Oñatiko EHBildu koalizioak bat egiten du uztailak 7rako "Birziklatzeari
zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara" lelopean burutuko den
manifestaldiarekin eta bertara joateko dei egiten diogu jendarteari.
Horretarako autobusa antolatu da Oñatitik, manifa Donostian izango da
17:30etan eta autobusa 15:30etan atarako da Korreosetik. Izena arrano
tabernan eman daiteke. Zabaldu kontaktuen artean.
Hemen daukazue deialdiaren irakurketa politikoa:
Egun gutxi barru, EAJk, PSEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako
Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa onartuko dute. Honen
aurrean, EH Bildu koalizioa osatzen dugunok ez ginela geldirik geratuko
iragarri genuen eta, gaurko agerraldi honen bitartez, oposizioak blokean
hartu duen bide horren aurrean gure desadostasuna agertzeaz gain, hiru
alderdi horien jarrera salatzeko mobilizazio bat deituko dugu.
Ezer baino lehen komeni da gogoaraztea nola iritsi garen zentsura mozio
honetara. Oposizioak, orain dela oso aste gutxi arte, Gipuzkoa geldirik
zegoela zioen, Diputazioa ez zela Gipuzkoako arazoei konponbidea
aurkitzeko gai eta abar eta abar. Baina hondakinekin dugun arazoa behingoz
konpontzeko gai den plan integrala mahai gainean jarri denean, orduan hasi
dira urduritasunak eta kontraesanak eta, ondoren, inoiz inon ikusi ez den
ekimen bateratu bat abiatu dute EAJk, PSEk eta PPk: diputatu baten aurkako
zentsura mozioa.
Zer proposatzen du bada plan horrek, bere aurkezpenak horrelako ezinegona
sortarazleko oposizioan? Hitz gutxitan laburbilduz, konponbidea dugu esku
artean, eta, gainera, 200 miloi euro gutxiago kostatuko da, erdia
alajaina, eta Europako ebazpenetan oinarritzen da, hau da, birziklatzean,
eta ez hondakinen errausketan. Horixe da gakoa: plan hau oso egingarria
eta errealista da, ez da utopikoa. EAJ, PSE eta PP laster jabetu dira
planaren potentzialtasunaz eta hori ezkutatzeko, zarataka eta espantuka
hasi dira, benetako eztabaidari ihes egiteko.
Errauste plantak ez zeukala alternatibarik esan eta esan ibili dira
Gipuzkoan azken hilabetetan. Baina erakutsi digute baietz, badagoela beste
aukera ekologikoagoa eta eramangarriagoa, eta gaur egun Zubietan errauste
planta bat eraikitzea zentzugabekeria galanta dela. Alde batetik,
gipuzkoarrok ez dugulako gaur gaurkoz horrelako azpiegiturak behar dituen
adina hondakinik ekoizten. Martxan hasi bezain pronto hondakinak
inportatzen hasi beharko litzateke. Bizkaiko Zabalgarbi errauste planta
jada egoera horretan dago, eta EH Bildu ez dago prest horretarako, inondik
inora.
Beste aldetik, Europako ebazpenak daude. Jakina den bezala, 2020 baino
lehenago birziklatu daiteken guztia birziklatu behar da, eta ezingo dira
erraustu ez eta isuri. Hori denok argi badaukagu, eta, ondorioz, errefusa
erretzeko errauste planta planteatzeak, zentzugabekeria baino,
gipuzkoarrei iruzurra egitea da.
Beraz, argi dago errauste plantaren eraikuntzaren atzetik beste interes
ekonomiko eta politiko batzuk daudela. Lobby ekonomikoa eta EAJ, PSE eta
PP gipuzkoarren interesak alde batera uzten ari direla. Gaur zentsura
mozioa da, baina argi dago hau ez dela ekimen isolatua. EH Bilduren
aurkako estrategia komun batean kokatu behar da zentsura mozioa. EAJ, PSE
eta PP hirukotearen asmoak argi daude: ezkerreko soberanista eta istaren
aurkako fronte bat osatzea eta Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta
soziala gelditzea.
Haatik, Gipuzkoan aldaketa politiko eta soziala sendotzen ari da. EH Bildu
koalizio berriak politika egiteko beste era bat ekarri du, herritarrekin
eta herritarrentzat. Euskal Herrian bizi dugun aro politiko berria
osasuntsu dago Gipuzkoan, eta gure kaleetan bakera eta demokraziara doan
bidean aurrerapausoak ematen ari gara etengabe. Baina EAJ, PP eta PSE
oraindik ez dira aro berri honetara iritsi, iraganari lotuta jarraitzen
dute, eta oraindik ez dira gai izan egoera politiko berri honetan
kokatzeko.
Eta honetan guztian EAJren jarrera bereziki kezkagarria da. Azkeneko udal
hauteskunde kanpainan, 2011an, "batu gaitezen" leloa erabili zuen,
erabakitze eskubidearen aldeko batasuna aldarrikatuz. Urtebete geroago,
ordea, badakigu zein den beraien lehentasuna: iraganeko status quo
mantentzea, eta horretarako PSE eta PPrekin batu da. Gipuzkoan erabakitze
eskubidearen inguruko gehiengo berriak osatzeko urratsak eman beharrean,
herri honen hitza behin eta berriz ukatzen dutenekin batu da. Gaur
Alduntzinen aurkako mozioa da, baina aste honetan, ikusi ere egin ez duten
euskal presoei buruzko film bat zentsuratu zuten Donostiako udalean,
berriro ere PP eta PSEren eskutik. EAJ edozeinekin paktatzeko gai da denak
berdin jarrai dezan.
Eta zentsura moziora itzuliz, benetan neurriz kanpokoa dela nabarmendu
behar dugu. Horrelako mozioak, lapurretak egin dituzten politikarientzat
pentsatuta daude. Eta ezin da ukatu Gipuzkoan horrelako ekimena merezi
izan duten bestelako kasuak egon direla, Bidegiren kudeaketa, adibidez.
Baino ez EAJk, ez PPk eta ez PSEk ez dute horretarako beharrik sentitu,
eta lehen aldiz zentsura mozio bat bere programa betetzen duen diputatu
bati ezarriko diote.
Egoera honek herritarren artetik erantzun bat merezi du. Zentsura mozioa
Batzar Nagusietan uztailak 6an tratatuko da, eta datu guztien arabera,
aurrera aterako da. EH Bilduk Gipuzkoar guztiei dei egiten die hurrengo
egunean, uztailak 7 larunbata, arratsaldeko 17:30etan Donostiako
Boulebard-etik "Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara"
lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Oñatiko EHBildu
No hay comentarios:
Publicar un comentario