Donostia 2016 Bidea egitasmoaren barruan, Ruper Ordorika bakarlariak kontzertua eskaini du eta ezin izan dira aretora sartu ikus-entzule guztiak, denendako tokirik ez zegoelako. 240 lagun inguru izan dira aretoan eta kalitate handiko emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute barruan zeudenek.
Mendiaz eta naturaz era berezian gozatzeko asmoarekin sortu zuten Donostiako Kultura Hiriburutzaren ekitaldien barruan, 2016 Bideak egitasmoa eta gaur hamaseigarren ibilaldia egin dute; Legazpin hasi eta Arantzazun bukatu dena.
Hamaseigarren etapa
Etapa horretan 120 lagun izan dira. Gogorra izan omen da eguzkiak eta beroak hainbat zailtasun sortu dituelako, baina, hala ere, parte-hartzaileak oso gustura iritsi dira Arantzazura. Kanpandorreko kanpaien soinuarekin egin diete harrera eta basilikaren kanpoaldeko plazan Ganbara Abesbatzak egin die ongietorria. Bitartean, Gomiztegiko gazta eta Upaingo txakolina dastatzeko aukera izan dute.
Denbora librea ere izan dute Arantzazun eta basilikaren bi bisita gidatu izan dira. Parketxea eta Ghost Forest erakusketa bisitatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.
Kontzertu berezia
Egunari amaiera borobila emateko, Ruper Ordorika bakarlariaren kontzertua izan da Gandiaga gunean eta bertaratu direnak oso-oso gustura gelditu dira entzundakoarekin. Hala ere, ezin izan dira aretora nahi zuten guztiak sartu, leku faltagatik. 200 lagun eserita izan dira kontzertuaz gozatzen, eta beste 40k zutik entzun behar izan dute. Asko zaindutako eszenografia erabilita, Ordorikak bere abestien errepasoa egin du. Kontzertua entzuten izan da Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi ere.
Hurrengo etapa
Hurrengo domekan izango da hamazazpigarren etapa eta Arantzazutik abiatuko da. Nikolas Segurolak eta Pello Zabalak emandako azalpenekin eta kanpai hotsekin hasiko da etapa hori.
No hay comentarios:
Publicar un comentario