lunes, 14 de julio de 2014

Iokin Garai: "Sekula ez nuen pentsatuko, horrelako denboraldia egiteko gai izango nintzenik"

BIGARREN POSTUA LORTU DU ASTEBURUAN G2H MENDI LASTERKETAN

Ostiralean hasi eta larunbata bitartean, Ehunmiliak eta G2H mendi lasterketa entzutetsuaren V. edizioak lehiatu dira. 18:00etan abiatu ziren Ehunmilak probako lasterkariak; Goierriko Bi Handietan parte hartu zutenek berriz, 23:00etan hasi zuten beraien erronka gogorra. Lehena, 168 kilometroko proba zen eta G2H lasterketak berriz, 88 kilometroa. Azken honetan Iokin Garai oñatiarrak, bigarren postua lortu zuen.

Denboraldi amaiera bikaina osatu du mendi lasterkari oñatiarrak. Urte hasieran proba motzetan zentratu bazen ere, azken asteotan distantzia luzeko lasterketetan murgilduta ibili da. Eta lortutako emaitzei begira jarriz gero, badirudi "ultra" deritzon proba hauetan ematen duela bere onena Garaik. Azken asteetan podiumetara igotzeari gustoa hartu dio Jokinek. Asteburuan, G2H podiumeko bigarren postura igotzeko aukera izan zuen.

Denboraldi amaiera bikaina

Larunbatekoa denboraldiko azken proba izan zen  Iokinentzat. Proba hasi zuenetik garbi zeukan, bere betiko maila emateko gai bazen, lehen postuetan ibiltzeko aukera izango zuela. Eta bere hitza beteta, lasterketa irabazteko aukerekin izan zen azken unera arte.

Lasterketa oso azkarra izan zen. Proban zehar lehen postuetan ibili zen momentu oro eta azken hamar kilometrotara Pedro Etxeberria zumaiarrarekin iritsi zen lasterketa buruan. Atzean uzteko ahalegina ere egin zuen, baina erritmo aldaketek ez zuten eragin handirik izan. Gainera zoritxarrez, azken 6 kilometroetan garesti ordaindu zuen aurrez eginiko saiakera horiek.

Etxeberriak egindako erritmo aldaketa gogor bati erantzun ezinda gelditu zen eta azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Garaipena, Pedro Etxeberriarentzat izan zen (10:41:29). Iokin izan zen bigarrena (10:44:52) eta podiumeko hirugarren postua, Nuno Mendesentzat izan zen (10:52:47). Esan, Etxeberriak probako errekor berria ezarri zuela larunbatean. Sailkapen ofizialak [hemen].

Gaur goizean, Oñati Irratiko kirol tartean elkarrizketatu dute Garai. G2H lasterketa eta orokorrean denboraldian egindako lanari buruz hitzegin du. Hemen daukazue entzungai:

Iokin G2H podiumean

Iker Agirrebalzategi Ehunmiletan

Bestalde, eguneko proba nagusian, Javi Dominguez (23:29:10) eta Silvia Trigueros (28:48:23) izan ziren azkarrenak. Ehunmilak eta G2H lasterketen artean, 657 korrikalari batu zituen aurtengo edizioak. 168 kilometro luze zituen proba nagusi honetan ere, izan zen oñatiarrik. Iker Agirrebalzategik proban zehar zailtasun ezberdinak izan bazituen ere, proba 54. postuan amaitzea lortu zuen (34:32:02). Aipatzekoa da Agirrebalzategik, edizio guztietan parte hartzeaz gain, amaitzea lortu duela.

Bestalde, Alberto Larreak ere ehunmiletan parte hartu zuen. Baina zoritxarrez, 78 km inguruan (Tolosan) lasterketa utzi behar izan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario