lunes, 10 de enero de 2011

Oñatiko "zuloa" filmatu zuten zapatuan rallyan

Oñatiko "zuloa" gaitzat hartu eta herria plato bihurtuta film laburren rallya egin zuten zapatuan Irudiz komunikazio enpresak eta Txanda elkarteak antolatuta. Goizean goiz zeuden partaideak deituta, zazpi talde aurkeztu eta gaia banatu zieten: zuloa.

"Beti aukeratu ohi da herriarekin lotura duen gai bat eta Oñati zuloa dela esan ohi dugunez..." dio barre txikiarekin Ruben Idigoras antolatzaileetako batek. Lokalizazio zerrenda ere eman zieten partehartzaileei eta, hala, iluntzera arte izan zuten lanak aurkezteko denbora.

Azkenean Bilboko Espinaka films hirokoteak jaso zuen sari nagusia, 500 eurokoa.

Umorea eta drama

Umorezko lanak, traszendentalagoak, dramak... denetariko ideiekin osatutako film laburrak ikusteko aukera izan zuten zapatu gauean institutuan sari banaketara joan zirenek. Epaimahaiari dagokionez, Iban Garate, Aitor Arregi, Alberto Gorritiberea eta Jotxo Larrañagak osatu zuten, hain zuzen.

Antolatzaileak ere pozarren eta harrituta, "partehartzaile asko edizio lanetan inoiz ibili gabeak" zirelako eta "emaitza oso txukunak" egon zirelako.

Hala, bigarren edizioan hasi dira pentsatzen eta gauzak ondo badoaz egin egingo dute.

GOIENAtik

No hay comentarios:

Publicar un comentario