martes, 5 de julio de 2016

Ihanire Urteagak Plentziako akuatloia irabazi du

ok magazinea
2016-07-05 16:50:59
BERE KIROL IBILBIDEKO AURRENEKO GARAIPENA IZAN DA
Ihanire Urteagak Plentziako akuatloia irabazi du
Ihanire Urteaga Aloña Mendi triatloi taldeko ordezkaria, Plentziako akuatloiko emakumezko azkarrena izan zen larunbatean. Igeriketako sektore bikain bati esker, abantaila hartu zuen azken korrikako partzialean, eta alde hori ondo kudeatu ostean, bere kirol ibilbideko aurreneko garaipena eskuratu zuen oñatiarrak.

Plentziako akuatloiak hamahirugarren ekitaldia bete zuen larunbatean. Proba, Euskoman Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatu zuten elkarlanean, eta azken urteetan bezala, sprint distantzian lehiatu zen. 2.5 kilometro korrika, 1.000 metro igerian, eta beste 2.5 kilometro lastertu behar izan zituzten azkenik kirolariek. Emakumezkoen sailkapen nagusian, Oñatiar bat izan zen onena.

Ihanire Urteagak igeriketako tarteko sektorean oinarritu zuen bere garaipena. Uretara bigarren postuan sartu ondoren, lasterketa buruan eta minutu batetik gorako aldearekin irten zen bertatik. Hori horrela, azken korrikako sektorean aurrez igerian atera zuen abantaila kudeatzea zuen helburu Urteagak, eta 0:42:20ko denborarekin, lehen postuan iritsi zen helmugara txantxikuarra.

Urteagak minutu batetik gorako aldea atera zion podiumean alboan izan zuen Ane Aranagari (00:43:37). Hirugarren postua, Esti Tejedak (00:46:04) eskuratu zuen eta gizonezkoetan azkenik, Oscar Vila (0:34:09) izan zen garailea.

Urteagaren adierazpenak

Larunbatekoa, Urteagaren kirol ibilbideko lehen garaipena izan da. Alde horretatik oso pozik agertu da protagonista gaur, Oñati Irratian. Bere testigantza pertsonala azaltzeaz gain, aurrera begira dituen helburuetaz mintzatu da.

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

Urteaga, Plentziako podium nagusian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario