EAJren bailarako zinegotziak, txipa duen bosgarren edukiontziaren alde
Api. 30, 2013, 6:40 p.m. Julen Iriondo
Debagoeineko herrietako EAJko zinegotziek eskatu diote Bilduri hori ezarri dezala bailarako herri guztietan, atez atekoaren ordez. Oñatiko gune historikoaz ere jardun du Lourdes Idoiaga zinegotzi jeltzaleak.
Mikel Biain alkatea ez dator bat Idoiagak esandakoekin
Debagoieneko herrietako EAJko zinegotziek adierazi dute txipa duen bosgarren edukiontziaren alde egiten dutela jeltzaleek, "txip honen bidez jendeari hobariak aplikatu ahal izateko, eta eguneroko pedagogian birziklatzearen kultura areagotzeko", zioen Aintzane Oiarbide Bergarako zinegotziak, ondorengoa gehituz: "Ez behartuta edo inposizioaren bitartez, jendearen jarrera eta laguntza behar beharrezko baita sistema batek ondo funtzionatzeko".
Bosgarren edukiontziarekin benetako apustua egin den lekuetan demostratu da EAJren esanetan oso baliagarria dela ahalik eta gehien birziklatzeko helburua lortzeko. Oñatiri dagokionez, bestalde, Lourdes Idoiagak zioen Bilduren udal gobernuak ez dituela bete udal tramitazioan ezarritako prozeduren arauak: "Ez dute aurkeztu, obligazioa izanda ere, Ingurumen batzordean edo Zerbitzu batzordean atez atekoa abian jartzeko osotasuneko proiekturik, proiektu global gabe eraman dute aurrera; behintzat, udal batzordeetan aurkeztu gabe diktamenerako edo ebaluaziorako. Bertan, hainbat ikuspegi izaten dira baloratu beharrekoak eta, besteak beste, gune historikoan izango duen eragina".
Lourdes Idoiagak agerraldian gehitu du Oñatiko gune historikoak monumentu-multzo izendapena duela, eta gune publikoetan egin beharreko edozein aktuaziok monumentu-multzoarekiko integrazioa eta bateratasuna bermatu behar duela. Udalak zintzilikarioen ezaugarri eta kokapen zehatzekin proiektua idatzi eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu behar zuela, honek baimendu zezan: "Hori da ez dena bete EAJk eskatu arte eta gaur egun ez dugu ezagutzen azken diktamena zein izango den edo nola jokatuko duen Foru Aldundiak", zioen Idoiagak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario