viernes, 25 de mayo de 2012

Oñati.

Udaletxeko teilatua Corpus jaien ondoren konponduko dute


2012-05-25 11:30:00 Mireia Bikuña

Ugarte enpresak egingo ditu lanak 59.000 euroren truke, eta hilabeteko epean. Teilatuko erretenak eta teilak konpontzeko aldamioak jarri beharko dituzte udaletxearen bueltan.



Corpus jaietarako eraberritze lanak bukatzea oso zaila denez –prozesioa ekainaren 10ean egingo da–, atzeratzea erabaki dute. Aldamioak plazan, Kale Barrian eta Atzeko kalean ipiniko dituzte, eta horiek, traba egingo lukete prozesioaren ibilbidean eta aurreko egunetan.



Hortaz, teilatua eraberritzeko lanak Corpus jaien ondoren egingo dituzte.



Euriarekin, arriskutsu



Udaletxeko teilatuak eraberritzea behar duela aspaldiko kontua da. Itoginak ditu leku askotan eta erretenak eta teila asko apurtuta. Horiek guztiak konponduko ditu Ugarte enpresak.



Lanak hasita, hilabeteko epea izango du eraberritzea egiteko, baina halako lanetan eguraldiak zeresan handia dauka, eta atzerapenak egon daitezke. Teilatuan euriarekin ibiltzea labainkorra eta oso arriskutsua da, eta ateri egiten duen egunetan egingo dituzte lanak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario