagaitik ere, erabat osasuntsu dago Aloña
Mendiko Gimasia Erritmikako saila. Gaur egun 4 eta 17 urte bitarteko 100
kirolari inguru mugitzen ditu eta denboraldi guztian zehar hainbat
erakustaldi eta txapelketatan parte hartuko dute. Prebenjamin, benjamin
-bi maila hauetan daude gimnasta gehienak-, alebin, infantil, kadete eta
jubenil mailan dituzte ordezkariak.
Azken bi maila horietan daude saileko gimnasta zaharrenak. Amy White
(kadete maila) eta Laura Quelle (Jubenil maila) dira eta bi
protagonistak Lide Osinaga entrenatzailearekin batera, Oñati Irratiko
estudietan izan ziren atzo arratsaldean. Ordubeteko solasaldian zehar,
sailari eta beraiei buruzko informazio ugari eman zuten.
Ekintza berriak
Lide Osinagak hiru denboraldi daramatza saileko entrenatzaile gisa
eta ardura hori hartu zuenetik, ekaineko ohiko erakustaldiaz gain, beste
hainbat ekintza ere sartu nahi izan ditu denboraldian zehar. Aurten
esaterako, Gaztea Dantzan lehiaketan parte hartu zuten
bideoklip bat grabatuz. Azaroa amaieran, berriz, GBC-ren partiduan
erakustaldia egin zuten eta gabonetan, jaialdi berezia prestatu zuten Zubikoa kiroldegian.
Aurrera begira hainbat nobedade egongo direla ere aurreratu zuen Osinagak: «
Benjaminak,
kategoriako topaketetara joango dira eta alebinekin ere, beste irteera
bat antolatu nahian gabiltza. Hala ere aurtengo nobedade nagusia,
infantil, kadete eta gazte mailan izango dugu. Maila hauetako gimnastak
txapelketa ofizial batetara irtengo baitira. Azkenik urtero bezala,
ekainean etxean bertan erakustaldia eginez agurtuko dugu denboraldia» adierazi zuen entrenatzaile oñatiarrak.
Aldaketak datozen hileotan
Datozen hileotan saileko estrukturan aldaketa batzuk egin beharko
dituzte ezinbestean. Lide Osinaga entrenatzailea, haur baten esperoan
dago eta horrek, eguneroko funtzionamenduan eragin zuzena izango duela
aurreratu zuen atzoko elkarrizketan. Dedikazioa murriztu egin beharko du
Osinagak eta honek utzitako hutsunea, Laura Quellek beteko du.
Kontu guzti hauen artean, gimasta bakoitzak bere helburuak azaldu
zituen eta solasaldi erdian, presidentearekin hitz egiteko aukera ere
izan zuten. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

Gimnasia Erritmikako aurtengo talde argazkia