Ostiralean amaitzen da gazteen emantzipaziorako laguntzak eskatzeko epea.
Hiru hilabete izan dute alokairuan bizi diren 30 urtez azpiko oñatiarrek Udalak eskainitako diru laguntza hauek eskatzeko. Eta ostiralera bitartean eskaera gehiago jaso daitezkeen arren, orain arte zazpi bakarrik erregistratu dira.
Udalbatzaren erabateko adostasunez onartu ziren diru laguntza hauen helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea batetik, eta alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea bestetik. Diru laguntzak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu-kontratua baldin badute; Oñatin hamar urtetan edo azken bi urtetan erroldatuta badaude eta urteko duten diru sarrera gordinak 28.000 euro baino gutxiago badira edota gehienez 35.000 euro bi eskatzaile edo gehiago direnean. Alokairu etxebizitzei dagokienean, diru laguntza jasoko dute Oñatin egon eta bizigarritasun baimen duten etxebizitzak alokatzeagatik. Udalak, hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza eskaintzen du beti ere, hilean 250 euroko mugarekin.
Zazpi izan dira orain arte gazteen emantzipaziorako diru laguntzak eskatu dituztenak. Udal Gobernu Taldeak lehen eskaerak aztertu ditu jada. Diru laguntza eskaera onartu zaienei, bi zatitan ordainduko zaie; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa berriz, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da.
Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara 108.000 € bideratuko dira aurten.
Eskaera egiteko epea, ostiralean, urriaren 16an amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario