lunes, 11 de julio de 2016

Xabi Murgiondo.Sekulako denboraldia osatzen ari da....

OK MAGAZINEA
2016-07-11 14:26:14
NAGUSITASUN OSOZ IRABAZI ZUEN LARUNBATEAN, MENDAROKO PROBA
Denboraldiko laugarren garaipena Xabi Murgiondorentzat
Murgiondo Mendaroko helmugan garaile. Argazkia: Gtxe


Xabi Murgiondo txirrindularia albiste izan dugu beste behin, pasa berri den asteburuan. Larunbat arratsaldean Mendaron lehiatu zen Javier Ezenarroren oroimenezkoan, eguneko ziklistarik indartsuena izan baitzen. Dagoeneko, lau garaipen eskuratu ditu aurtengo sasoian Ulma-Aloña Mendiko gazte mailako txirrindulariak.

Kirolari baten egunerokoan alderdi fisikoa oso garrantzitsua dela agerikoa da. Sasoi puntu fina izan ezean, nekez iristen baitira emaitzak. Hala ere, gaur egun, bada alderdi psikologikoa fisikoaren pare jartzen duenik, eta garbi gelditzen dena zera da: bi atal hauek orekatuen dituen kirolariak, arrakasta hurbilago izango du.

Xabi Murgiondo txirrindularia dugu aurrez azaldutakoaren azalpen garbiena. Sekulako denboraldia osatzen ari da eta larunbatean ikasturteko laugarren garaipena lortu zuen Mendaron. Murgiondoren sasoi puntua bikaina dela agerikoa da, baina lortzen ari denaren sekretua bere buruan dagoela esaten dute gertukoenek: «Oso ondo irakurtzen ditu lasterketak eta uneoro egon behar den tokian egoten da eta garaipenak lortzeko oso garrantzitsua izaten da kokapena» esan digu taldeko ordezkari batek.

Iaz ere emaitza oso onak lortu zituen baina aurten eskuratutako garaipenek beste konfidantza bat eman diote Murgiondori. Inor baino gehiago sentitu gabe, baina betiere bere buruarengan sekulako konfidantza erakutsiz, edozer gauza egiteko kapaz dela erakusten ari da.

Asteburuan esaterako, nagusitasun handiz irabazi zuen Mendaroko lasterketa. 84 kilometroko bidean ondo kokatuta egon zen uneoro, eta Kalbarioko igoeretan, beste guztiak baino indartsuagoa izan zen. Eguneko ihesaldi onean sartu, eta mendateko azken igoeran erasoa jo ostean bakar-bakarrik egin zituen lasterketako azken kilometroak ziklista txantxikuarrak. Azkenean 55 segunduko abantailarekin gurutzatu zuen helmuga denboraldiko laugarren garaipena lortuz (aurrez Deban,Antzuolan eta Aizarnazabalen ere onena izan zen). Sailkapen orokorraz gain, mendiko sarian ere onena izan zen Murgiondo eta talde bezala, Ulma-Aloña Mendik bigarren postua eskuratu zuen.

Ikusi hemen lasterketaren [bideo laburpena].

Otero hirugarren, Arrasaten

Mendaroko garaipenaz gain, Ulma-Aloña Mendiko kadete mailako Julen Otero ere podium batean ikusi dugu asteburuan. Kasu honetan, Arrasateko I. Sarian izan da. Atzo arratsaldean jokatu zen lasterketa eta 64 kilometro osatu ostean, esprintean erabaki zen azken garaipena.

Otero oñatiarra, Jon Ibarluzea eta Jon Sanchezekin batera iritsi zen helmugara eta azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Garaipena Toyota Armentia taldeko Jon Sanchezentzat izan zen.

Administrarien lan poltsan parte hartzeko

77 eskaera jaso dira jada Udalak osatu asmo duen administrarien lan poltsan parte hartzeko

2016/07/11


Eskaerak aurkezteko epea, 14.00tan amaitzen da
  Udalaren beharretarako administrarien lan poltsa eratu nahi da. Orain arte 77 eskaera jaso dira udal bulegoetan, horiei, posta bidez iristen direnak batu beharko zaizkio.
  Administrari lan poltsa eratzeko prozesuan parte hartu ahal izateko, batxilergoa, lanbide heziketa 2 edo baliokidea den titulu ofiziala edukitzea eskatzen da. Euskara mailari dagokionez berriz, 3. hizkuntz eskakizun maila egiaztatu beharko dute hautagaiek.
   Lan poltsara aurkezten diren lagunek, hainbat azterketa gainditu beharko dituzte: proba teoriko eta praktiko bana, azterketa psikoteknikoa eta egiaztagiria aurkeztu ez dutenek euskarari dagokiona ere egin beharko dute. 
Azterketaldiaren ondoren, hautagaien lan eskarmentua eta formazio osagarria tartean, informatikari dagokiona baloratuko da. Administrarien lan poltsa osatzeko deialdiaren oinarri eta xehetasun guztiak udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Ikasturte berrirako matrikula epea ireki da

Lanbide heziketa arautuan, ikasturte berrirako matrikula epea ireki da gaur

Ikasleak lanean Larraña institutuan

2016/07/11


Zuazola-Larraña institutuan, erdi mailako hiru ziklo eskaintzen dira eta Enpresagintza fakultatean, goi mailako beste hiru
  Mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa dira Zuazola-Larraña institutuan ikasi daitezkeen erdi mailako zikloak. Enpresagintza fakultatean, berriz, goi mailako beste hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen  dira: administrazioa eta finantzak; salmenta kudeaketa eta zuzendaritza idazkaritza. 
Bietan, gaur hasi da 2016-2017 ikasturterako matrikula epea, hilaren 15era arte, ostiralera arte.
  Lanbide Heziketa egiteko, zikloaren izaeraren arabera, gutxieneko ikasketa batzuk eskatzen dira. Erdi mailako zikloak egiteko, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu behar da eta goi mailako zikloak egiteko, berriz, batxilergoa edota beste goi mailako zikloren bat. Ekainean izan zen aurre matrikula epea. Orduan, bai Larraña institutuan baita Enpresagintza fakultatean ere, bertako instalazioak ikusteko ate ireki jardunak egin zituzten. Hala ere, erdi eta goi mailako heziketa zikloen inguruko informazioa nahi dutenek, bi zentroetara zuzendu daitezke. Hori bai, kontutan hartu ostiralean amaituko dela matrikula epea.
  Krisi ekonomikoak arlo guztiak jo dituen arren, lanbide heziketako ikasleen laneratze proportzioak nahikoa altua izaten jarraitzen du. Hori, inguruko enpresekin egiten den elkarlanaren emaitza da hein handi batetan. Unean uneko beharretara moldatu eta egokitzeko etengabeko ahalegina egiten baitute lanbide heziketako zentroek. Ikasleei gainera, ikasitakoa praktika errealekin tartekatzeko aukera ematen zaie eta geroz eta gehiago dira nazioarteko beka batzuei esker, Europako enpresa ezberdinetan praktikak egiten dituztenak.
Iturria: Oñati Irratia

TRIANAKO JAIXAK 2016.Aurtengo boletotako zenbaki sarituak:


1.Saria (Oñatiko produktuekin osatutako otarra): 

-3390 (Maite Agirrek salduta)

-Ordezkua:1037 (Aloña Tabernan salduta)

2.Saria (La Perlan bi pertsoantzako zirkuitua)

-1604 (Odriozola harategian salduta)

-Ordezkua: 2993 (Kuttun dendan salduta)

*Gogoratu hilabete bateko epia dauela boletua entregaitteko.

domingo, 10 de julio de 2016

Hezkuntzan, Oñatiko EAJ-PNVk, bi foro berri proposatzen ditugu: elkarbizitzarena eta ekintzailetza-sormenarena

Kontzejupetik aldizkarian)

Erostarbe, Amaia_1Hezkuntza arloan ‘Herri Curriculuma’ eta ‘Eskolako Bidea’ dira esku artean dituzuen proiektu nagusiak. Nola ikusten dituzu?Lau hezkuntza-mahai daude (gurasoen formazioa, euskal kultura, mugikortasun jasangarria eta herri-curriculuma), eta udalak eta hezkuntza-arloko eragileek hartzen dute parte; tamalez, ez da onartu EAJren ordezkaririk.
Hezkuntza-mahai horietan sortutako egitasmoak dira, bai Eskola-bidea, bai Herri-curriculuma. Eskola-bidearekin, eskolarako joan-etorriak egitean, bizikletaz, oinez edo patinetez joatea sustatu nahi da. Errekalde Herri Eskola (Urgain) orain sei-zazpi urte hasi zen eskolara oinez joateko ekimena antolatzen kultura-astean; orain herriko beste ikastetxeetara ere zabaldu da, eta oso pozgarria da. Herri-curriculuma, berriz, herriko kulturaondarearen berri jaso, eta eskoletan transmititzeko proiektua da. EAJk oso aldeko jarrera agertu du proiektu horren aurrean.
Hezkuntza arloan, bi foro gehiago antolatzea da EAJren proposamena, Oñati HERRI HEZITZAILEAREN EREDUA jomuga. Batetik, ume eta gaztetxoen artean elkarbizitza, harreman egokiak, bakearen kultura, berdintasuna, kulturartekotasuna… sustatzeko. Bestetik, gaztetxoen artean ekintzailetza, sormena eta aintzindarien ezagutza suspertzeko.
Euskararen arloan, besteak beste, etorkinek euskara ikasteko programak indartu beharra dagoela diozue.
Hamar urte dira atzerritik etorritako umeei euskararako bidea errazten hasi zela udala, EAJren ekimenenez. Batez ere ahozko komunikazioan trebatzeko saioak antolatu izan dira. Gure ustez orain beste urrats bat eman behar da, eta baliabide gehiago eskaini programari: gero eta ikasle gehiago dago, eta beranduegi bukatzen dira saioak (20:00- etan). Halaber, urteetako eskarmetuak erakutsi digu Olako dorrea ez dela lekurik onena.
Bestalde, atzerritik etorritako gizon-emakume asko dago Oñatin edadekoak zaintzen eta ostalaritzan lanean batez ere. EAJren azken legealdian, herritarrok euskararen oinarrizko mailaren jabe egiteko egitasmoa jarri zen abian diruz lagunduta eta haien lanarekin bateragarri eginda. Oso beharrezkoa da programa hori berreskuratzea.
Gainera, arduratuta gaude ume eta gaztetxo batzuek lagunekin gazteleraz jarduten dutelako. Ez dakigu zenbateko indarrez, eta datu objektiboak behar dira.
AMAIA EROSTARBE
EAJko ordezkaria Euskara-Hezkuntza batzordean

IX. JAVIER EZENARRO OROITZARREA 2016, MENDARO, JUNIOR

Gandiaga gunea txiki geratu da Ruper Ordorikaren kontzertuarendako

Amaia Txintxurreta 2016-07-10 19:06   KULTURA  OÑATI
Donostia 2016 Bidea egitasmoaren barruan, Ruper Ordorika bakarlariak kontzertua eskaini du eta ezin izan dira aretora sartu ikus-entzule guztiak, denendako tokirik ez zegoelako. 240 lagun inguru izan dira aretoan eta kalitate handiko emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute barruan zeudenek.
Ruper Ordorika bakarlaria, Gandiaga gunean zuzenekoa eskaintzen. 
Mendiaz eta naturaz era berezian gozatzeko asmoarekin sortu zuten Donostiako Kultura Hiriburutzaren ekitaldien barruan, 2016 Bideak egitasmoa eta gaur hamaseigarren ibilaldia egin dute; Legazpin hasi eta Arantzazun bukatu dena.

Hamaseigarren etapa

Etapa horretan 120 lagun izan dira. Gogorra izan omen da eguzkiak eta beroak hainbat zailtasun sortu dituelako, baina, hala ere, parte-hartzaileak oso gustura iritsi dira Arantzazura. Kanpandorreko kanpaien soinuarekin egin diete harrera eta basilikaren kanpoaldeko plazan Ganbara Abesbatzak egin die ongietorria. Bitartean, Gomiztegiko gazta eta Upaingo txakolina dastatzeko aukera izan dute.
Denbora librea ere izan dute Arantzazun eta basilikaren bi bisita gidatu izan dira. Parketxea eta Ghost Forest erakusketa bisitatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.

Kontzertu berezia

Egunari amaiera borobila emateko, Ruper Ordorika bakarlariaren kontzertua izan da Gandiaga gunean eta bertaratu direnak oso-oso gustura gelditu dira entzundakoarekin. Hala ere, ezin izan dira aretora nahi zuten guztiak sartu, leku faltagatik. 200 lagun eserita izan dira kontzertuaz gozatzen, eta beste 40k zutik entzun behar izan dute. Asko zaindutako eszenografia erabilita, Ordorikak bere abestien errepasoa egin du. Kontzertua entzuten izan da Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi ere.

Hurrengo etapa

Hurrengo domekan izango da hamazazpigarren etapa eta Arantzazutik abiatuko da. Nikolas Segurolak eta Pello Zabalak emandako azalpenekin eta kanpai hotsekin hasiko da etapa hori.