miércoles, 1 de mayo de 2013

Ez!:Disko berria .

Ez!: "Disko berria ez da salgai egongo, guk geuk banatuko dugu kontzertuetan"


Mai. 1, 2013, gauerdia Jagoba Domingo




Duela hilabete aurkeztu zuten disko berria Ez! oñatiarrek. Bost urte daramatzate errepidean punk-ska nahasketa eroa alderik alde zabaltzen. Urte eta erdi stand by egoeran eman ondoren, inoiz baino indartsuago dira bueltan euren aldarria zabaldu eta kontzertura gerturatutakoak 80ko hamarkadara bueltan eramateko asmoz. Bada, urte hauetan guztietan egin dituzten kantu bilduma berri honi buruz gehiago jakiteko grinez, eurekin izan gara oraingo honetan.
Ez! oñatiarrak, San Martinen







Zelakoa da disko hau?



Urteetan zehar egin ditugun kantuen bilduma da diskoa. Bertan 11 abesti aurkituko dituzue; lehenengo maketako bi, bigarren maketako lau eta beste 5 abesti berri. Hala ere, maketetan zeuden kantuei moldaketa batzuk egin genizkien, bereziki, ahotsean. Berriz grabatu genituen eta koruak gehitu genizkien.



Nolakoa izan da grabazioa?



Diskoa etenaldia egin aurretik amaituta genuen; hau da, 2011ko ekainean bukatuta zegoen. Berrizko Lorentzo Records estudiora jo genuen, beste behin, eta bertan, 10 egunean prozesu guztia amaitu genuen. Kantuak zuzenean grabatuak izan dira eta ondoren, Josuk ahotsa sartu eta estudioan bertan egin genituen nahasketak eta masterizazioa. Aitor Ariñorekin lan egin genuen eta esperotako emaitza erdietsi dugu, oso pozik gaude egin duen lanarekin, profesionala da eta gauza asko ikas daitezke harekin.



Orduan, emaitzarekin pozik?



Bai; esan bezala, oso pozik gaude. Esperientzia ederra bezain lagungarria izan zen, eta, ikasiz joan ahala, guztia errazago eta txukunago irteten da. Oraingoan, ganorazko disko bat kaleratzea genuen jomuga, ez beste maketa bat. Kantu zaharren eta berrien arteko aldea egon badago, baina diskoan ez da nabari. Azken diskoaren grabazioa landuagoa izan zen, ez zen arazorik egon.



Nola banatuko duzue diskoa?



Guk geuk egingo dugu. Kontua diskoa Euskal Herriko txoko guztietara heltzea da, eta ez, talde askori gertatzen zaien moduan, diskoak tabernetan salgai jarri edo lokalean bertan hautsa hartzen gelditzea. Hori ez da banaketa egokia, hori egindako lanari oztopoak jartzea dela uste dugu, bide motza du horrek. Horretarako, adostutako zenbait irizpide jarraituko ditugu. Lan berria ez da salgai egongo, guk geuk banatuko ditugu kontzertuetan, entzuteko interesa erakusten duen orori, lagundu digutenei, eta abar.



Diskoa aurkezteko kontzertu-bira antolatzen zabiltzate.



Bai, banaketa egokia egitea du xede prestatu dugun birak, kontzertuak emango ditugun herrietako giroa alaitzeaz aparte. Aurkezpen ofiziala Oñatiko Antixena gaztetxean izan zen eta publikoaren erantzunarekin oso pozik geratu ginen. Urte eta erdiren ondoren berriro oholtza gainera igotzea hunkigarria izan zen, eta, are gehiago, Antixena gaztetxean. Bada, hurrengo zuzenekoak Donapaleun, Gasteizen, Txantrean eta Oñatiko Fan hemendik egunean izango dira.





No hay comentarios:

Publicar un comentario