Nazioarteko trikitixaren erakusleihoa
SOINU TXIKIAN OINARRITUTAKO X.JAIALDIA GAUR HASIKO DA ANDOAINEN ETA ASTEBURU OSOAN OÑATI GIROTUKO DU
ANABEL DOMINGUEZ - Viernes, 28 de Octubre de 2011 - Actualizado a las 05:48h
TRIKITIXA izango da jaun eta jabe asteburu honetan Oñatin. Euskal Herriko trikitilari onenez gain, Irlanda, Gaztela Leon eta Okzitaniako musikariek kolorez jantziko dute bihar eta etzi ospatuko den X. Nazioarteko Trikitixa Jaialdia. Urteroko formatuari jarraipena emateko, "kanpoko estilo eta moduak ezagutzera ematea eta hemengoa plazaratzea dira helburu nagusiak", zehaztu zuten Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko (EHTE) arduradunek. Motorrak berotzen joateko, gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean igandean Oñatin errepikatuko duten emanaldi erraldoiarekin gozatzeko aukera egongo da, 22.00etatik aurrera.
Soinu txikia munduko hamaika txokotan jotzen da eta molde horiek erakusteko asmoarekin bultzatu zuten ekimen hau. "Instrumentu honek Italian du jatorria; XIX. mende bukaeran ekarri omen zuten Euskal Herrira Iparraldeko trenbidea egitera Alpeetatik etorritako langileek", zehaztu zuten antolakuntzatik.
Beraz, Europako eta Ameriketako hainbat herritan ere entzuten da eskusoinua eta aldaera horiek guztiek bere lekua izan dute jaialdi honen ibilbidean zehar.
IZEN HANDIKOAK
"Harro egoteko modukoa"
Trikitixa sustatzea da beste helburuetako bat eta, ildo horretan, azken urteotan Oñatin hartu duen indarra ikusita EHTEk herri hau aukeratu du festa burutzeko, beti ere Lizargarate Trikitizale elkartearen laguntzarekin. Jaialdiarekin batera, solasaldi musikatuek, kalejirek, tabernetako emanaldiek eta herri afariak bere lekua dute prestatutako egitarau berezian.
"Euskal Herriko Trikitixa elkartekoek gurekin elkarlanean jaialdi hau antolatzeak zerbait esan nahi du, orain arte abian jarritako ekin-tzak oso ondo egin ditugun seinale baita. Oñatira etorriko diren musikariak izen handikoak dira eta hori guretzako harro egoteko modukoa da", azpimarratu zuen Lizargarateko kide den Iñigo Irazabalek. Dena den, horrelako ekintza kultural bat prestatzeak "esfortzu handia suposatzen du eta dena ondo irteteko gogo horrek ardura bat du", gaineratu zuen Irazabalek.
Egitarautik "dena" nabarmenduko luke Irazabalek, Andoaingo jaialditik hasita. "Larunbat goizeko workshopak interesgarriak dira, hainbat estiloko musikarien joerak ezagutzeko parada goxoa egongo baita. Ilunkaran, Umerez eta Pako tabernetako saioak bikainak izango dira, eta herri afarian soinu hotsa alde guztietatik entzungo denez hitzordu gogoangarria izango den premisa guztiak ditu. Asteburua elkarrekin igarota, igandeko jaialdian giro berezia sortuko dela uste dugu", adierazi zuen Irazabalek.
Herri osoarentzako jai irekia izatea nahi dute. Beraz, ekitaldietan "parte hartzeko eta ongi pasatzeko" deialdia luzatu dute. Izan ere, Euskal Herriko eskarmentu handiko trikitilariak elkartuko dira bi egunetako hi-tzorduan, horien artean, Tapia, Leturia -azken bi horiek gaur egun elkarrekin ikustea zaila da-, Izer, Laja II, Narbaiza, Elustondo anai-arrebak, Jon Ostolaza eta Mikel Alkorta.
Festa giroan murgilduko dira bihar. Horretarako, 400 lagunen-tzako tokia izango duen afari herrikoia egingo dute Zubikoa pilotalekua. Ondoren, erromeriak hartuko du lekukoa.
GAZTELA LEON, OKZITANIA ETA IRLANDA
Baita hemengo aurpegiak ere
Gaur Andoainen (22.00etan) eta etzi Oñatin (17.30ean Zuazola institutuan) soinu txikia eta biolina izango dira ardatzak. "Euskal Herrian trikitixak normalean panderoa izaten du alboan; jaialdi honetarako, berriz, espresuki bildutako zenbait bikote edo talde izango dira en-tzungai", azaldu dute EHTEkoek.
Okzitaniako Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie -estilo berritzailea duela diote-; Irlandako Stephen Doherty eta Patrick Doocey eta Gaztela Leoneko Jorge Arribas eta Diego Galan igoko dira taula gainera.
Hemengo aurpegiak ere protagonistak izango dira. Txus Aranburuk, Arkaitz Minerrek, Gari Otamendik, Jokin Otamendik eta Iñaki Otegik dantzaldi gidatuak egiteko sortutako Arrabots taldea, eta Jon Ostolazak eta Juan Arriola mendaroarrak osatutako bikotea izango dira agertokian. Kontzertuak borobiltzeko, Ines Osinagak (Gose), Maixa Lizarribarrek eta Maitek ikus-entzuleei euren saioa eskainiko diete.