martes, 27 de diciembre de 2016

10 AITORPEN EGIN ZIREN AURTENGO KIROL SARIETAN

OK MAGAZINEA

2016-12-26 17:58:32
10 AITORPEN EGIN ZIREN AURTENGO KIROL SARIETAN
Oñati, kirolean osasuntsu dabilen herria
Xabi Murgiondo txirrindulariak eraman du aurtengo Oñatiko kirolari onenaren saria. Ostiral arratsaldean lepo bete zen osoko bilkuren aretoa, amaitzear dagoen urteko kirolari onenei harrera egiteko. Murgiondoren sariaz gain, beste bederatzi errekonozimendu ere banatu ziren ekitaldian. Beste urtebetez garbi gelditu da, Udalaren irudi berriko lemak ondo dioen bezala, Oñati dabilen herria dela. Bai behintzat kirolari dagokionean. 

Dagoeneko urte amaierako agendetan ondo markatutako ekitaldia da Oñatiko kirol sariena. Izan ere, ostiralekoa hamazazpigarrena izan zen. Helburua herriko kirolarien lana eta esfortzua saritzea da eta aurkezpenean besteak beste, herrian dagoen osasuna eta kirol maila handia azpimaratu zituen Borja Moiua zinegotziak. Era berean, kirolarien alboan lana egiten duten teknbikari, senitarteko eta norbanakoak ere goraipatu zituen Moiuak.

Aurtengo ekitaldian, guztira hamar sari banatu ziren. Iaz baino bat gehiago. Urteko kirolari onenaren saria Xabi Murgiondo Aloña Mendiko txirrindulari gazteak jaso zuen. Bere kirol ibilbideko denboraldirik onena osatu du. Urtean egin dituen 50 bat  lasterketetatik, 12tan, podiumean amaitu du. Horietako lautan (Deba, Antzuola, Gipuzkoako erlojupekoa eta Mendaro) garaipena lortuz. Urte asko egin behar dira atzera gazte mailan tamaina honetako zenbakiak dituen ziklista bat topatzeko. 90eko hamarkada amaieran Markel Irizarrek ere 4 garaipen lortu zituen eta beste horrenbeste alditan bigarren izan zen. Xabik, garaipen kopurua berdindu eta podium kopurua gainditu dio Irizarri. Gazte mailako Gipuzkoako ziklista onena izan da eta Euskadiko 3.ena. Ziklismo saileko historia liburuetan geldituko den urtea. Hona hemen bere adierazpenak:


Talde onenaren saria, Ulma-Aloña Mendi jubenil mailako txirrindulari taldearentzat izan zen. Bost etapa garaipen lortu dituzte, Gipuzkoako talderik onenetarikoa eta bigarren mailako sailkapenetan (mendian, taldekakoan) sarritan izan dira gorenean. Murgiondoren garaipenez gain, Ekaitz Tximntxurreta 3. izan zen Seguran, Mikel Larreak beste garaipen bat lortu zuen eta lasterketa bat baino gehiagotan eraman zuen Euskal Herria txapelketako lider maillota. Azken urteetako ziklismo saileko talderik onena. Hona hemen taldeko Aitor Umerez zuzendariaren adierazpenak:


Teknikari onena, Sergio Uriarte izan da. Urte gutxian pilota saila biziberritu du. Triste xamar eta motibaziorik gabe zegoen sail bati, aurpegia aldatu eta 5 urtetan herriko kirol panorama gorenera ekarri du. Gaur egun 80 pilotaritik gora ari dira frontoian eta kantitateaz gain, kalitatea ere agertzen hasi da poliki-poliki. Gazte mailetako pilotarien emaitzak aipagarriak dira eta 15 urte luzeko etenaren ostean, Interpueblosen irten dira azken bi urteotan. Iaz oso emaitza ona lortuz (final ¼ iritsi ziren). Lana ondo egiten ari diren seinale. Pilota une honetan dagoen lekuan badago, berak erru asko dauka. Hemen Uriarteren esanak:


Eguneko sari berezienetariko bat, Juan Carlos Elorza zenak eraman zuen kirolaren alde eginiko errekonozimendua izan zen. Ia urtebete igaro da gure artetik joan zenetik. Oñatitik urruti bizi bazen ere, gure herriarekiko izan zuen begirunea handia izan da. Hemen hazi zen pertsona eta kirolari bezala. Eta Oñatin ezagutu zuen gerora bere bizitzaren ardatz nagusi izango zen kirola. Kazetari bezala eginiko ibilbidea eredugarria izan zen. Euskal Herrian ez ezik, estatuan eta mundu osoko errekonozimendua baitzeukan. Eta handitasun horiek alde batera utzi, eta bere sustraiak nongoak ziren oso garbi izan du beti. Aloñan aurrena eta orokorrrean eskubaloiaren alde eginiko guztiagatik eraman zuen Udalaren errekonozimendua.

5 aipamen berezi

Ondoren bost aipamen berezi etorri ziren. Aurrena Iokin Garai mendi lasterkariarentzat. Hiru urte daramatza etenik gabe, kirol sarietan errekonozimendua jasotzen. Duela bi urte herritarrek hautatu zutelako, iaz berriz E.H. Ultra trail txapelduna izategatik, jaso zuen besteak beste aipamena eta aurten, munduko txapelketa batean lehen hamabost sailkatuetan sartu delako (13). Pozik azaldu da Garai hirugarren garaikur honekin:


Bigarren sari berezia Yeray Varelarentzat izan zen. Mugarik ez duen beste kirolari puska bat. Beteranoen artean gazte, eta gazteen artean beterano. Oñatiko Kirol sarietan ere aurrez saritua (2004an kirolari onena 17 urterekin). Oñatiko atletismoaren historian lekutxo bat egiten ari da bere marka eta lorpen ikusgarriei esker. 4 Arrasate-Oñati, 4 San silbestre jarraian, krosean ere Euskadiko azpitxapeldun distantzia motzean, taldeka Espainiako bederatzigarren. Asfaltoan Espainiako txapelketarako minima lortu zuen 10 km. eta pista estalian, 3000 metrokoan estatuko absoluto mailako 15 atleta onenen arteko txapelketarako sailkatu zen. Asko eskertu du saria korrikalariak:


Hirugarrena, Oñatiko Duatloiarentzat izan zen. Euskal zirkuituko proba zaharrenetariko bat. 25 urtez jarraian iraun duen bakarra. Eta azken urteetan kirol honek dituen zailtasunak ikusirik, sekulako meritua duen proba bati buruz hitz egiten ari gara. Euskaldunon artean erreferente, goi mailako kirolari asko pasa dira hemendik eta kirolari olinpikoren bat ere bai.  Garai berrietara egokitzen ari den honetan, duela 25 urteko ilusio eta prestigio berbera mantentzen du. Iban Perez presidentearen balorazioa:


Laugarrena, Oñati-Lizarra mendi trabesiarentzat izan zen. Lehen saiakera antzua izan bazen ere, mendizale batzuen burugogorkeriaren ondorioz, gaur egungo erraztasunik gabe, aurrera irten zen ametsa. Eta 25 urtetan belaunaldi ezberdinetako mendizaleentzat urteko helburu nagusia izan da. Lehiakortasuna hain errotuta daukagun honetan, mendiaz beste era batera gozatu daitekeela erakutsi digutelako. German Losada Oñati Mendigoizale taldeko kidea hunkituta agertu zen:


Azken sari berezia, Aloña Mendiko txirrindularitza sailak eraman zuen. 50 urte bete baititu aurten. 300 txirrindularitik gora hazi eta hezi ditu eta kirol honen maitale ziren eta direnei, txirrindularitzan aritzeko eta kirol honetaz gozatzeko aukera eman izana eskertu zioten. Hona hemen Kepa Umerez presidentearen balorazioa:


Herritarren saria Gordoarentzat

Herritarren sarian guztira 1015 boto jaso dira. Xabier Gordoa igerilariak jaso zuen saria, boto diferentzia handiarekin (%56,35). Garazi Erostarbe txirrindulariarentzat izan zen bigarren postua (%22,07) eta Ane Erostarbe eskalatzaileak (%20,89) eskuratu zuen hirugarrena. Guztiek ere, txalo zaparra itzela jaso zuten. Herritarren arteko botazioaren %0,69a boto txuriak izan ziren. Gordoak ere zinez eskertu zuen oñatiarrek emandako babesa:


Aurtengo saritu guztiak elkarrekin. Argazkiak: Angel Barrena

No hay comentarios:

Publicar un comentario