viernes, 11 de mayo de 2012

Mikel Etxaburu

"Garai hartan ez genuen ezagutza handirik, baina orduko hanka sartzeak egun dabiltza fruituak ematen"


2012-05-10 00:00:00 Irati Goitia
Mikel Etxaburu, Oñatiko udaletxearen aurrealdean.

Mikel Etxaburuk adierazi digu mutikotatik militatu izan duela politikan era batera edo bestera. Hala, azaldu digu 1966an Iparraldera joan eta garai hartan debekatuta zegoen ikurrina ekartzen zuela, gero hemen banatzeko.



Ondoren, Ahuntzen Taldean ere ibili zela kontatu digu, eta baita espetxean izan zela birritan. 1973an Iparraldera ihes egin zuen. Franco hil eta gutxira, 1976ko maiatzean, itzuli zen herrira. Batzordean sartu eta bertan ibili zen lanean, eta zinegotzi joateko aukeratu zuten. Udalean egin zuen lehen agintaldian, kide bat ordezkatu zuen. Bigarrenean, berriz, bera irten zen zinegotzi.



Nola oroitzen dituzu Udalean egon zinen garai haiek?



Nire ustez, ez guk eta ezta beste alderdietako kideek ere ez genuen eskarmenturik Udalean. Ezjakitasun handia zegoen planak egiteko orduan, baina pittinka-pittinka hasi ginen ikasten. Bestalde, eztabaida handiak izaten genituen eta gu beti irteten ginen galtzen, EAJkoak gehiago ziren-eta. Gainera, garai haietan gehiengo osoa erabatekoa izaten zen; ez zen adostasunerako asmorik izaten. Hala, jeltzaleek nahi zutena egiten zuten. Garai hartako alkate zen Eli Galdosen nortasunak ere hori bideratzen zuen. Baina poliki-poliki denok ohartu ginen derrigorrezkoa zela konponbidea bilatzea. Niretzako oso esperientzia ona eta aberasgarria izan zen, une garratzak bizi izan arren.



Orduan ikasitakoak egungo egoeran erreflexua duela esango zenuke?



Bai, zalantza barik. Ordutik hona Oñatik jo duen aldaketa oso nabaria da. Garai haietan EAJk hamar, 11 edo 12 zinegotzi izaten zituen eta guk lau, bost edo hiru. Nire ustez, gure inguruan une gogorrak pasa ditugu, baina garraztasun eta esperientzia txarrak egun dabiltza bere fruituak ematen.



Une garratzak aipatu dituzu. Zein da bizi izan zenuen unerik gogorrena?



Eztabaida garrantzitsuenak borroka armatuaren gainekoak izaten ziren. Zehazki, gogoan dut oso egun gogor bat: San Migel bezpera zen eta Hernanin gure zinegotzi bat hil zuten (Zapa). Guk danborrada bertan behera utzi nahi izan genuen, eta izugarrizko eztabaida izan genuen udaletxean.



Bestalde, eguneroko kudeaketan, aurrekontuak onartzea sarri zaila izaten zen. Izan ere, gauza ezberdinei ematen genien lehentasuna. Oso eztabaidatua izan zen, adibidez, Olateko presa erostea. Izan ere, ordurako diru kopuru handia zen; 1.000 milioitik gora. Guk uste genuen diru hori beste arlo batzuetan erabili behar zela; esaterako, hezkuntzan. Hirigintza planak egiteko orduan ere lur gehienak etxebizitzak eta enpresak egitera bideratzen zen. Hor ere ez geunden ados.



Egin ziren proiektuetatik, baina, ba al da gustukoren bat?



Egia esan, gu bere garaian ados azaldu ez ginen arren, Olateko ur-jauziak erostea ideia ona izan zela iruditzen zait. Izan ere, inbertsio horrek ekarri ditu onurak herrirako. Bestetik, ur-zikinak eta erreka inguruak garbitzeko pausu handiak eman zirela ere uste dut.



Bigarren agintaldiaren ondoren, Udaletik irten zinen. Zein izan zen arrazoia?



Osasun arazoak izan nituen, eta horregatik utzi nuen. Hala ere, urte guzti hauetan Udalean egon ez naizen arren, beti jarraitu dut politikan eta hil arte lanean ibiltzeko prest nago. Argi dago, baina, gazteak indarrez datozela eta eurek eratu behar dutela euren etorkizuna, nik badut laguntzeko prestutasuna ordea eta orduko esperientzia.



Nola ikusten duzu etorkizuna?



Uste dut oraindik une latzak pasatu behar ditugula; asko sufritu beharko dute presoek eta euren familiek batez ere. Hala ere, pozik nago uste dudalako azken hiru urteetan oso erabaki garrantzitsuak hartu direla eta laster ["politikan laster urtebete baino gehiago da", zehazten du barrez] ikusiko ditugula gure ametsak bideratzen. Horregatik, politikak bere garaian arazo asko sortu zizkidan arren, batez ere etxean, egun bizi dugun unea ikusita izugarrizko poztasuna sentitzen dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario