2016-12-21 14:47:04
XABI MURGIONDO ETA GARAZI EROSTARBEK RANKING-EKO 3. POSTUA ESKURATU DUTE
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak, bi oñatiar saritu ditu
Xabi Murgiondo eta Garazi Erostarbe txirrindulariak albiste izan dira beste behin. Denboraldia amaituta, sasoi berrirako prestaketa lanak egiten ari diren honetan, Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren errekonozimendua jaso berri baitute. 2016 denboraldiko hirugarren ziklista onenak izan dira gazte eta kadete kategorietan hurrenez hurren.
Urte borobila osatu dute Xabi Murgiondo eta Garazi Erostarbe txirrindulariek. Lehenak, sekulako denboraldia burutu du gazte mailako azken denboraldian. Lau garaipen eta zortzi podiumekin -50 lasterketetan-, inoizko sasoirik onena osatu du. Emaitza hauek, afizionatu mailako talde indartsuenetariko batera salto egiteko aukera eskaini diote Murgiondori. Urtarriletik aurrera, Ampo taldeko ziklista izango baita txantxikuarra.
Caja Ruraleko emakumezkoa ere, ez da atzean gelditu. Burgoseko itzulian, hirugarren izan zen estreineko etapan eta itzuli amaieran, podiumeko postu hori mantentzea lortu zuen. Uztailean berriz, Euskaldun txapelketako Larrabasterrako sari nagusian ere brontzezko garaikurra lortu zuen eta egun bat geroago, erlojupeko Euskadiko azpitxapeldun bilakatu zen Iturmendin (Nafarroa). Uztailean, Gipuzkoako errepide gaineko txapelketa irabazi zuen eta bere azken lorpena, denboraldi hasiera honetan lortu du. Izan ere, duela hilabete pasa, Arrasaten jokatu zen Gipuzkoako ziklo-kros txapelketan, gazte mailako txapela irabazi baitzuen.
Erregulartasun honi esker, Euskadiko ranking-eko hirugarren ziklista onenak izan dira gazte mailako Euskal Herria txapelketan Xabi, eta kadete mailako Euskaldun sarian Garazi. Larunbat goizean egin zuen federazioak urte amaierako sari banaketa ekitaldia eta bi txantxikuarrek, ondo merezitako saria eskuratu zuten Donostian. Zorionak!
Murgiondo eta Erostarbe saria jasotzen. Argazkiak: www.fvascicli.eus |
No hay comentarios:
Publicar un comentario