Debagoieneko txistulari asko elkartu ditu Aretxabaletan, Txistulari Egunak
2015-10-26 10:49 Kultura Aretxabaleta BERRIAKSeigarrenez ospatu dute Txistulari Eguna Leintz aldeko txistulariek, eta Oñati, Soraluze eta Zumarragakoak izan dituzte lagun. Ia 30 txistulari elkartu dira Aretxabaletako kaleak girotu eta txistuaren bueltan egun pasa dotorea egiteko asmoarekin.
Txistua aitzakia hartuta lagunekin elkartu, herriko kaleak girotu eta partiturak eta lanak konpartitzeko asmoarekin hasi zuten Txistulari Eguna orain dela sei urte Eskoriatzan, eta gero eta lagun gehiago elkartzen dira. Aurten Demetrio Iriarte txistularia izan dute gogoan jaio zeneko ehungarren urteurrenean, eta haren omenez Aretxabaletan ospatu dute eguna iaz legez.
Kalejira joan dira lehenengo eta ondoren Herriko Plazan elkartu dira. Alardea egin dute han, eta Iriarteren hainbat piezarekin girotu plaza; beste batzuen artean Aleluia zortzikoa, Arabako otoitza eta Erañatar Ramon jo dituzte.
Aretxabaletako txistulariek, gainera, taldekide bat omendu gura izan dute ekitaldian: Jokin Antxia. Aretxabaletan txistu taldea desagertzear egon zen sasoian hark egindako ahalegina eskertu gura izan diote: "Orain hemen bagaude zuri eskerrak da", esan dio Inaxio Garro lagunak. Eta ekitaldia bukatu dute Ikusi mendizaleak kantuan eginda herritarrekin batera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario