martes, 14 de junio de 2016

Xabi Murgiondo Gipuzkoako azpitxapeldun Urretxun

ok magazinea

Denboraldi puska osatzen ari da Xabi Murgiondo Ulma-Aloña Mendi taldeko txirrindularia. Azken asteetan baina lasterketan egindako lan bikaina, ezin izan du garaipen batekin borobildu. Larunbatean Urretxun jokatu zen lasterketan esaterako, azken esprintean egin zion ihes Gipuzkoako txapelketak eta azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen oñatiarrak. Bi garaipen eta hiru podium lortu ditu dagoeneko, aurtengo denboraldian.

Gazte mailako txirrindulari dexentek sinatuko zuten Xabi Murgiondok aurten lortu duen palmaresa osatzea, baina ziklista oñatiarra ez da erabat pozik izango. Ikasturte honetan bi garaipen lortu baditu ere (Deba eta Antzuola), azken hamabost egunetan beste bi oso gertu izan ditu baina arrazoi ezberdinak tarteko, aurkari batek garaipena nola ospatzen zuen ikusi behar izan du bere mutur aurrean.

Pasaden astean, Arantzazuko azken igoera historikoa irabazteko aukerekin iritsi zen azken 100 metrotara, baina Urtiagainetik gora Bazpi taldeko bikoteak asko zukutu zuten txantxikuarra. Eta zoritxarrez, ezin izan zion azken erritmo aldaketari eutsi Sindikako malda gogorretan. Azkenean hirugarren amaitu zuen garaileagatik 5 segundu eskasera. Esan aurrez, apirilean Zarautzen jokatu zen Udaberri sarian ere podiumera igo zela bigarren postua eskuratuz.

Asteburu honetan berriz, Gipuzkoako errepideko txapelketa izan dute jokoan Urretxun gazte mailako txirrindulariek. Aste gogorra izan da Murgiondo eta adineko beste ziklistentzat. Selektibidadeak ez baitiete nahi adina entrenatzen utzi. Hala ere, azterketak amaituta, gogotsu hasi zuten 89 kilometroko lehia oñatiarrek. Proba osoan zehar lasterketa kontrolpean izan zuten. Ikusi besterik ez mendiko saria eta tarteko helmugen garaikurra Murgiondo berak irabazi zituela.

Errematatu ezinean

Boskote bat iritsi zen lasterketa buruan Urretxun kokaturiko helmuga puntura eta tartean zegoen Murgiondo txantxikuarra. Esprintean erabaki zen garaipena eta azkenean Unai Iribar, Limousin Cartonajes taldeko txirrindularia izan zen azkarrena. Iribar gazte mailako lehen urteko ziklista da eta larunbateko garaipenari esker, errepide gaineko Gipuzkoako txapeldun berria da.

Xabier Murgiondok beste behin bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen (iaz ere azpitxapeldun izan zen) eta hirugarren postua, Andoaingo Txirrindularitza Eskolako Ander Amonarrizentzat izan zen. Guztiak ere, garailearen denbora berdinean iritsi ziren.

Bestelakoan, aipagarria da irteeran abiatu ziren 52 txirrindularietatik 18 soilik amaitu zutela lasterketa. Mikel Arregik 11. postuan amaitu zuen eta Ekaitz Txintxurreta 17. iritsi zen helmugara. Sailkapen nagusia [hemen].


Gaur erlojupekoa

Gazte mailako txirrindulariek ez dute atsedenik eta larunbatean errepide gaineko Gipuzkoako txapelketa jokuan izan bazuten, gaur arratsaldean erlojupeko txapela jarriko da jokuan Aizarnazabalen. 14,5 kilometroko ibilbide bati aurre egin beharko diete ziklistek eta gure ordezkarien irteera orduak hauetxek izango dira: Ekaitz Txintxurreta (19:21), Mikel Arregi (19:24) eta Xabier Murgiondo (19:27).



Unai Iribar besoak altxatzen, Murgiondo atzean duela. Argazkia: www.gtxe.or

No hay comentarios:

Publicar un comentario