lunes, 7 de julio de 2014

Brontzea Mikel Ugarterentzat, Euskadiko akuatloi txapelketan

OK MAGAZINEA

23 URTEZ AZPIKOAN, URREZKO DOMINA LORTU DU

Plentziako (Bizkaia) herriak Euskadiko Akuatloi txapelketaren edizio berri bat hartu zuen atzo goizean. Euskoman Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatutako txapelketa, sprint (2.5km-1km-2.5km) distantzian lastertu zen. Lehenik 2,5 km egin behar izan dituzte korrika, ondoren 1000 metro igerian eta azkenik, beste 2.5 km korrika. Mikel Ugarte oñatiarra, hirugarren postuan helmugaratu zen.

Modalitate berezia da akuatloia. Korrika eta igeria konbinatzen ditu eta azken urteetako emaitzak ikusirik, Oñati Triatloi taldeko kirolarien proba kuttunenetariko bat dela esan daiteke. Emaitzei dagokienean, bai behintzat. Izan ere, Andoni Correas azken urteetako gizonik indartsuenetariko bat izan da bertan. 2011 Euskadiko Txapeldun izan zen, 2012 hirugarrena eta iaz seigarren postua lortu zituen. 2013ko edizio horretan gainera, Oñatiko Triatloi Taldea Euskadiko txapeldun izan zen.

Azken urteetako emaitza horiei, atzo goizean Mikel Ugartek lortutakoa gehitu behar zaio. Oñatiko Triatleta denboraldi bikaina egiten ari da eta azken asteetan emaitza bikainak lortzen ari da. Plentzian ere, sasoiko dagoela erakutsi zuen. Izan ere azken momenturarte garaipenaren lehian ibili zen Jon Unanue eta Roberto Floresekin. Azkenean txapeldun izatetik 31 segundura gelditu zen. Helmugan, garrantzia handiko hirugarren postua (33:37) lortuz. Garaipena Jon Unanue (33:06) zarauztarrarentzat izan zen eta bigarren postua berriz, Roberto Floresek (33:30) eskuratu zuen.

Emakumezkoetan, Irati Mendia (38:24) izan zen onena. Bigarren postua Irene Loizaterentzat (38:34) izan zen eta hirugarren emakumezkorik azkarrena, Usoa Ostolaza (38:56) izan zen.

23 urtez azpikoan, txapeldun

Maila absolutoan lortutako garaikurra ez zen Ugartek atzo eskuratu zuen errekonozimendu bakarra izan. Nagusien artean lortutako brontzezko dominari, 23 urtez azpikoen mailan lortutako garaipena gehitu behar zaio. Oñatiarrak ia bi minutu atera zizkion bigarren sailkatu zen Julen Diezi.

Bestelakoan, taldekako sailkapenean, Araba-Tri (gizonezkoetan) eta Mugarra (emakumezkoetan) izan dira aurtengo txapeldunak. Sailkapen ofizial guztiak [hemen].
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario