viernes, 3 de junio de 2016

Arantzazuko Igoeraren azkena zapatuan

GOIENA

Imanol Beloki 2016-06-02 17:00   KIROLA  OÑATI
Zapatu honetan, 47. Arantzazuko Igoera egingo dute gazte kategoriako lehen eta bigarren urteko txirrindulariek, eta formatu honetan egingo den azkena izango da. Lasterketa 16:30ean hasiko da, Portalekuan, eta, 9,5 kilometroko bidea egin ondoren, Sindikan amaituko da, ordu erdiren bueltan.
Iazko proban esprintean amaitu zen lasterketa. | imanol soriano | 
Iazko lasterketan, 59 txirrindulari izan ziren irteera puntuan, eta denak iritsi ziren helmugara, baina bero handiak eragina izan zuen askorengan, eta lehertuta heldu ziren Sindikara. Julen Umerez Oñatiko txirrindulariak esprintean ezin izan zuen garaitu Koldo Velasco, eta garaipenetik gertuen izan den oñatiarra izan da urte hauetan guztietan.
Ruper Arkauz Aloña Mendiko txirrindularitza saileko kidearen esanetan: "Aurten, Oñatin hiru txirrindulari on ditugu: Xabi Murgiondo, Ekaitz Txintxurreta eta Mikel Arregi. Hirurak rankingean lehen hamabosten artean daude; beraz, aukera ugari dituzte lasterketa irabazteko".

Sari bereziak

Igoera honen marka nagusia 22 minutu eta 27 segundo da, 1993. urtean Unai Osak ezarri zuena, eta marka gainditzen duenak 300 euroko saria eramango du. Bestalde, probaren irabazleak 150 euro jasoko ditu.

Formatu honetan, azkena

Arantzazuko Igoera oso gogorra eta esplosiboa da, eta lehertuta heltzen dira txirrindulariak helmugara. Horregatik, ibilbidea luzatu gura dute antolatzaileek datozen urteetarako. "Formatua aldatuko dugu. Agian, Eskoriatzatik edo Arrasatetik bira ematea aukera bat litzatekeela uste dugu", adierazi du Arkauzek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario