jueves, 10 de julio de 2014

Mikel Ugarte: "Modalitate gogorra da akuatloia, momentu oro topera joan beharra dago"


 OK MAGAZINEA.
Astelehenean aurreratu genuen bezala, Oñati triatloi taldeko Mikel Ugartek, brontzezko domina eskuratu zuen igandean jokatu zen Euskadiko Akuatloi txapelketan. Maila absolutoko emaitza horrez gain, 23 urtez azpikoen kategorian, urrezko domina irabazi zuen. Atzo eguerdian, asteburuan lorturiko emaitzaren balantze bat egiten izan zen Oñati Irratian.

Ugarte, denboraldi bikaina gauzatzen ari da. Euskal zirkuituko hainbat probetan, aurreneko postuetan ibili da eta triatloian, euskal zirkuituko bigarren atleta onena izatera ere iritsi da. Dena den, azken asteetan proba batzuetan parte hartzerik izan ez duenez, postu hori galdu egin du. Baina hori gutxienekoa da Mikelentzat. "Egia esan, zirkuituko sailkapenarekin ez dut itsutzerik nahi. Polita da lehen postu horietan egotea, baina nik probaz-proba joan nahi dut eta helburua gozatu eta ikasten jarraitzea da".

Hasiberria mundu honetan

Gogoratu beharra dago Ugarte eta Triatloiaren arteko erlazioa hasi besterik ez dela egin. Iaz egin zuen debuta duatloi eta triatloietan eta kirol honetan sartu den lehen momentutik, emaitza bikainak lortzen ari da. Euskal zirkuituan kontutan hartu beharreko kirolaria dela erakutsi du. 23 urtez azpikoen mailan ez ezik, maila nagusiko oilarren artean ere, murgiltzen hasi baita azken asteotan. Hor daude adibidez, duela aste batzuk Santurtzin lorturiko hirugarren postua eta pasaden igandean, Euskadiko Akuatloi txapelketan lorturiko emaitza.

"Igandeko esperientzia berria izan zen niretzat. Azken momentuan animatu nintzen eta egia esateko oso lasterketa zorrotza iruditu zitzaidan. Lehen momentutik topera joan behar den horietakoa". Emaitzarekin gustora gelditu zela onartu bazuen ere, lehen bi salikatuak hain gertu ikusi izanak ere, arantza txiki bat utzi diola esan zuen.

Etorkizuna zehazteke

Hemendik aurrerakoak zehaztu gabe ditu Mikelek, baina uztaila eta abuztuan entrenatzen jarraitu nahi duela adierazi zuen. Izan ere, irailean Euskadiko triatloi txapelketa jokatuko da Zumaian eta posible bada, sasoiko iritsi nahi du proba horretara.

Hemen daukazue Mikelekin egindako elkarrizketa osoa entzungai:
Mikel Ugarte, igandeko korrika saioan. Argazkia: Iban Perez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario