ok magazinea
Movistar Team taldeak bere historiako
denboraldirik borobilena osatu du 2014. urtean. Alejandro Valverde,
rankingeko ziklista onena izan da eta hori gutxi balitz, talde Nafarrak
World Tourreko sailkapeneko lehen postua ere eskuratu du. Pelotoi
profesionaleko talde onenaren plantillan, oñatiar bat topatu dezakegu;
Garikoitz Baños.
Sekulako denboraldi puska osatu du Movistar Team taldeak. Alejandro
Valverde izan da World Tourreko ziklista onena eta taldekako sailkapen
nagusian ere, guztien gainetik gelditu da. Guztira 34 etapa irabazi
dituzte Eusebio Unzueren gizonek. Ziklisten lana ezinbestekoa da
horrelako lorpen bat eskuratzerakoan, baina hauen atzetik, isilean lana
egiten duten laguntzaile eta teknikoek ere, zeresan handia dute azken
hauen errendimendu eta motibazioan. Eta lan-talde horretan Garikoitz
Baños oñatiarra aurkitzen da.
Hirugarren denboraldia taldean
Bañosek hirugarren denboraldia osatu du aurten talde Nafarrean.
Masailari eta auxiliar lanak egiten ditu eta bere esanetan bere urterik «
onena» izan da profesional mailan. «
Iaz
ere irabazi genuen taldeka World Tourra, baina aurten Giroa ere irabazi
dugu eta nik bertan egoteko aukera izan nuen. Ezin dut gehiago eskatu» dio Bañosek.
Taldeka lorturiko tituluak, jarraipena ematen dio azken urteetan
erakutsi duen nagusitasunari. Izan ere, Movistarrek iaz lehen saria
eskuratu baitzuen World Tourreko sailkapen orokorrean. Taldekako ranking
ofizialean, Movistar Team taldeak 1.440 puntu lortuz lortu du
garaipena. Estatu Batuetako BMC Racing taldea izan da bigarren (1.212
punturekin) eta hirugarren postua, Tinkoff-Saxo (1.186 puntu) talde
Errusiarrarentzat izan da.
Zenbaki ikusgarriak
Movistar taldeak bere laugarren denboraldia bete du txirrindularitza
profesionalean. Eusebio Unzuek gidatzen duen proiektuak lau urte
hauetako markarik onenak ezarri ditu aurtengo denboraldian.
Aipatu beharra dago gainera, aurten, taldearen historian aurrenekoz,
hiru asteetako itzuli bat irabazi dutela. Nairo Quintanak Italiako Giroa
irabazi baitzuen udaberrian. Garaipenak ez ezik, Movistar taldeko
ziklistak, azken zazpi itzuli handietatik bostetan, podiumean izan dira
(Vuelta 2012, Tour eta Vuelta 13, eta Giro eta Vuelta 14).
Sozialki haziz
Zenbaki hauekin, Movistar Team taldeak pelotoiko onena izateko ohorea
sendotu du zalantzarik gabe. Era berean, kirol lorpenez gain, sozialki
ere asko indartu du bere marka azken denboraldian. Izan ere, taldeak
argitaratutako ikerketan baten arabera, Movistar Team-ek sare sozialetan
zituen jarraitzaile kopurua bikoiztu egin da aurten 300.000
jarraitzailetako muga gaindituz.
Baños, Quintanari helduta Giroko etapa amaiera batean. Argazkia: Movistar Team