Heldu da Debagoienera kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programa: dagoeneko abian da Oñatin. Osakidetzak martxan jarritako programa horren bitartez, 50 eta 69 urte bitarteko gizon eta emakumeei minbizia garaiz antzemateko proba egingo zaie. Aurrez, hori bai, proba egiteko gonbidapen-gutunak bidaliko zaizkie etxera.
Kolon eta ondesteko minbizia tumorerik ohikoena da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean. Urtero 1.600 lagun baino gehiagori diagnostikatzen zaio, eta 2.000 pertsona inguru ospitaleratuak izaten dira gaitz horregatik. Baina prebenitu daiteke. Horregatik, Osakidetzak abian jarri du kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko programa: dagoeneko abian da Oñatin.
Hala, 50 eta 69 urte bitarteko gizon eta emakumeei detekzio goiztiarraren proba egiteko gonbidapen-gutuna bidaliko zaie etxera, hemendik eta irailera bitartean.
Gorotzen odola aztertzean datza probak eta gonbidapen-gutunarekin batera jasoko dute hori egiteko beharrezko material guztia. Proba egin nahi dutenek, hodi batean gorotz-kopuru txikia sartu eta Oñatiko osasun zentroan jarri dituzten kaxatxoetan utzi beharko dute. Arrasateko laborategian aztertu ondotik, Osakidetzak gutun bitartez bidaliko die emaitza programan parte hartzen duten herritarrei. Positibo ematen dutenei, kolonoskopia egingo diete ondoren.
Oñatin 2.500 lagun ingururi egingo zaie proba. Horrelakoetan ohikoa da %6k emaitza positiboa ematea, horregatik, prebentzio kanpainan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute programaren bultzatzaileek. Bestetik, minbizi mota horretatik babesteko, haragi gorria murriztea, kirola egitea, eta alkohola eta tabakoa ekiditea gomendatzen dute, besteak beste.
GOIENA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario