miércoles, 23 de julio de 2014

Gipuzkoa taldea



Gipuzkoa taldea jaun eta jabe, Sopelako Sari Nagusian

 Aitor Umerez eta Iñaki Mugarza oñatiarrak bertan izan ziren


Larunbat goizean Sopelako Udalaren Sari Nagusia jokatu zen. Afizionatu mailako txirrindularitza proba, Lehendakari txapelketarako baliagarria zen eta Jon Odriozola oñatiarrak zuzenduriko ziklistek sekulako erakustaldia eman zuten errepide gainean. Etapako garaipena ez ezik, taldekako sailkapen orokorra ere, Gipuzkoa taldearentzat izan zen.

Bizikleta gainean aritzeko baldintza eta giro ederrarekin hasi zuten proba izena eman zuten 121 txirrindulariek. 117 kilometroko ibilbide malkartsua zuten aurretik ziklistek eta proba hasieratik amaierara bitartean, Odriozolaren mutilek egunduko lasterketa osatu zuten. Lehen kilometroetan 40 txirrindulariz osatutako ihesaldi bat osatu zen eta gerora tropel honetatik irten zen eguneko garailea.

Azken kilometroetan tropel burutik salto egin eta 38 segunduko abantailarekin iritsi zen helmugara Gipuzkoa taldeko Sergio Rodriguez (2:49:44) txirrindularia. Bigarren postua Seguros Bilbaoko Xavier Pastallerentzat izan zen eta hirugarrena, Gipuzkoa taldeko Eneko Lizarralde bergararrarentzat izan zen.

Taldeka ere onenak

Arlo indibidualean Odriozolarenek egindako lan bikainari, taldekako garaipena ere gehitu behar zaio. Izan ere, etapa irabazteaz gain, taldekako sailkapen orokorra ere talde urdinarentzat izan zen. 52 segundutara gelditu zen Seguros Bilbao bigarren eta 2 minutu eta 40 segundutara Lizarte, hirugarren.

Esan, Odriozola zuzendariak taldean dituen bi txantxikuarrak eraman zituela Sopelako Sari Nagusira. Aitor Umerez 61. eta Iñaki Mugarza  67. postuan iritsi ziren helmugako arrastora. Sailkapen ofizialak [hemen].

Lehendakari txapelketako hurrengo proba, abuztuaren 9an izango da Muxikan
Gipuzkoa garaile. Odriozola, Mugarza eta Umerez oñatiarrekin. Argazkia: Rafa Etxebarria


No hay comentarios:

Publicar un comentario