martes, 27 de octubre de 2015

YERAY VARELA eta SARA GOMEZ.......

OK MAGAZINEA
2015-10-26 15:48:03
VARELA HIRUGARREN IZAN ZEN ETA GOMEZ GARAILE JUNIORRETAN
Yeray Varela eta Sara Gomez Lasarte-Oriako kroseko podiumera igo dira
Giro ederra izan zuten atzo Lasarte Oria Bai! Kros herrikoiean. Azken urteetako bideari jarraipena emanez, korrikalarien lasterketaz gain, elbarrien proba ere jokatu zen herri inguruneetan atonduriko zirkuituan. Gizonezko zein emakumezkoen artean, oñatiarrak beste behin protagonista izan ditugu. Yeray Varelak sailkapen nagusiko hirugarrena izan zen eta Sara Gomezek emakumezkoen junior mailako sailkapena irabazi zuen.

XX. ekitaldia bete zuen atzo goizean Lasarte Oria Bai! Kros herrikoiak. 10,5 kilometroko probak 1000 korrikalarien muga gainditu zuen atzokoan eta urteko legez, Oñatiko hainbat ordezkari elkartu ziren bertan. Proba hasieratik, faborito nagusien tropeltxoa lasterketa buru jarri zen eta bertan kokatu zen Aloña Mendi taldeko Yeray Varela korrikalaria. Ibilbide guztian zehar, lehia estua mantendu zuten oilar guztiek. Hala ere, taldetxoa Hipodromora bidean hausten hasi zen. Ossama Ifraj, Ignacio Tanco Gomez Margallo eta Yeray Varela izan ziren indartsuenak lehen kilometro horietan.

Probak aurrera egin ahala, hipodromoko zubiko bihurgunean, Ifraj eta Tanco bikoteak tartea zabaldu zuen hirugarren zijoan Gomez Margallorekiko. Azken kilometro horietan baina, Yeray Varelak atzetik aurrera egin zuen eta azken zuzengunean indar erakustaldi bikaina eskainiz, Gomez Margallo aurreratu eta hirugarren postuan iritsi zen helmugara 34:01 denborarekin. Sei segunduko aldea atera zion oñatiarrak lasartearrari.

Bestelakoan, garaipena Ossama Ifraj-entzat izan zen 33:28 denbora eginez. Bigarren postua Ignacio Tancok eskuratu zuen (33:37) eta podiumeko azken koskatxoa, aurrez esan bezela, Yeray Varela txantxikuarrarentzat izan zen. Aipatu beharra dago, Varela garaile izan zela Lasarten 2013.urteko edizioan.

Sara Gomez garaile, juniorretan

Emakumeen lasterketa lehiatuagoa izan zen. Ana Ollo iruñearra eta Maitane Guerrero hernaniarrak hasieratik nabarmendu ziren. Ollok erritmo bizia jarri zuen proba guztian, baina Guerrero oso metro gutxitara eraman zuen momentu oro. Azkenean, Ana Ollo bera izan zen azkarrena, 37:17 denbora eginez. Hamar segundo beranduago iritsi zen helmugara Guerrero. Hirugarren postua Nerea Egia donostiarrarentzat izan zen.

Emakumeen lasterketan Sara Gomez oñatiarrak proba oso ona burutu zuen. Denboraldi hasiera honetan bere sasoi puntu onenetik urruti egon arren, maila erregularra mantendu zuen ibilbide guztian zehar eta azkenean 46:34 kronoan helmugaratu zen, junior mailako garaipena eskuratuz.

Iaz ere, garaipena eskuratu zuen jubenil mailan Gomezek Lasarten baina atzo, orduko hartan baino 33 segundu behar izan zituen Aloña Mendiko korrikalariak helmugara iristeko. Urtetik urtera daraman hobekuntzaren erakusle da atzoko marka.

Gomez eta Varela atzoko lasterketako une ezberdinetan. Argazkiak: www.txintxarri.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario