jueves, 14 de octubre de 2010

'Konpromisoa kalitate turistikoarekin' diplomak banatu dituzte

Ibarreko zenbait enpresa pribatu eta erakundek kalitate turistikoarekin duten konpromisoa saritu zuten atzo Bergaran. Hain zuzen, 'Konpromisoa kalitate turistikoarekin' diploma banaketa egin zuten; horretarako, Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendaria den Isabel Muela izan genuen gurean, Bergarako alkate Agurne Barrusorekin batera. Bost izan ziren diploma jaso zutenak: Bergarako Ormazabal hotela, Arrasateko En-medio Segway, Gatzagako Gaztainuzketa mendi etxea, Oñatiko Arantzazuko turismo denda eta Oñatiko Ongi Etorri hotela.

Gainera, 2008 eta 2009 urteetan diploma jaso zuten beste 22 erakundek egitarauarekin jarraitzen dutela ziurtatzen duen agiria jaso zuten.

Ordezkariak pozik zeuden

Diplomak jaso zituzten erakundeetako ordezkariak pozik zeuden. Eurentzat orain arte egindakoarekin errekonozimendua da; eta, gainera, lanean jarraitzeko indarra ematen du diplomak. Mitarte Garai landetxeko Mariasun Zaloñak, esaterako, 2009an jaso zuen diploma: "Egunerokotasunean lanean jarraitzeko indarra ematen du horrelako sari batek", azaldu zuen pozik.
Antzuolako Ibarre Nekazalturismoko Pilar Belastegik, ostera, 2008an jaso zuen ziurtagiria. "Eskaintzen dizkiguten ikastaroetan asko ikasten dugu eta ahalik eta ondoen lan egiten ahalegintzen gara", azaldu zuen Belastegik.

Debagoieneko turismoa, ondo
Mankomunitateak hirugarren urtez jarraian banatu ditu diplomok. Erabat industriala den ibarrean, "turismoak merezi duen konpromisoa eta bultzada" saritu gura dute modu honetan. Horren harira, Muelak esan zuen Debagoienean, eta orokorrean Euskadin, turismo kalitate ona dagoela; eta, horren alde gogor egiten dela lan

Musika, Bergarako Musika eskolakoen partetik

Bergarako osoko bilkuren aretoan izan zen diploma banaketa. Amaitzeko, Bergarako Musika Eskolako soka taldeko musikariek bi pieza eskaini zituzten.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario