Alebin eta infantil mailako txirrindularitza lasterketak jokatu ziren atzo, zapatua, Aretxabaletan. 68 ziklistak hartu zuten parte lehiaketetan: 22k alebin mailan eta 46k infantilen kategorian. Alebin nesketan Irati Barrena oñatiarra izan zen lehena.
Arratsaldeko 16:30ean puntu-puntuan epaileak txilibitua jo eta ziztu-bizian irten ziren alebin mailako neska-mutikoak. Lau buelta egin behar izan zizkieten Basabe poligonoari txirrindulari gaztetxoenek; itzuliko kilometro bat. Lehen bi itzulietan Asier Azkarate JMA taldeko arrasatearra izan zen nagusi, baina hirugarren bueltan ezin izan zuen eutsi eta atzean geratu zen. Azkenean, Imanol Alvarez Iturriaga taldeko elgoibartarra izan zen helmugara iristen lehena. Lau itzuliak egiten bigarrena ere elgoibartarra izan zen: Josu Astigarraga (Iturriaga taldea). Hirugarren postuko garaikurra berriz, Urretxura joan zen, Goierri taldeko Iñaki Salaberria izan zen kopa jaso zuena. Mutiletan ez zen bailarakorik sailkatu lehen postuan, baina bai nesketan. Lizarralde Kirolak taldeko Irati Barrena oñatiarra izan zen lehena, egin zuen lan onari esker. Asier Azkaratek ere izan zuen saria egin zuen esfortzu eta lan txukunagatik, Dorletako Amako lehen saria jaso zuen-eta. 
No hay comentarios:
Publicar un comentario