Imanol Beloki 2015-12-23 21:45 KIROLA OÑATI
Urtero moduan, kirolarien lana eta esfortzua saritzeko helburuarekin, Oñatiko Kirol Sariak banatu dituzte. Ekitaldia, udaletxeko osoko bilkuren aretoan izan da, eta hauek izan dira sarituak: kirolari onenaren saria, Sara Gomez-ek jaso du; kirol talde onenarena, eskubaloia senior taldeak; kirol teknikari onenari saria, Garikoitz Baños-ek; eta kirolaren alde egindako lanagaitik saria, Jabi Azpiazuk.
Sari nagusiez gain, sari bereziak ere izan dira kirolarekin lotuta dauden herriko hainbat pertsonentzat. Erostarbe familiak, Alain Anton-ek, Nerea Diaz-ek, eta Jokin Garaik jaso dute sari berezia.
Herritarren saria, Saio Arkonadarentzat
Herritarren saria berriz, Saioa Arkonadak jaso du. Hiru ziren aukeratuak sari hau lortzeko; Argider Isasti, Julen Umerez eta Saioa Arkonada. Herritarren boto bidez izan da aukeraketa, eta 1.102 bototik gehien jaso dituena Saioa Arkonada izan da. Iaz baino 740 gehiago jaso dira aurten; hirukoitzu egin da.
1. Saioa Arkonada (%58,98).
2. Julen Umerez (%32,94).
3. Argider Isasti (%32,94).
Bi boto txuriz (%0,18).
Hona hemen saritu guztien gaineko informazioa:
KIROLARI ONENAREN SARIA: Sara Gomez
19 urte (uztailian 20). Iazko San Silbestrian 2. (Nere Arregiren ostean). Donostiako Erregetako kros prestigiotsuan, gazte mailako garaile. Otsaila hasieran, absoluto mailako pista estaliko Euskadiko sekulako proba osatu zuen 1500 metroko lasterketan. Marka pertsonala egiteaz gain (4:58:66), Espainiako txapelketarako minima lortu baitzuen. Bere kirol ibilbideko lasterketarik onena egin zuen. Bederatzi segundu pasatxoan txikitu zuen distantziako bere marka pertsonala (5:07:30). Balentria honi esker, Martxoaren 7an Valentzian ospatu ziren Espainiako txapelketarako sailkapena lortu zuen. Bertan 12. Izan zen (5:05:72) markarekin. Espainiako txapelketan estatuko 18 onenak sailkatzen dira eta kasu askotan semi-profesionalak izaten dira.
Aurrez krosean aritua zen Espainiako txapelketetan baina pistan aurten izan da sailkapena lortu duen urte bakarra. Maiatzean Iñaki Gomezekin batera Berdintxiketan proba ere irabazu zuen. Urrian Lasarte Oriako proba herrikoia irabazi zuen junior mailan. Eta azaroan Irungo krosean 3. Izan zen promesa mailan. Aurten debuta egin du maila honetan.
TALDEKO KIROL SARIA: Izarraitz Aloña Mendi (eskubaloi senior gizonak)
Urte zail batzuk igaro ostean, 2013-2014 ilusioa berreskuratu zuen taldeak eta Euskal ligarako igoera fasea jokatzeko aukera ere izan zuen. Rafa Zuluetaren mutilek, ez zuten ametsa gauzatzerik izan, baina bizi izandako esperientziak taldea sendotu eta ilusioz jantzi zuen 2014-2015 urterako. Amaitzear dagoen urtea ahaztezina izan da guztientzat. Liga erregularrean 3. Amaitu ostean, maiatzean Oñatin jokatu zen lauko finalean igoera lortu zuen.
Eta aurten Euskal Ligan egiten ari dena txapela kentzekoa da. Lehen itzulia amaitzeko partida bakarra falta denean 3. Postuan dira liderra den Basauri taldearekin berdinduta eta denboraldi guztian partidu bakarra galdu dute. Iaz Rafa Zulueta izan zen entrenatzailea eta aurten Aitor Aranburuk (Rafaren laguntzarekin) hartu du taldearen ardura.
TEKNIKARI LANAGAITIK SARIA: Garikoitz Baños
Bizitza guztia txirrindularitzari eskainia. Gazte zela txirrindulari bezala (jubeniletaraino iritsi zen eta afizionatuetan ere lasterketaren bat egin zuen ziklista independiente gisa) eta behin ziklista izateari utzi zionetik entrenatzaile/ zuzendari lanak egin ditu Aloña Mendin. 25 urte daramatza klubean.
Era berean maila profesionaleko ziklismoan ere lan bikaina eginez, ibilbide oparoa darama. 2009an Murtziako Contempolis Ampo-n hasi zen profesionaletan, 2010ean hainbat lan independiente egin zituen talde profesional eta selekzino ezberdinekin. 2011 Caja Ruralera pasa zen eta azken 4 urteetan munduko talde onena den Movistarreko kide da. Masailari eta auxiliar lanak egiten ditu.
KIROLAREN ALDE EGINDAKO LANAGAITIK SARIA: Javier Azpiazu
Ez dauka aurkezpen handi baten bearrik. Oñatiko futbolaren eta futbolari izan garen guztion aita dela esango nuke. Donostian ikasketak egiten ari zela, hondartzan jokatzen Kontxan, lesionatu egin zen. Gehiago ez jokatzeko gomendioa egin zioten medikuek, eta horrelaxe hasi zen epaile lanak (beterano eta federatu mailako gazteenekin) eta bestelakoak egiten.
Bizitza osoa futbolari eskainia. Aloña Mendiko futbol sailean 40 urte eta 1987tik presidente gisa. Gipuzkoako Federakuntzako kide bezala 27 urte daramatza. Gipuzkoako futbol federakuntzak duela urte batzuk urrezko insignia eman zion.
AIPAMEN BEREZIAK:
Nerea Diaz
Igerilari fina. Gaztea, baina era berean txapelketa handietan aritutakoa. Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan bere adineko erreferenteetako bat izan da azken urteotan eta 15 urte soilik izanagaitik dagoeneko hiru aldiz aritu da Espainiako txapelketan. 2013an Pontevedran eta 2014 eta 2015ean Bartzelonan.
50 eta 200 bizkar probetan bi domina irabazi zituen E.H. neguko txapelketan. Lehenengoan brontzea eta distantzia luzean zilarra. Espainiako txapelketarako minima ere lortu zuen gainera 200 metroko proban.
Jokin Garai
2014 oso urte ona izan zen berarentzat. hirugarren postua lortu zuen Hiru Haundiak mendi lasterketa entzutetsuan. Era berean, bigarrena izan zen G2H proban eta garaipena lortu zuen Sobrarbeko Ultra trailean. Eta urtea borobiltzeko iazko Herritarren Saria jaso zuen.
Aurten baina ez da atzean gelditu. Euskal Herria mendi erronkan 4., eta uztailean G2H proba irabazi ostean E.H. Ultra trail txapelduna da. Kirol arloan bere bizitzako momenturik onentsuenak igarotzen ari dela aitortu du.
Alain Anton
Ustekabeko albistea jaso zuen irailean Alain Anton saskibaloi epaileak. Zazpi urteko ibilbidea darama epaile lanetan. Hasiera batean, Lehen Maila Nazionalean jarraitzekotan zen txatxikuarra beste urtebetez, baina azken orduan Espainiako Federakuntzak egindako eskaera bati esker, estatu mailako kategorietan igo zuten 29 urteko oñatiarra; EBA (espainiako 4 maila onena) eta Emakumezkoen 2. mailako epailea da irailetik.
Erostarbe familia
Jaiotzez hanketan arazo bat izatea ez da oztopo izan beraientzat. Lau anaitik hiru, bizitza guztia kirolari lotua. Jose Miguel eta Anton ziklismora eta Juan Mari hasieran pilotan eta azken urte luzeetan futbolera. Ziklismoan zuzendari lanak egin dituzte Jose Migel eta Antonek eta Juan Mari zubikoako pilotalekuko eta Azkoagain futbol zelaiko takillako arduradun lanetan ibili da (futbolean oraindik jarraitzen du).
HERRITARREN SARIA: Saioa Arkonada
Gorakada nabarmena eman du aurten mendi eta herri lasterketetan. Amatasun garaia poliki-poliki gainditu ostean, mendi lasterketa eta errepideko proba ugari egin ditu Zegaman jaioa den korrikalariak. Eta aurtengo denboraldian, sailkapeneko lehen postuetara hurbiltzeko gai dela erakutsi du. Kolazinoko mendi lasterketan bigarren, Iturberoko krosean garaile eta Usurbilgo Herri Kroseanbigarren izatea lortu zuen. Hori gutxi balitz, Zegama Aizkorri maratoia osatu du aurrenekoz (27. izan zen) eta Behobia/Donostia edota Donostiako Maratoi erdian, oñatiar azkarrena izan zen.