lunes, 24 de enero de 2011

Miguel Angel Kortabarria

Miguel Angel Kortabarria: "Orduan abiarazitako zerbitzuak eta proiektuak martxan daudela ikustea da gehien betetzen nauena"


2011-01-27 10:30:00 Mireia Bikuña
Miguel Angel Kortabarria Sarramendi (Oñati, 1950) Euskadiko Ezkerra alderdiko zinegotzia izan zen 1983. urtetik 1995. urtera. Hiru agintaldi egin zituen udaletxean. Garain hartan egin zituzten Santa Anako lanak, musika eskola eta Txantxiku Ikastola, besteak beste. Eli Galdos eta Angel Iturbe alkateekin lan egitea egokitu zitzaion. "Oroitzapen eta lagun onak" gordetzen dituela esan digu.

12 urte egin zenituen zinegotzi. Ordu asko politikarendako.


Bai, asko. Baina horretaz jabetu nintzen zinegotzi lana utzi ondoren. Ordu hartan dinamika baten barruan sartuta nengoen, eta denera heltzen nintzen. Noski, etxekoekin egoteko denbora gutxi izan nuen.


Oroitzapen onak dituzu?


Bai, orokorrean bai. Oroitzapen onak eta lagun onak. Ez nuen eztabaida handirik izan inorekin. Hiru agintalditan pertsona asko ezagutu nituen, kolaboratzaile asko... Horrek guztiorrek, asko aberastu ninduen.


Nola heldu zinen Euskadiko Ezkerreko zinegotzi izatera?


Etxean ez genuen politikarako zaletasunik, baina Euskadiko Ezkerra alderdian sartu nintzen. Alderdi berria zen, eta demokraziako lehen hauteskundeetara aurkeztu arren, ez genuen zinegotzirik lortu. Bigarrenean eta hirugarrenean, bai.


Zure alderdiko zinegotzi bakarra izanda, gainerako zinegotzien babesa izan zenuen?


Etapa ezberdinak izan genituen udalean. Lehen agintaldian oposizioan egon ginen, eta ez genuen ardura larregirik. Bigarren agintaldian EAJk ez zuen gehiengo absolutua lortu, eta gobernua osatzeko negoziatu egin zuten gurekin. Hori horrela, kultura eta kiroletako batzorde buru izan nintzen. Egia esan, gustura egon nintzen. Kontuan hartu behar dugu, garai hartan egiten zen politika ez zela egungo bezalakoa. Herritarrek zuzenean parte hartzen zuten. Hartu-eman estua zuten politikariekin: euren ideiak proposatuz, batzordeetan parte hartuz...

Bi alkaterekin egin zenuen lan: Eli Galdos eta Angel Iturbe. Nola gogoratzen dituzu?


Eli politiko peto-petoa zen. Haren ezaugarri nagusiena zen Oñatiren alde edozer gauza egiteko zuen prestutasuna. Alkate ona izan zen. Oinarrizko zerbitzu asko abian jarri zituen: kiroldegia, kultura etxean, ikastola...
Angelekin agintaldi bakarra egin nuen, pertsona jatorra zen eta egun ere bada. Hizketarako abilezia zuen.


Zeintzuk dira zinegotzi izandako urteetan egindako lanik aipagarrienak?


Zerbitzu asko martxan jarri genituen; besteak beste, kiroldegia inauguratu genuen, Santa Ana birmoldatu genuen antzoki izateko eta ikastola egin genuen. Kultura etxea, musika eskola, igerilekua... Dena den, gehien betetzen nauena da, orduan abiarazitako proiektu eta zerbitzu guztiak, egun martxan daudela ikustea. Kultura eta kirol batzordetan lan asko egin genuen, eta orduan ereindako haziaren emaitzak, begi bistan daude.


Arantzaren bat?


Ez. Politika utzi ondoren, agian pentsatu izan dut proiekturen bat beste modu batera egin behar genuela...


Nola ikusten duzu Oñati?


Ondo. Herri dotorea daukatu, zerbitzu onekin, eta urbanistikoki itxura ederra du. Komunikazioa da daukagun gabezia handiena. Agian, gauden lekuan gaudelako izango da. Asko egiteko dago, baina azkenaldian hobekuntzak egon dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario