jueves, 2 de septiembre de 2010

Joxe Arregi: "eliza ghetto eta sektarioa bilakatzen ari da"

Euskadi Irratian eman berri du elkarrizketa Joxe Arregi frantziskotarrak. Fraidetza utziko ote zuenaren zurrumurrua bazebilen, eta azkenean ofizial egin du Arregik. Frantziskotarrak azaldu duenez, libreago arituko da orain. Frantziskotar izateari utziko dio, baina erlijio bizitzari ez diola uko egingo nabarmendu du. Bihar, egubakoitza, GOITBko Goiena Magazinean izango da Arregi, 19:45ean.
GOIENA


Arregik 57 urte dauzka, teologoa eta irakaslea da. Guztira, 17 urte eman ditu Arantzazun eta frantziskotarrekin 47 urte egin ditu. Jarraian, Arregik nabarmendutakoak:

Euskadi Irratian Joxe Arregik emandako elkarrizketa (irailak 2, 10:00etan)
Isiltasuna hautsi duzu, zergatik?

Egoerak halaxe eskatu dit, ez naizela isilduko esan nuen, eta jakina, jarrera horrek frantziskotarren barruan ezinegona sortu zuen eta gatazka. Gotzainen eta agintarien artean ere presio gogorrak bazirelako hartu nuen erabakia. Ordena uztea erabaki nuen gatazka ez sortzeko. Bokazioa, inoren agindu egituren gainetik dagoela uste dut

Zermoduz zaude?

Lasai, bakean nago. Indarren neurketa horrela planteatuta, gotzainak irabazi du berak duelako agintea. Baina ez da erresa esaten zer den irabaztea eta zer galtzea. Baina ez dut hor nire bizi poza eman nahi eta beste arlo batera noa eta libre izaten jarraituko dut orain arte egin dudana eta dakidana egiten jarraitzeko eliz arloaren barruan.

Damurako zirrikiturik utzi duzu?

Damuak esan nahi zuen nire iritziari uko egitea eta gotzainak argi eta garbi erakutsi du zer irakatsi eta ikasi behar den. Nik agindu horiek ezin nituen akatatu eta aukeraketa egin dut. Aukeraketa sinplea, nire bizi arnasa eta bizi gunea bilatu..maite uzunekin jarraitu bizitzen eta amesten, askok egiten duten moduan..

Borroka pertsonala izan da?

Ordena osoa ez zegoen Munillarekin. Nik ez dut Munilla pertsonarekin zentratu nahi, sistemarekin baizik. Gotzainak izendatu dituzten sistemarekin dago lotuta frantziskotarren aginte gorenena ere. Desobedientzia jarrera hartzean, nik, gatazka sortzen nuen frantziskotarren artean denak ez zeudelako nirekin bat, eta, gotzainen aldetik presio gogorra izaten ari zen frantziskotar erakundea.

Intsumiso sentitzen zara?

Garaiz kanpo dago goitik behera ezarritako autoritatea. Eliza autoritario dogmatiko eta ultra kontserbadorea garaiz kanpo dago. Horien proiektuari ezetz esaten diot. Isiltasun aginduei ezetz esaten diet eta intsumisoa naiz ikuspuntu horretatik, uko egiten dudalako eta obedientzia librea eta desobedientzia errespontsablea bizi nahi dutdalako.

Zer behar du elizak garaikide izateko?

Lehenengo, erabaki beharko luke betik gora, demokratikoki antolatzen. Printzipio demokratikoak oinarrizkoak dira eliza katolikoan ere. Funtsezkoa da dogmaren teologiaren idolatriarekin amaitzea. Pentsaera librea izan behar da.

Eliza ghetto bilakatzen ari da helburua?

Inork ez du esaten ghetto bilakatu nahi dugu, baina egiazki halako zeozer hari da gertatzen, sekta batean bilakatzen ari da egungo eliza. Errestaurazio egitasmoa egin dute, izendapenak hor daude jarri duten Gotzainekin. Gure gizarteak nahi duenari ez die erantzuten.

Fundamentalismoak haustura dakar?

Elizako dogma guztiak zerutik erori dira eta gotzainak agindu egiten dute. Dena jainkoaren borondatez gertatzen dela hori da fundamentalismoa. Aspaldiko erakundeei jarraitzea; eta horrek hausturara garamatza gaurko gizartea eta eliza.

Eliza gizarteratu beharko litzateke?

Garai berri baten aurrean egokitu beharra dauka elizak. Etena dago egun. Emakumearekiko sekulako erronka dauka esaterako elizak. Beste garai batean lokartua geratu zaigu Eliza ugalketa eta sexuarekin zerikusia duten arlo guztiei dagokienez. Elizak modernitateko printzipio nagusiak ezin ditu onartu eta elizak modernitatearekin emakumeak, intelektualak...galdu ditu; sektario bilakatzen ari da.

Xabier Andonegik irakurri diogu Gipuzkoako eliza bitan dagoela?

Argi eta garbi dago bi eliza daudela. Botera batzuen esku dago ordea eta gainerakoak isilarazi eta baztertu nahi dituzte. Asko gara eliza beste modukoa nahi duela eta ebangelioa gaur bizi.

Noraino iritsiko da?

Sisman bizi gara jada. Asko gara eliza beste era batera bizi garenak. Ez gaude ordea sismak eragiteko eta sortzeko, gure eliz moldea bizitzeko baizik. Horrek gatazkak sortaraziko dizkigu eta aurre egin beharko dugu baina elizan jarraituko dugu, ez gara irtengo. Fraide izateari bai baina erlijio bizitzari ez diot utziko. Espiritualtasuna eta erlijio bizitza sakonarekin jarraituko dut. Nik hirugarren ordenakoa jarraituko dut, hau da frantziskotar izpirituari jarraituko diot.

Zein bizimodu eramango duzu?

Irakaskuntza eta idazketa debekatu zidaten ordena jarraitzen banuen, baina orain librea naiz eta idazteko aukera badaukat egingo dute nire maila apalean. Abitu gabe jarraituko dut frantziskotar izaten.




Komunikabideetara bidali duen oharra:
"Frantziskotar Ordena utziko dut. Neure barruko argi-itzalen artean begiratuz, neuregandik kanpo mendiari eta zeruari -eta enarei- begiratuz hausnartu dut.

Aspalditxoan zebiltzan zurrumurruak hegan, nola Arantzazun enarak, hain arin eta hain libre, biziaren sena dutela gidari bakar eta ziur (eta aizu, zenbat ugaldu diren enarak Arantzazun, eta umeak atera eta atera ari dira oraindik! Jainkoak bedeinkatzen zaituzte!). Zurrumurruak geldiaraztea, ordea, behin aireratuz gero, zailagoa da askoz hegaztien hegaldia geldiaraztea baino. Eta horixe izan da: albisteak leher egin du eta, nituen asmoen aurka, dagoeneko egiaztatu beharra daukat: Frantziskotar Ordena uztera noa. Oraindik orain egin nituen zenbait adierazpen anbiguo zurrumurruaren gezurtapen gisa ulertu zituzten batzuek. Eta barkamena eskatzen dut beraiengatik, nahiz eta ez zuten gezurtapen izan nahi.

Frantziskotar Ordena utziko dut. Neure barruko argi-itzalen artean begiratuz, neuregandik kanpo mendiari eta zeruari -eta enarei- begiratuz hausnartu dut. Gehien maite nauten eta fidagarrienak zaizkidan lagunekin hizpide izan dut. Neure frantziskotar probintziako arduradunekin -adiskide ere baditut- mintzatu naiz. Arantzazu maite hau, soinean ditudan 57 urteetatik 17 bizi izan naizen neure Arantzazu bedeinkatu hau utziko dut; 10 urte nituen ezkero familia eta etxe izan dudan frantziskotar probintzia utziko dut; nire nortasuna eta izaera oso-osorik taxutu dituen Frantziskotar Ordena utziko dut. Ez dut esango hautu honek nahigabea eta bertigoa eragiten ez dizkidanik, baina bakean ematen dut urratsa.

Aurreikustekoa zen, abenduaren 23an urtebeteko isilaldia ezarri zidatenetik eta onartu nuenetik. Eta halabeharrezkoa zen, ekainaren 17an isiltasun botoa hautsi nuenez geroztik, isiltasun hura ustez justifikatzen zuten baldintzak nire gotzainak ezereztu eta gero. Hitza hartu nuen, ez mezu profetiko larriren bat dudalako aldarrikatzeko, baizik eta igaroak direlako jada Jesusen Elizan, dogma eta magisterioen izenean, inori hitza eragozteko garaiak. Dogmak eta magisterioa ez zituen Jesusek jarri. Guztiz bestela, Jainkoaren hitza giza tradizioekin ez identifikatzeko erakutsi zuen (Markos 7,7-13), katedraren eta magisterioaren jabe bihurtzen diren lege maisuak salatu zituen (Mateo 23,2), inori maisu edo aita deitzea zorrotz debekatu zuen (Mt 23,8-9), solemneki iragarri zuen "gizaki oro larunbataren jaun dela" (Markos 2,28), edozein lege erlijiosoren jaun alegia, legerik sakratuena izanda ere, eta gormutuari arameeraz esan zion: Effeta, "ireki zaitez", "entzun eta hitz egin" (Markos 7,34). Areago, eta Elizak halaxe aitortu behar luke luzatu gabe: Jesusek dogma eta magisterioak ezarri balitu ere -nahiz eta ez zituen inondik ezarri-, ez lirateke inolaz mugiezinak izango, Jesusek ez baitzuen beste legerik eta irizpiderik izan Jainkoaren Espiritua baizik, eta Espiritua airea eta ura bezala da, beti mugikor. Eta beharrezkoa balitz, San Paulok esan zuen: "Jesusen Espiritua non, askatasuna han" (2 Korintoarrei 3,17).

Noski, Elizak, edozein giza taldek bezala, erakundeak eta hizkuntza komun bat behar ditu gehixeago edo gutxixeago. Baina erakundeek malgu eta higikor izan behar lukete, bizi den ororen antzera, eta dogmek hitz beti berrietan ulertuak eta adieraziak izan behar lukete, misterio ororen antzera; eta, lehenengo eta behin, Eliza autoritarioak Eliza demokratiko behar luke bilakatu, Jesusek nahi izan zuen bezala. Eta Jesusen aurkakoak ziren hainbat erabaki hartzeko libre izan den Elizak askoz areago izan behar luke libre Jesusen Espirituari leial jarraitzeko. Aski da historia ezagutzea gauzak zenbat aldatu diren jakiteko, edo aski da Jainkoaren Espiritua dastatzea nola aldatu behar luketen jakiteko. Historia ezagutzen ez duenak, Espiritua dasta dezala bederen. Zein anakronikoa eta ebanjelioaren aurkakoa den bozaturik gauzkan doktrinaren idolatria!

Horregatik esan nuen: "Ez naiz isilduko". Eta hori intsumisioa zen, eta daukagun eliza instituzional honetan ez dago lekurik intsumisoentzat, eta banekien hori. Daukagun Frantziskotar Ordenan ere ez dago lekurik intsumisoentzat, eta hori ere banekien: frantziskotar arduradunak, euren borondatearen aurka ere, eta barne gatazka larria saihesteko modu bakarra izanik, ni gotzainaren aginduei men egitera behartu beharrean aurkituko ziren. Ez dut, beraz, bereizpen korapilatsuen premiarik izan: men egin ala alde egin, ez zen besterik. Iritzi nion ez nuela men egin behar, leial izateko Jesus seguruari, neure kontzientzia ez-seguruari, neure misio apalari; baina ez nuen gertatu nahi hartara lagun eta anaia ditudan frantziskotarrentzat gatazka bide. Aukera ez zen erraza, baina ezinbestekoa bezain sinplea zen.

Ordena utziko dut eta, horrela, asko daukat galtzeko, baina nork jakin, galera irabazi suertatuko da agian oraingoan ere. Bizia hautatu nahi dut arrisku guztiekin, hitzaren arriskua barne. Ez dakit zer izango naizen (nork daki zer izango den?), baina edonora noala ere Jainkoa nirekin etorriko da, eta bidean galtzen banaiz ere, berak aurkituko nau. Nazareteko Jesusen, gizaki on eta librearen, jarraitzaile izan nahi dut. Zein urrun sentitzen naizen harengandik! Baina nigandik hurbil dago bera, baita zugandik ere. Lagun hurko da Jesus, eta lagun hurkoa Jesus da. Berarekin, beraren antzera, Eliza izaten jarraitu nahi dut, dikotomia dorpe guztiak gaindituz: klerikoak eta laikoak, erlijiosoak eta sekularrak, sinesle zintzoak eta heretikoak, fededunak eta fedegabeak.

Nire gotzain eta anaia Jose Ignazio Munillari onena opa diot, eta iruditzen zait onenak nahitaez eskatzen diola elizbarrutiko elkartearen gehiengo zabalaren ahotsa entzun, errespetatu eta jarraitzea; nik neuk ere elkarte horretako kide izaten segituko dut, kide eta lankide. Elkartearen ahotsa baita izan Espirituaren ahots, Madrilgo nahiz Erromako ahotsa baino askoz areago.

A bai, eta frantziskotar izaten jarraitu nahi dut, frantziskotar xume bat abiturik gabe. Bake eta on!

No hay comentarios:

Publicar un comentario