Esklerosi anizkoitzaren aldeko 'Busti zaitez' kanpainak erantzun ona izan du bai Arrasaten bai Oñatin
2012-07-08 19:22:01 Larraitz Zeberio
Oñatin lehenengo aldiz egin dute sentsibilizazio kanpaina, eta bultzatzaileak oso pozik agertu dira.
ARGAZKI GALERIA
Esklerosi anizkoitza sendabiderik gabeko gaixotasuna da gaur egun, baina ikertzaileak aurkikuntza oso itxaropentsuak egiten ari dira. Bide horretan jarraitu ahal izateko Busti zaitez kanpaina egin zuen atzo, domeka, Gipuzkoako elkarteak.
Mahai informatiboak ez zuen hutsik egin Musakola kiroldegiko atarian. Hamargarren urtez egun osoko jarduna egin zuten elkarteko boluntario arrasatearrek, eta bi mila eurotik gora batu zuten. "Emaitza ona da; 2010. urtean 1.900 euro batu genuen, eta gaur gainditu egin dugu marka hori", zioen Emilio boluntarioak. Igerian egitera ere animatu zen jendea Arrasaten. Boluntarioek emandako datuen arabera 23.000 metro egin ziren atzo igerian esklerosi anizkoitzaren alde Musakolan. "Hogei bat lagun aritu gara lanean, baina pena merezi izan du", adierazi zuten boluntarioek.
Oñatin ere gustura
Oñatiko boluntarioak ere pozik agertu ziren jasotako emaitzarekin. "Pentsatu baino emaitza hobeak lortu ditugu", adierazi du Jose Luis Calvok. 11:00ak aldera ipini zuten informazio mahai Herriko plazako bazter batean eta bazkal ordura arte luzatu zuten informazio eta sentsibilizazio kanpaina. "Jendea hurbildu da informazioa eskatzera, eta batzuk nora jo ere galdetu dute. Eman diegu informazio hori".
Kamiseta salmenta ere ondo joan zela adierazi du Calvok. "Ia guztiak saldu ditugu; 40 bat inguru. Itsulapikoetan ere bota du dirua jendeak". Pozik ziren boluntario oñatiarrak. Herriko plazan egin dute lehenengo kanpaina, baina datorren urterako asmoa da igerileku aurrean ipintzea. "Aurten ekimena ezagutzera ematea zen gure helburua. Datorren urtean jendeak jakingo du nortzuk garen baita zertan edo zeren alde ari garen".
domingo, 8 de julio de 2012
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario