Mikel Uribeetxeberria: "Okinaren lana gauez egin behar da; beraz, ez da gauza bera gauez lo egitea edo egunez egitea"
2012-06-12 00:00:00 Maialen Regueiro
Mikel, Irazola okindegian egiten duen baserriko ogia saskian duela. |
Mikel Uribeetxeberriak (Oñati, 1989) Irazola okindegia ireki zuen joan den abenduaren 11n. Okindegian lan egiteaz gainera, saskibaloian jokatzen du, eta biak uztartzen saiatzen da.
Nondik sortu zen okindegia irekitzeko ideia?
Ikasketak amaitu nituen, eta garai zail hauetan etxean zerbait egitea pentsatu genuen. Gainera, aitaren aldeko familiakoak ere okinak izan ziren, eta okindegia irekitzea erabaki genuen.
Nola egiten duzue ogia?
Ogia egiteko modu tradizionala erabiltzen dugu. Lehenengo, ogi-masa egiten dugu, era tradizionalean. Masa eginda dagoenean, minutu batzuk igaro eta gero bolak egiten ditugu. Bolak egin ostean, minutu batzuk itxaron, eta horren ondoren, ogi forma ematen hasten gara. Eta ogi forma duenean, labera sartzen dugu.
Ogi mota bakarra egiten duzue?
Baserriko ogia egiteaz gainera, bihi osoko ogia ere egiten dugu. Baserrikoaren kasuan, betiko estiloko eta barra formako ogiak egiten ditugu. Bihi osoko ogiarenean, aldiz, barra formakoak egiteaz gain, moldeetan egindako ogiak ere egiten ditugu.
Ogia okindegian saltzeaz gainera, zapatuetan herriko azokan ere saltzen duzue.
Udalak laguntzak ematen dizkigu azokan guk egindako ogia saltzeko, eta, egia esan, oso ondo saltzen ari da. Agian, hemendik gutxira beste herriren bateko azokan ere hasiko gara gure ogia saltzen.
Okindegia ireki zenutenetik orain arteko balantzea nolakoa izan da?
Oso ona. Uste genuena baino gehiago saldu dugu. Oñatiko jendea da gehienbat ogia erostera etortzen dena, baina Bergarako eta Legazpiko batzuk ere gerturatzen dira guk egiten dugun ogia erostera.
Zergatik irauten du gehiago baserriko ogiak?
Bada, baserriko ogia eta kaleko ogia ez dira berdin egiten. Baserriko ogia egiteko lan handiagoa egin behar da. Guk lehen egiten zuten moduan egiten dugu, eta lehen ere ogiak asko irauten zuen. Gainera, baserriko ogia denbora luzeagoan egoten da labean, eta, agian, horregatik izan daiteke.
Baserriko ogia geroago eta gehiago jaten da. Zergatik? Modan dago ala kalitate onekoa delako jaten da gehiago?
Argi dago kalitateari geroz eta garrantzi handiagoa ematen diogula. Gainera, esango nuke geroz eta gazte gehiago etortzen direla gure ogia erostera. Agian gehiago irauten duelako izan daiteke.
Gogorra da okinaren lana?
Okinaren lana gauez egin behar da; orduan, gogorra dela esan daiteke. Izan ere, ez da berdina gauez lo egitea edo egunez egitea.
Nolakoa da okinaren egun bat?
Bada, labea egun bat lehenago berotu behar da, eta horretarako sua egin behar da. Labea zaindu behar da, eta dagokion tenperaturan mantendu. Ogi masa, aldiz, gauez egiten dugu. Izan ere, ogia egiteko prozesua nahiko luzea da.
Asteburuan ogia. Astean zehar zer egiten duzu?
Okindegia astebururako prestatzen ibiltzen naiz. Besteak beste, okindegia garbitu eta egurra prestatzen dut.
Ogia astean zehar saltzeko asmorik?
Hasiera baten, asteburuetan soilik salduko dugu. Izan ere, astean zehar oso ogi gutxi salduko litzateke, eta, horrenbestez, ez du merezi. Ogi asko salduko liratekeela jakinez gero, astean zehar ere irekiko genuke.
Saskibaloia eta negozioa nola uztartzen dituzu liga garaian?
Orain liga amaitu dut, baina liga garaian partidua izan dudanean, gurasoak egon dira nire ordez lanean. Beste batzuetan, anaiak ere nire partez egin du lan, eta asko eskertzen dut. Izan ere, bakarrik egonez gero ezingo nuke horrelakorik egin eta ezingo nituzke bi gauzak uztartu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario