martes, 31 de mayo de 2011

'Vespa velutina'




'Vespa velutina', Asiatik ailegatu zen etsai ikaragarria
2011-05-31 00:00:00 Leire Kortabarria
Asiatik ailegatu da Europara, eta badirudi luzaroan geratzeko asmoa duela. Vespa velutina da, liztor hiltzaile moduan ezagunagoa. Euskal Herriraino ere etorri da, eta kostaldetik agudo asko Debagoieneraino ere bai; Oñatin antzeman dute erlezainek.

Etsai izugarria dute, gauza asko oraindik ez baitira guztiz jakinak liztor horren gainean, habiak topatzen oso zailak direlako, eta oso azkarra delako hedatzen eta bere kaltea egiten. Erleak dira bere jomuga eta helburua; haietaz elikatzen da eta lauzpabost horrelako liztor 30.000 aleko erlategi bat bi ordutan birrintzeko eta erle guztiak akabatzeko gai dira.

Baina arazoa ez da bakarrik erlezainena. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidenteak, Julian Urkiolak, esaten du "jendarte osoaren arazoa" dela, erle xume eta langileak ezinbestekoak direlako ingurumenaren osasunarendako: "Jendeak uste du erleak eztitarako direla, baina ez; erleen zeregin nagusia polinizatzea da". Landareak eta arbolak polinizatzeko modu nagusia erleen bidez da; hau da, loreen polena eurekin eramaten dute loretik, iturritik, landare edo arbola hartzaileraino. Prozesu horren bidez, lorearen obuluak ernaldu egiten dira, lore eta fruitu berriak sortuz. Hortaz, erlerik gabe, ekosistema larri zaurituta geratuko litzateke.

Horregatik, erlezainek denon laguntza behar dute liztor hiltzailearen aurka.

"Eskemak puskatu dizkigu"

Etsaiaren aurka egiteko, ahalik eta ondoen ezagutu behar da lehenengo. Itxura aldetik oso samur antzematen zaio: erle arrunta baino hiru aldiz handiagoa da, gutxienez, hiru bat zentimetro luze da –erreginak handiagoak izaten dira–, eta gehienbat beltz kolorekoa, hanka horiztekin. Asiatik dator, eta Europara Frantziatik, Bordeletik sartu zen. Itsasoz ekarritako kargamentu baten etorri zen; uste dute fruta edo egur kargamentu baten etorri zela. Gero, euskal kostaldera ailegatu zen eta, handik, azkar asko ugaldu eta zabaldu da: "Ez genuen espero hain barrura sartzea. Uste genuen Pirinioak muga bat izango zirela, baina ez da horrela izan. Eskema guztiak puskatu dizkigu", esaten du Julian Urkiolak. Are okerrago, "ingurune menditsua eta hezea, Kantaurian duguna, aproposa da Vespa velutina-rendako".

Liztorra oso erasokorra eta kaltegarria da. Erlauntzen inguruan egoten da, hegaldian, baina geldikor. "Kanpotik datorren erlea nahiago izaten du. Polenez edo nektarrez zamatuta dator, nekatuta, eta liztorrak eraso egiten dio. Dena dela, txarrena ez da hori, baizik eta, liztorra ikusita, erleak ez direla erlauntzetik irteten, eta gosez eta gaixotasunez hiltzen direla", esaten du Julian Urkiolak.

Erlauntzak ere ez dira behin betiko gotorleku, hala ere; liztorrak horietan ere sartzen dira. Erleei burua errotik kentzen diete eta gorpuak jan egiten dituzte.

Habiak, erdi ezkutuan

Liztor hiltzaileek duten beste defentsa bat, erlezainei begira, habiak egiteko modua eta lekua da. Habiak erraldoiak eta ikusgarriak dira: zirkunferentzia 1,50 metro ingurukoa da, eta gutxienez 60 zentimetro hartzen ditu altueran. Udaberritik udazkenera bitartean, handitzen joaten dira, liztorraren zikloarekin bat.



Altuera handian egiten dituzte habiok: zuhaitz-buruetan, teilatu azpietan… Zuhaitz hostotsuetan-edo egiten badituzte, ordea, antzematen zailak dira. Are gehiago, udaberria dela kontuan hartzen badugu Oñatiko Jon Urtzelai eta Miguel Angel Ormazabal erlezainek Zubillagako euren erlauntzen inguruan ikusi dituzte, eta honakoa esaten digute: "Oraingoz, ez dakigu inguruan habiarik dagoen ala ez. Hostoak jausten direnean ikusiko dugu".

Erlezainen presidenteak esaten duenez, "habia handienak Irunen eta Oiartzunen daude. Besterik dagoen ez dugu jakingo udazkenera arte. Oraingoz, ez dugu beste abisurik jaso, eta ez dakigu agerraldi esporadikoa ote den". Beste habia txikiago batzuk topatu berri dituzte erlezainek: "Altzatik eta Lasartetik sartu ziren liztorrak. Habia txikiak zeuden, biak egiten hasiak, bat teilatupe baten eta bestea itxitura baten inguruan".

Habiak antzematen zailak izan arren, orain da garai onena haiek kentzeko: "Negua pasatzen denean hasten dira habiak egiten. Orain, erreginak ernalduta daude, eta udan 2.000 liztor berri baino gehiago egon daitezke. Horregatik, orain komeni da erreginak harrapatzea", esaten du Jon Urtzelai erlezainak. Liztor langile batzuk dagoeneko jaiota daude, baina gutxienak dira oraindik.

Norberak ez ukitu

Horregatik, erlezainek denon laguntza behar dute. Julian Urkiolak esaten digu zer egin habia bat edo liztorrak ikusiz gero: "Deitu segituan Gipuzkoako Erlezainen Elkartera, edo Foru Aldundira edo Udaltzaingora. Haiek badakite zer egin behar den". Erlezainen elkarteko telefonoa hauxe da: 943 80 56 51 ; eta e-mail helbidea, hauxe: erleak@erleakgipuzkoa.org.

Norbera ez da inoiz habia kentzen saiatu behar, liztorrek eraso egitea eragin dezakeelako. Etxe ondoan bat topatuta ere, dagoenetan uztea komeni da harik eta adituak etorri arte.

Frantzian oso zabalduta dago Vespa velutina izurritea, 2004 inguruan ailegatu zirelako lehenengo aleak. Han, gertatu izan da noiz edo noiz liztorrek jendeari eraso egitea; baina, normalean, liztor horiek ez dira bereziki erasokorrak pertsonon aurka. Bestelako himenoptero sozial batzuen antzera –erleak, liztor arruntak…–, erasoa sentitzen denean bakarrik ziztatzen du.

Bestalde, liztor horren ziztadura, mingarria bai, baina ez da arriskutsua. Salbuespen batekin: "Alergikoen kasuan, segun eta ze mailatako alergia duten, erreakzio bat eragin dezake". Beraz, larrialdi zerbitzuetara jo beharko dute segituan alergikoek.

Beroketa globala, errudun

Vespa velutina-ren inbasioak mahai gainean ipintzen du berriz ere ingurumenarekiko dugun harremana. Hala, zientzialariek uste dute "beroketa globalarekin lotutako tenperatura gero eta beroagoek" azaltzen dutela, neurri handi baten, Vespa velutina hain agudo eta hainbeste lurraldetan ondo egokitu izana. Horrez gain, tokian tokiko harraparirik ez du liztor hiltzaileak. Akitanian, habiak harrapatzen dituzten eskinoso eta okil berde batzuk agertu dira, baina hemen oraindik ez.



Erle garrantzitsu eta gutxietsia arriskuan dago, beraz; baina errua ez da bakarrik liztorrarena. Gero eta ale gutxiago dago, eta badira urteak dagoeneko populazioa txikitzen doala. Julian Urkiolak esaten duen moduan, "lehen, basoan libre zeudenak desagertu egin dira. Orain, erlea bizi da bakarrik gu, erlezainok, zoro horiek gaudelako, baina ez doa gehitzen, ez. Pestizidekin, herbizidekin… akabatu ditugu asko. Ez dakigu naturan zer egiten gabiltzan".

No hay comentarios:

Publicar un comentario