2011-04-30 22:25:17Entrenamentu saioan gertatu da lehenengo istripua, lehenengo 'paellan' azkar zihoan auto bat ikusle artera joan denean. Hainbat ikusle harrapatu ditu autoak, eta horietako sei zauritu ditu, denak ere gizonezkoak.
Zauri larrienak jasan dituen 28 urteko mutila –oñatiarra– Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Bi zauritu, 22 eta 29 urtekoak Debagoieneko ospitalera ekarri dituzte; beste bi, 25 eta 33 urtekoak Zumarragako ospitalera eta beste bat, 26 urtekoa, Donostiako Arantzazuko Ama ospitalera.
Istripuaren ostean, entrenamentu saioa bertan behera geratu da, eta hasieran igoera burutu ala ez zalantzan egon arren, azkenean burutzea erabaki dute. Lehenengo txanda jokatu dute eta Aitor Zabaletak egin du denborarik onena (2.21.144). Bigarren txandan baina, beste itsripu bat egon da eta proba bertan behera uztea erabaki dute; ondorioz, garaipena Zabaleta bergararrarentzat izan da.
Udanako Igoerako edizio honetan, baina, irabazlea nor izan den gutxienekoa izan da, istripuek erabat baldintzatu dutelako proba. Gertaera bietan, zaleak ez zeuden egon behar ziren tokian; eta, antolatzaileek jarritako zinta gorri batek argi zehazten zuen ikusleek non ezin zuten egon: "Goizeko zortzi eta erdietatik hasi gara jendeari esaten gune arriskutsuetatik kentzeko, baina ez digute kasurik egiten, horren kontra zer egin...", adierazi digute federazioko ordezkariek.
Irabazleak, Aitor Zabaletak, zentzu berean egin du berba: "Zorionak eman nahi dizkiet DYAko langileei, berehala erantzun dutelako, eta baita ertzain eta zauritutakoei laguntzen ibili diren guztiei ere. Pilotuak ez gara makinak, guk ere hutsegiteak egiten ditugu, eta kurba batean autoan joan ahal zaigu. Horregatik ikusleendako gune arriskutsuak zeintzuk diren oso ondo adierazita egoten dira, debekatuta dago lasterketa hor jarraitzea, baina..."
Istripu larriena lehena izan bada ere, bigarren txandan lasterketa jarraitzen zebilen beste gizonezko bat hainbat metrotatik behera erori eta kolpearen ondorioz konortea galdu du.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario