"Txinan tradizio handia du sokatirak; unibertsitate mailan txapelketak dituzte"
2011-01-28 06:00:00 Xabi Urzelai
Jone Elortzak (Oñati, 1974) sari bikoitza jaso zuen joan den egubakoitzean, DKSren ekitaldian. Batetik, Oñatiko Udalarena, eta bestetik, emakumezko onenaren saria ere jaso zuen. Iaz Gasteizko Badaiotz sokatira taldearekin Cesenaticon (Italia) egon zen, Munduko Sokatira Txapelketan, eta finalera iritsi ostean Txinako talde batek kanporatu zituen. Orain, denbora batean atseden hartzeko asmoa duela adierazi digu.
Zer egiten du oñatiar batek Gasteizen, eta sokatiran?
Hamaika urte nituela Oñatitik Gasteizera joan ginen bizitzera, eta hango lagunekin batera hasi nintzen sokatiran. Hasieran denborapasa bat baino ez zen, baina ondoren serioago hasi ginen, Badaiotz sokatira taldean.
Ikastetxean sortutako taldea zen? Unibertsitatean?
Berez, Gasteizen beharrean Gasteiz inguruan dauden herritxoetan ibiltzen ginen sokatiran. Hamasei urte inguru nituela hasi nintzen sokatiran, baina ez zuen ikastetxearekin zerikusirik. Ondoren, unibertsitatean ikasten zebiltzan gazteak etorri zitzaizkigun taldera.
Selekzio moduko bat da zuen taldea, arabarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, nafarrak...
[Barre] Bai, taldekide asko unibertsitate sasoian zeudenean etorri zirelako taldera, eta ikasketak amaitu zituztenean euren sorterrira itzuli zirelako. Horregatik da gaur egun horren zaila entrenamenduak egin ahal izatea, jendea urrunetik joan behar izaten delako Gasteizera, entrenatzera.
Euskal Herri mailan, ze egoeratan dago sokatira?
Orain ez dago momentu onenean. Aurreko urteotan zazpi-zortzi talde ibili izan gara, baina orain lau talde baino ez daude lehian. Araban, esaterako, lehen hiru talde geunden, eta orain bakarra gaude.
Gizonezkoetan egoera apur bat hobea da, zortzi talde inguru ibiltzen dira lehian, baina Badaiotzen, esaterako, gizonezkoen taldea desagertu egin da. Hain zuzen, jende gutxi dabilelako zortzi tiratzailez osatutako taldeak egin beharrean, lauko taldeekin hasi dira saioak antolatzen.
Txapelketak horren talde gutxiren artean egitea ez da motibagarriena izango.
Horrek amorratzen gaitu gehien. Gogor entrenatzeko asmoa duenak gero ez du saririk jasotzen, zertarako horrenbeste esfortzu? Hori da gure buruari egiten diogun galdera. Aurten, esaterako, ez dagoenez aparteko txapelketarik, eta lasai ibiltzeko asmoa dut. Datorren urtean, berriz, Munduko Txapelketa izango da berriro ere [Eskozian] eta baliteke horrek urtea seriotasun handiagoarekin hartzeko balio izatea.
Oraingoz munduko azpitxapeldunak zarete. Zelako txapelketa izan zen Italiakoa?
Guztira bost egun egin genituen Italian, eguaztenetik domekara arte. Hor taldekako eta selekzioen arteko kategoriak egoten dira, eta guk taldekakoan hartu genuen parte. Guztira zortzi edo bederatzi talde ginen: euskaldunak, japoniarrak, irlandarrak, holandarrak, Zeelanda Berrikoak... Finaleraino sailkatu ginen, eta ordurako bai gu eta bai txinatarrak, beste finalistak, leher eginda geunden. Bi taldeen artean ez zegoen alde handirik, ez zuten gu baino indar askoz gehiago, baina hobeto eutsi zioten azken saio horri.
Zelakoak ziren txinatarrak? Hemen ezagutzen ditugun gehienak ez dira gorpuzkera handikoak.
Ez pentsa, ez ziren handiak, baina izter ederrak zituzten, indartsuak ziren. Hauek Taipeikoak ziren eta han unibertsitatean bertan sokatira taldeak dituzte, eta kultura handia eta talde mordoa dago kirol horren inguruan.
Aurrez pentsa genezake sokatira Euskal Herrian sortutako kirola dela, herri kirolen barruan kokatzen dugu, baina kirol jarduera unibertsala da.
Bai. Diotenez itsasoarekin harreman zuzena duen kirol jarduera da; itsasontzi edo txalupetatik tira egiten zuten lekuetan sortu zen kirol jarduera hau, horrenbestez, ez da hemen bakarrik praktikatzen.
Zer behar da sokatiran ondo egiteko?
Hasieran pentsa genezake indar handia behar dela, baina garrantzitsuagoa da teknika landua izatea. Eta, adinarekin galtzen joan beharrean hobera egiten da kirol honetan, geroago eta esperientzia handiagoa batzen dugu-eta. Nik 50 urteko emakumezkoak ikusi izan ditut sokatiran.
Kirol gogorra da?
Apur bat bai, sufritzen ikastea ezinbestekoa delako. Saihetsetan hartzen dugu min, soka bertan kokatzen dugulako. Kanpotik badirudi besoekin egiten dugula lan, baina bizkarra erabiltzen da gehien. Eta noski, eskuak urratu egiten dira.
ARGAZKIA:Jone Elortza oñatiarra.
viernes, 28 de enero de 2011
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario