2016-07-11 14:26:14
NAGUSITASUN OSOZ IRABAZI ZUEN LARUNBATEAN, MENDAROKO PROBA
Denboraldiko laugarren garaipena Xabi Murgiondorentzat
Murgiondo Mendaroko helmugan garaile. Argazkia: Gtxe |
Xabi Murgiondo txirrindularia albiste izan dugu beste behin, pasa berri den asteburuan. Larunbat arratsaldean Mendaron lehiatu zen Javier Ezenarroren oroimenezkoan, eguneko ziklistarik indartsuena izan baitzen. Dagoeneko, lau garaipen eskuratu ditu aurtengo sasoian Ulma-Aloña Mendiko gazte mailako txirrindulariak.
Kirolari baten egunerokoan alderdi fisikoa oso garrantzitsua dela agerikoa da. Sasoi puntu fina izan ezean, nekez iristen baitira emaitzak. Hala ere, gaur egun, bada alderdi psikologikoa fisikoaren pare jartzen duenik, eta garbi gelditzen dena zera da: bi atal hauek orekatuen dituen kirolariak, arrakasta hurbilago izango du.
Xabi Murgiondo txirrindularia dugu aurrez azaldutakoaren azalpen garbiena. Sekulako denboraldia osatzen ari da eta larunbatean ikasturteko laugarren garaipena lortu zuen Mendaron. Murgiondoren sasoi puntua bikaina dela agerikoa da, baina lortzen ari denaren sekretua bere buruan dagoela esaten dute gertukoenek: «Oso ondo irakurtzen ditu lasterketak eta uneoro egon behar den tokian egoten da eta garaipenak lortzeko oso garrantzitsua izaten da kokapena» esan digu taldeko ordezkari batek.
Iaz ere emaitza oso onak lortu zituen baina aurten eskuratutako garaipenek beste konfidantza bat eman diote Murgiondori. Inor baino gehiago sentitu gabe, baina betiere bere buruarengan sekulako konfidantza erakutsiz, edozer gauza egiteko kapaz dela erakusten ari da.
Asteburuan esaterako, nagusitasun handiz irabazi zuen Mendaroko lasterketa. 84 kilometroko bidean ondo kokatuta egon zen uneoro, eta Kalbarioko igoeretan, beste guztiak baino indartsuagoa izan zen. Eguneko ihesaldi onean sartu, eta mendateko azken igoeran erasoa jo ostean bakar-bakarrik egin zituen lasterketako azken kilometroak ziklista txantxikuarrak. Azkenean 55 segunduko abantailarekin gurutzatu zuen helmuga denboraldiko laugarren garaipena lortuz (aurrez Deban,Antzuolan eta Aizarnazabalen ere onena izan zen). Sailkapen orokorraz gain, mendiko sarian ere onena izan zen Murgiondo eta talde bezala, Ulma-Aloña Mendik bigarren postua eskuratu zuen.
Ikusi hemen lasterketaren [bideo laburpena].
Otero hirugarren, Arrasaten
Mendaroko garaipenaz gain, Ulma-Aloña Mendiko kadete mailako Julen Otero ere podium batean ikusi dugu asteburuan. Kasu honetan, Arrasateko I. Sarian izan da. Atzo arratsaldean jokatu zen lasterketa eta 64 kilometro osatu ostean, esprintean erabaki zen azken garaipena.
Otero oñatiarra, Jon Ibarluzea eta Jon Sanchezekin batera iritsi zen helmugara eta azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Garaipena Toyota Armentia taldeko Jon Sanchezentzat izan zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario