viernes, 21 de enero de 2011

Bazkide eta langileekin batera ospatuko du Ulmak 50. urteurrena

2011 urte berezia da Ulmarendako. Izan ere, 50. urteurrena beteko du. Hori horrela, urtean zehar, mende erdia ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dituzte, orain arteko bidea gogoratu eta etorkizuna eraikitzen hasteko. Urte garrantzitsua da 50 urteko historian, modu batera edo bestera, Ulmarekin zerikusia izan duten pertsona guztiendako.

Ekonomia eta finantza krisia nagusi den honetan, Ulmaren zati inportante izan diren pertsona guztiei eskerrak emango dizkiete ospakizunetan: egungo langileei eta bezeroei eta Ulma proiektua garatzen lagundu duten guztiei.


Txokolate industriaren baitan


Oñatiko hainbat enpresetan lehenengo greba saiakerak eragiten zituzten gizarte gabezia handiko garaiekin bat eginez, gazte batzuek orduan ekin zioten euren enpresa ibilbideari, Talleres Ignacio Maiztegui izeneko lokal zahar batean. Garai hartan pil-pilean zegoen txokolate industriara zuzendutako mantentze lanak eta lan osagarriak egiteko asmoz hasi ziren. Urte batzuk beranduago, 1961ean, enpresa hura Talleres Ulma SCI kooperatiba bilakatu zen.
Une berean, Forjas de Zubillagako lau langilek sarrailagintza eta osagarrien tailer bat hartu zuten lanean Oñatin jarraitzeko asmoz, aipatu enpresak bere jarduera Azkoitira lekualdatu ondoren. Garai hartan balkoi, metalezko ate eta hainbat produktu forjatu egiten hasi ziren. Pixkanaka enpresa handitzen joan zen eta 1962an ofizialki eratuko zen kooperatiba, Gaitu SCI izenarekin.
Geroago, 1984an, Euskadiko Kutxaren Enpresa Dibisioaren sustapen modura Oiñakar S. Coop. sortu zen, Orga Jasotzaileen Negozioa sustatzeko. MITSUBISHI enpresa japoniarrarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker abian jarri zen enpresa eta bere jarduerari ekin zion. Enpresa Oñatin kokatzea erabaki zen Chocolates Loyolaren desagertzea konpentsatzeko asmoz. 1987an Oiñakar Oñalan Taldearen partaide izatera pasako da –gerora Ulma Taldea izango dena–, eta kooperatibak bere negozioa zabalduko du Daifuku enpresa japoniarrarekin biltegi automatikoak merkaturatzeko sinatutako lankidetza hitzarmenari esker.Handik aurrera, negozio gehiago sortu zituzten Ulmaren barruan. Egun, zortzi negozio ditu: Ulma Agricola, Ulma Orga Jasotzaileak, Ulma Piping, Ulma Construccion, Ulma Hormigon Polimero, Ulma Packaging, Ulma Handling Systems eta Ulma Conveyor Components, hain zuzen ere.


"Ilusio handiarekin"


Hazi hura enpresa talde garrantzitsu bilakatu da egun, nazioarteko esparruan sektore ezberdinetan dabiltzan hainbat negozio batzen dituena. Garai hartan Oñatin izandako lan-baldintza gogorrei eta lana aurkitzeko aukera urriei esker, gazteok euren bideari ekin zioten Arrasaten hasitako kooperatibismo ingurunearen barruan. Laneko egoera zailei irtenbidea emateko gai izan ziren. "Ilusio handia" zuten gizartea aldatzen laguntzeko eta gertuko ingurunea hobetzeko. Orduan zituzten gizartearekiko konpromisoak partekatu zituzten eta kooperatibaren babesean gaur arte iraun dute.


Zailtasunak


Beharrezkoa da beti nondik gatozen gogoratzea, nora goazen jakin dezagun. Premisa horrekin egin zuten lan. 50 urteotan atzera begiratuz gero, Ulmaren ibilbidean zailtasun asko ikus daitezke. Kolpeak sufritu zituzten, baina horietatik guztietatik indartuta atera dira.
Erronka askori egin diete aurre Ulmakoek. 1970eko hamarkadaren hasierako urteetan krisi gogor batek astindu zuen ekonomia, eta eragina izan zuen Euskal Herriko gizartean, eta baita Ulman ere. Aurrerago, 1980ko hamarkadan euskal industriak birmoldaketa sakona bizi izan zuen, hamarkada erdialdean Ulmaren garai nahasiarekin bat egin zuena.


Enplegu kopuru handiena


Ulmako kolektiboak, langileek eta bazkideek, asko sufritu dute 50 urteotan. Bazkideek proiektu komuna izan dute, eta gai izan dira beti, elkartasunez eta lanaren bidez, sortu izan zaizkien arazoei aurre egiteko, betiere norberaren esfortzua taldearen onurarako bideratuta. Hori da Ulmaren baliabideetako bat.
Izaera ekintzaile eta laguntzaile hari esker, 1990eko hamarkadaren bukaeran Oñatin inoiz egon den enplegu kopuru handiena lortu zen.
Lanarekin eta esfortzuarekin, eta bost hamarkadaren ostean, izaera propioa eman dioten balio kooperatibo batzuk barneratu ditu Ulma Kooperatiba Taldeak.
50 urteko ibilbidean, eta herriko garapenean eta lanaren sorreran izandako garrantzia ikusita, Ulma erreferentzia bilakatu da Oñatin. Besteak beste, ingurunea eta oñatiarren ongizatea hobetzen lagundu du.GOIENAtik

No hay comentarios:

Publicar un comentario