viernes, 13 de julio de 2012

Natra Aloña.

Natra Aloñak EBAn jokatuko du hurrengo denboraldian


2012-07-13 11:00:00 Mireia Bikuña

Saskibaloi sailak EBA mailan libre zeuden plazetako bat eskuratu eta Natra Oñatiren laguntzarekin, apirilean galdutako liga beren jokatuko dute irailetik aurrera. Hurrengo pausuak izango dira: plantilla osatu eta entrenatzailea lotu. "Ilusio handiarekin gaude. Maiatzean, denboraldiako balorazioa egin genuenean konturatu ginen 500 herritarrekin zor morala genuela. Taldeak ez zuen maila ona eman, baina harmailak beteta egon ziren partidu guztietan. Zor hori ordaintzeko egin dugu EBAn jokatzeko ahalegina", esan digu Gorka Judezek.



Asier De la Iglesia, saskiratzea egiteko gertu.
Maiatzean hasi ziren denboraldi berrian pentsatzen. EBAko lehen urtean "ondo eta gaizki" egindakoak aztertu ondoren, pausu berri bat ematea erabaki zuten. "EBAk 14 talde izango ditu hurrengo urtean, eta plaza batzuk hutsik zeuden. Aurrekontua osatu eta eskaera egin genuen", dio Judezek.



Aurrekontua osatzeko Natra Oñatiren laguntza izango dute. "Iazko kopuru bera agindu digute gutxienez", diote saskibaloi sailekoek. Dena den, aurrekontua osatzeko herritarren laguntza ezinbestekoa izango da. "Iaz bazkide kanpainarekin, sarrerekin eta zozketekin uste baino diru gehiago batu genuen. Aurtengo erantzuna iazkoa bezain ona bada, ez dugu arazorik izango aurrekontua estaltzeko", dio Judezek.



Taldearen beste babesleek, Sustrai fruta-denda eta Arkupe taberna, besteak beste, euren ekarpenak agindu dituzte.



Jokalariak eta entrenatzailea



EBAn segitzeko erabakia hartu aurretik, jokalariekin batzarra egin zuten zuzendaritzakoek. Gehienek baiezkoa eman zuten, baina beste batzuk "ez" esan zuten: Ander Mallabiabarrenak, Iñigo Biainek eta Mikel Biainek taldea utziko dute. Jokatzen jarraituko dute Asier De la Iglesiak, Iñigo Zabaletak, Iagoga Gamarrak, Eneko Blancok, Ales Anduagak... Ander Gartzia bergararraren eta Imanol Zeziaga arrasatearraren jarraipena zalantzan dago. "Goragoko mailako taldeen eskaintzen zain daude, baina akaso, gurekin egongo dira irailean", diote.



Entrenatzailerik ez daukate oraindik. "Ezustekoren bat" egon daitekeela esan dute. Hori da, lotu behar duten hurrena. Entrenatzailea eta beste jokalariren bat. "Asko jota jokalari bat edo bi fitxatuko ditugu", esan digute.



Lan handia



EBAn plaza eskuratzeko eskaera egin eta adostasuna jaso ondoren, lan handia daukatu aurretik saskibaloiko zuzendaritza batzordekoek. "Liga hasi aurretik gauza asko lotu behar ditugu, baina pausuz-pausu joango gara. Gauzak ondo egingo ditugu, eta EBAn mantentzeko aukerak dituen taldea osatuko dugu", esan digu Gorka Judezek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario