martes, 20 de octubre de 2015

GOITIBEHERAK OÑATIN

ok magazinea

2015-10-20 11:35:36
OÑATIN ZALETASUN HANDIA DAGO GAUR EGUN
Goitibehera jeitsierak; etengabe haziz doan kirola
Duela bi hamarkada inguruko bolada indartsua berreskuratu nahian, Oñatin eta orokorrean, Euskal Herri guztian, egundoko gorakada izan dute Goitibehera jetsierek azken urteetan. Gaur egun, inertzia kirolen federazio barruan, Euskal Liga bat jokatzen da eta bertan, txantxikuar ugari ari dira lehiatzen. Denboraldia amaitu berritan horietako hiru, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izan ziren atzo arratsaldean.

Goitibehera jaitsierak moda-modan daude. Herriko kirol karteldegiei bistadizo bat bota eta Hego Euskal Herriko puntu ugaritan, inertzia kirol honen lasterketa dexente aurkitu daitezke. Horietako bat Oñatin ospatzen da. Maiatzeko azken asteburuan, Errekalde auzoko egitaraua begiratuz gero, 2010 urtetik hona, era honetako sei lasterketa jokatu direla ikus dezakegu. Horrek agerian uzten du, Goitibeheren mundua etengabe haziz doala gurean. «Duela bost urte 15 bat parte hartzaile genituen proban eta azken edizioan 50 bat lagun elkartu ginen» zioen atzo Oñati Irratian, Errekaldeko proban antolatzaile lanetan ari den Sergio Gilek.

Herriko proban ez ezik, Euskal Ligako gainontzeko lasterketa gehienetan ari diren hiru Goitibehera zale, Oñati Irratiko kirol tarte nagusitik pasatu ziren atzo arratsaldean. Iker Arkauz, Joseba Astondoa eta Danel Geretak, urte batzuk daramatzate mundu honetan eta orokorrean «oso gustora» ari direla onartu zuten atzoko irratsaioan. «Azken urteetan sekulako gorakada izan duen diziplina da eta hori antzeman da lasterketa eta antolakuntzen logistika metodoetan; asko hobetu dugu» adierazi zuen Geretak.

Zaletasun handia Oñatin

Otsailean hasi eta iraila bitartean hamaika proba jokatu dira amaitu berri den 2015eko denboraldian; tartean dago Errekaldekoa. Baina proba hauetaz gain, ligatik kanpo dauden beste hainbat jeitsiera ere badirela onartu zuten atzo hiru protagonistek. Irratsaioan izan ziren ordezkariak baina, herrian dagoen aberastasunaren zati txiki bat baino ez direla onartu zuen atzo Astondoak: «Buruz ari naiz baina Euskal Ligan proba ia gehienetan 15-20 bat txantxikuar aritzen gara gutxi gora behera eta Errekaldeko egunean, zifra hau handitu egiten da».

Horrek agerian uzten du beraz, Goitibeheren jeitsierekiko zaletasuna, oso handia dela gaur egun. Baina etxeko datuez gain hazkuntza horren adierazle handiena proba kopurua dela baieztatu zuten atzo hiru txantxikuarrek. «Duela bizpahiru urte 6-7 proba soilik genituen eta edozein jeitsiera antolatzeko mundu guztiarekin borroka egin behar genuen, baimenak lortu ahal izateko. Zorionez baina, badirudi federazioa sortzearekin batera, proba kopurua ere asko hazi dela eta gaur egun, oraindik zailtasunak dauden arren, orokorrean lehen baino errazagoa da lasterketa bat antolatzea».

Modalitate ugari

Goitibeheren probetan lau modalitate nagusi ezberdintzen dira: Neumatika, Arinak, Drift Trike eta Errodamenduak. Hala ere, bakoitzaren barruan beste hainbat azpikategoria daudela ere jakinarazi zuten. Duela bi hamarkadako probekin alderatuz, Goitibeherak ere asko aldatu direla onartu zuen atzo Arkauzek: «Lehen egurra, burdina eta errodamentuak ziren nagusi eta gaur egun, neumatikoak, karbonoa, bizikletak eta bestelako materialak ikusten dira jeitsieretan».

Urteko balantze bat egiteaz gain, intereseko beste hainbat kontu azaldu zituzten Astondoa, Arkauz eta Geretak ordubete iraun zuen solasaldian. Prestakuntza, istripuak, helburuak... hizpide izan ziren ikasturteko lehen kirol tarte nagusian.

Irratsaio guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcast-ean:


Herriko Goitibehera talde bat Errekaldeko lasterketan. Argazkiak: www.rallyak.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario