2015/08/28--Bi bigarren sari irabazi dut ZORIONAK GANBARAKIDE GUZTIOI!!!!
Bihar berriz abestuko dute,Sari Nagusia eskuratzeko aukerarekin!!!!
Oñatiko Ganbara Abesbatza, Arezzon jokatuko den nazioarteko abesbatzen lehiaketara bidean
2015-08-26 12:34 KULTURA OÑATI BERRIAK
Italian, Arezzo herrian, egubakoitzean eta zapatuan abesbatzen nazioarteko lehiaketa jokatuko da, eta bertan parte hartuko du Oñatiko Ganbara Abesbatzak. Oñatiarrek atzo, martitzena, egin zuten lehiaketara joan aurretiko azken entsegua herrian eta taldekideak ilusioarekin eta gogor lan eginda joango dira aurtengo euren proiektu "handiena" izango denari aurre egitera.
Europako abesbatzen Grand Prixeko zirkuitu barruko lehiaketa da Arezzokoa eta hainbat kategoria daude; oñatiarrek ahots mistoenean hartuko dute parte, eta horren barruan, beste hiru kategoriatan ere lehiatuko dira; folklorean, batetik, eta garai historiko desberdinen sailean, berriz, errenazimenduan eta garaikidean lehiatuko dira, bestetik.
Horretarako, lau programa prestatu dituzte eta gutxi gorabehera hamabi abestiko errepertorioa eramango dute. Aitor Biain zuzendariak azaldu du horrelako lehiaketa baterako oso garrantzitsua dela, gainera, errepertorioaren aukeraketa ona egitea.
Zortzi lehiakide
Beste zazpi abesbatzekin lehiatu beharko da Ganbara Arezzon: Kubako, Japoniako eta Hungariako abesbatzak izango dituzte lehiakide, besteak beste. Eta nahiz eta ohikoa ez izan, Euskal Herriko beste abesbatza bat ere izango da lehiaketan, Errenteriako Landarbaso abesbatza ere aukeratua izan delako.
Oñatiarrak ahalik eta ondoen egiteko helburuarekin irtengo dira arratsaldean Arezzora, halaxe adierazi du Aitor Biain zuzendariak: "Gogor egingo dugu, saiatuko gara eta gure helburua ahalik eta ondoen egitea da, gu behintzat pozik gelditzea gure lanarekin. Eta beste batzuk gure aurretik gelditzen baldin badira, gu baino hobeto egin dutelako izango da, baina guretzat helbururik nagusiena da guk ondo egitea".
Eskarmentua lehiaketetan
Eskarmentu handia du, gainera, Oñatiko Ganbara Abesbatzak lehiaketetan. Estatu mailako dezentetan parte hartu izan du: Avileseko edo Ejeako lehiaketetan, izan da esaterako. Eta nazioartekotan ere badu esperientzia: Esloveniako Mariborreko lehiaketarekin hasi, Tolosakoarekin segi eta duela bi urte sariekin itzuli zen baita ere Austriako Spittal herriko lehiaketatik. Behin eta berriro erakutsi du, beraz, Ganabarak punta-puntako abesbatza dela.
Oraingora ere gogor lan eginda eta ilusioz joango dira eta abesbatzako kide batzuen gurasoak ere izango dituzte lehiaketako ikus-entzule Arezzon, beraz, gertukoen animoak ere jasoko dituzte egunotan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario