jueves, 20 de enero de 2011

'Oñatiko ahotsak' egitasmoaren emaitza, aurkeztuta


2011-01-20 15:23:51 Julen Iriondo
Aurkeztu dute 'Oñatiko ahotsak' proiektuaren emaitza, egitasmoan parte hartu dutenen, hauen senideen eta oro har herritarren aurrean. Badihardugu euskara elkartearen 'Euskal Herriko Ahotsak' proiektu orokorrean dago barneratuta Oñatikoa; Udalaren laguntza izan du, eta helburua izan da herriko ahozko ondarea jasotzea, bertako hizkera eta garai bateko kontuak jasoak geldi daitezen.

Oñatiko Ahotsak egitasmoaren emaitzaren aurkezpenean esandakoaren arabera, Udala duela 15 urte hasi zen arlo honetan lanean. Azken etapa honetan, 2008tik hona, Badihardugu euskara elkartearekin elkarlanean jardun du Udalak. Badihardugukoek hainbat oñatiar elkarrizketatu dituzte denbora honetan, eta elkarrizketotako pasarteak Interneten jarri gero, eskoletan, ikerlariek eta nahi duen orok eskura izan ditzan. Helburua da euskal herri guztietako, eta kasu honetan Oñatiko ahozko ondarea jasotzea, toki bakoitzeko hizkera eta garai bateko kontuak gordeak geratu daitezen, kontuan izanda bai berba egiteko era eta baita bizimodua ere asko aldatu direla lehendik hona. Belaunaldi desberdinen arteko ahozko transmisioan izandako etenari aurre ere egin gura dio egitasmo honek.

Proiektuan parte hartu duen jende nagusiak ondo ikusten du hori, eta Badihardugukoek eskertu dute eurengandik jasotako laguntza. Atzoko ekitaldian Interneten dagoeneko ikusi daitezkeen zenbait grabazio erakutsi zituzten, eta parte hartzaileei bakoitzari bere elkarrizketaren kopia eta Udalak kontu hau gaitzat hartuta atera duen egutegia oparitu zieten. Elkarrizketetan parte hartu bai baina emaitza ikusi aurretik hil diren lau lagunak ere gogoan izan zituzten ekitaldian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario