miércoles, 9 de diciembre de 2015

Gipuzkoako junior selekzioak, Euskadiko txapeldun

OK MAGAZIN
2015-12-09 10:58:31
AITOR UGARTE OÑATIARRA, GIZONEZKOEN TALDE TEKNIKOKO KIDEA IZAN DA
Gipuzkoako junior selekzioak, Euskadiko txapeldun
Beasaingo Antzizar kiroldegiak junior mailako Euskadiko saskibaloi txapelketak hartu ditu abenduko zubian zehar. Larunbatean hasi eta astelehena bitartean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako emakumezko zein gizonezko selekzioen neurketak ikusi ahal izan dira eta bi kategorietan, Gipuzkoako ordezkariak izan dira onenak. Aitor Ugarte Aloña Mendiko entrenatzailea, gizonezkoen selekzioko talde teknikoko kide izan da.

Larunbatean hasi eta astelehena bitartean, saskibaloi festa ederraz gozatu ahal izan dute Beasainera hurbildu diren saskibaloi zaleek. Gazte mailako Euskadiko selekzioen arteko txapelketa izan da bertan eta hiru egunez, goi mailako partidak ikusi ahal izan dira Antzizar-ko kantxa gainean. Selekzio guztiek jokatu dituzte bina partida eta emaitza guztiak kontutan hartuta, Gipuzkoarrak izan dira txapeldun gizon zein emakumezkoetan.

Txapelketako lehen partidan, emakumezkoen selekzioa erraztasunez gailendu zen Arabako selekzioaren aurka (48-86). Mutilen kasuan, zailtasun gehiagorekin, baina hauek ere, garaipena (57-63) lortu zuten arabarren aurka. Partidan zehar markagailuan alde nabarmena izan arren, arabarrek ongi erreakzionatu zuten aldeak murriztuz. Baina azken minutuetan ongi landutako defentsarekin Comedadorren mutilek garaipena poltsikoratu zuten.

Igandean, Bizkaiko eta Arabako selekzioak leihatu ziren, bakoitzak garaipen bana lortuz. Mutilen kasuan arabarrentzat izan zen garaipena (66-61) eta emakumezkoetan berriz, Bizkaiak eraman zuen partidua (54-66).

Txapelketako azken jardunaldian -astelehenean- Gipuzkoako selekzioek garaipena lortuz gero, txapelketa irabaziko zutela bazekiten. Minutu batzuetan sufritu egin bazuten ere, partidako garaipenak eta honenbestez tituluak, Gipuzkoara ekartzeko gai izan ziren bi selekzioak. Gizonezkoek, 68-76 menperatu zuten Bizkaiako taldea eta emakumezkoen kasuan, 51-56 izan ziren nagusi Eneko Landaren neskak.

Bi oñatiar txapelketan

Jokalarien artean, ez da oñatiarrik izan txapelketan. Baina talde tekniko eta epaileen artean, bi ordezkari izan ditugu Euskadiko txapelketan. Aitor Ugartek esaterako, Gipuzkoako gizonezkoen talde teknikoan laguntzaile lanak egin ditu. Bi urte daramatza Ugartek selekzio honetako kide gisa.

Era berean, esan beharra dago txapelketan Alain Anton epaile oñatiarrak ere, hainbat partida zuzentzeko aukera izan duela. Anton Espainiako federazioko epailea da gaur egun, eta azken urteotan ohikoa izan da harrobiko Euskadiko txapelketetan.

Gipuzkoako selekzioak txapeldun izan dira. Argazkia: www.fgbaloncesto.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario