jueves, 17 de diciembre de 2015

OÑATIKO ZIKLOKROSA 2015

2015-12-17 20:38:58
VI. EDIZIOA IAZ BEZALA, URRUTXUN EGINGO DA
Sei oñatiar ariko dira igandeko ziklo-krosean
Iritsi da beste urtebetez, lokatz gaineko txirrindularitza maite dutenen urteroko zita. Igande goizean Oñatiko ziklo-krosaren VI. edizioa ospatuko da eta iaz bezalaxe, Urrutxuko auzoan (hilerri ondoan) atondu dute zirkuitua Aloña Mendiko lagunek. Izen ematea azken egunerarte zehaztuko ez den arren, antolakuntzak jakinarazi duenez aurtengoan, sei herritar izango dira etxeko ziklo-krosean.

Lokatz gutxiko denboraldia daramate Euskal Herriko zirkuituan ari diren ziklistek. Azken asteetako tenperatura goxoen eraginez, gure inguruetako zelai eta soroak nahiko lehor daude. Euri falta agerikoa da eta aurten beste era bateko ziklo-krosa ikusten ari garela diote adituek. Zalantzarik gabe iaz baino lokatz gutxiagoko proba izango da igandekoa eta ziklistek eskertuko dute. Bestelakoan, «berritasun handirik gabeko» edizioa izango dela jakinarazi zuen atzo Oñati Irratian, Kepa Umerez txirrindularitza saileko presidenteak.

Iaz bezala Urrutxu, San Bartolome eta Goribar Goitiko lursailen artean ariko dira ziklistak eta antolatzaileek, bihar eta larunbata bitartean amaituko dituzte muntaketa lan guztiak. Goribar Goitiko aldean egongo da zirkuitoko punturik gogorrena, gora-behera handi xamarra baitago bertan eta seguruenez, hori izango da lasterketako punturik ikusgarrienetariko bat. Gainerakoan, Urrutxuko zonaldean batez ere, ibilbide laua eta teknikoa izango da.

Sei oñatiar

Kepa Umerez Aloña Mendiko txirrindularitza saileko presidentea, Oñati Irratian izan zen atzo eguerdian. Igandeko lasterketaren azken ordua eman zuen eta besteak beste, proban parte hartuko duten oñatiarren zerrenda ere jakinarazi zuen. Kadete mailan, Ander Blazquez eta Garazi Erostarbe; gazteetan Ekaitz Txintxurreta, Andoni Igartua eta Ander Gartzia; eta Master 50 taldean, Andoni Gartzia izango dira gure ordezkariak.

Lasterketak 10:00etan hasiko dira. Lehenengo saioan kadete mailako txirrindulariek parte hartuko dute; neskak eta mutilak. 11:00etan gazte mailakoen txanda izango da. Lasterketa berean esan, elite mailako neskak ere irtengo direla. 12:00etan berriz, master 30, 40, 50 eta 60 mailakoen txanda izango da eta azkenik, 13:00etan, elite eta 23 urtez azpiko mutilen lasterketak itxiko du egitaraua.

Trafiko mozketak

Bestalde, Umerezek beste ohar garrantzitsu bat ere eman nahi izan zuten atzoko elkarrizketan. Probaren ondorioz 09:00etatik eguerdiko 14:30 arte, Urrutxuko zonaldea trafikorako itxita egongo dela adierazi zuen eta bertan egongo den auto pilaketaren ondorioz, oñatiarrei zirkuitura oinez hurbiltzeko eskaera egin nahi izan zien.

Hauteskunde eguna izanik, auzotar ugarik herrigunera jeitsi beharko dute bozka ematera eta azken hauei eragingo die batez ere bide mozketak. Barkamena eskatu eta jakinarazpena zabaldu dutela esanez, bide alternatiboak erabiltzeko gomendioa zabaldu zuen Umerezek.

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Garazi Erostabe izango da Aloñako ordezkarietako. Argazkia: Endika Oregu

No hay comentarios:

Publicar un comentario