2011-01-31 10:51:06 Mireia Bikuña
Udaleko Gizarte Zerbitzuak 45 urtetik gorako emakumeendako tailerra antolatu du. 16 emakumek hasi zuten ikastaroa hilaren 24an Amaia Aldama eta Edurne Izagirre psikologoen aginduetara. Biokin egin dugu berba.
Zer lantzen diharduzue?
Tailerraren izenburua da Komunikazioa eta ekologia emozionala. Tailerrean erabiliko dugun materiala atalka banatu dugu. Horietako baten komunikazioa bera landuko dugu; hau da, pertsonen artean izaten den komunikazioa aztertuko dugu. Tailerra erabat teorikoa izango da. Guk saio bakoitzean teoria emango diegu, eta etxerako lanak eroango dituzte. Eman diegun teoriaren gainean hausnarketa egingo dute eta adibideak ekarri beharko dituzte. Finean, tailer teorikoa da, baina parte-hartzailea. Oraindik zortzi saio geratzen zaizkigu: otsailaren 7an eta 21ean, martxoaren 7an eta 21ean, apirilaren 4an eta 18an eta maiatzaren 2an eta 16an.
Laugarren urtez diharduzue halako ikastaroak ematen. Parte-hartzaileek errepikatu egiten dute?
Bai. Gurekin dauden batzuek lau ikastaroak egin dituzte. Beste batzuk, aldiz, berriak dira. Baina, egia esan, urtez urte, erantzun ona jaso dugu. Aurten, adibidez, 16 emakumek eman dute izena, baina zortzi bat kanpoan geratu dira.
Nork erabakitzen ditu gaiak?
Guk planteatzen ditugu gaiak. Urtez urte aldatu egiten ditugu, eta, oraingoz, harrera ona izan dute.
Aurretik autoestimu ikastaroa egin duzue.
Tailer honen aurkezpena egin zutenean autoestimu ikastaroa zela esan zuten, baina ez dugu autoestimua landuko. Azken lau urteotan egin ditugun tailerretan gai ezberdinak landu ditugu, eta guztietan egin dugu berba autoestimuari buruz. Baita oraingoan ere. Dena den, guk autoestimua baino gehiago, autonomia lantzen dugu. Nork bere irizpideak sortzen hastea, eta horietatik ikastea: gizarteak jartzen gaituen eragozpenetatik haratago nork bere burua entzun eta horren arabera ekin.
Bederatzi saio egingo dituzue. Ze helburu lortu gura dituzue?
Tailerra bukatzeko saio praktikoa egingo dugu. Pelikula bat ikusiko dugu aurreko saioetan teorian landu duguna ikusteko. Finean, aurrerago egingo ditugun saioetan landuko duguna egunerokotasunean baliagarri izatea lortu behar dugu. Guk ez dugu psikologia ulertzen teoria abstraktu bezala.
Gure metodologia tailerrean dauden emakumeen esperientziekin partekatu gura dugu.
Tailerra aberasgarria da emakumeendako. Eta zuendako?
Baita ere. Azken finean, eurek ekarpen asko egiten dituzte. Ez ditugu euren esperientzia pertsonalak lantzen, ez dugulako terapiarik egiten. Landutako teoriarekin bat egin dezaketen ikuspuntu ezberdinak ekartzen dituzte. Eta eurak gustura badaude, gu ere askoz motibatuago egoten gara gaia topatzeko eta prestatzeko orduan. Saiatzen gara adibideak topatzen: liburuetan, pelikuletan... gero eurei azaltzeko. Bi aldeen artean hartu-eman sendoa sortzen da. Gainera, euretako batzuk lehen tailerretik dauden gurekin, eta elkarrekin eboluzio bat izan dugu.
Egia esan, oso gustura etortzen gara Oñatira. Oso ondo hartzen gaituzte. Eta eurak ere oso pozik egoten dira, kontzeptu berriak ikasi dituztelako.
ARGAZKIA:Edurne Izagirre eta Amaia Aldama psikologoak
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario