2012-05-27 00:00:00 Mireia Bikuña
Kandido Bikuna eta haren etxekoak jatetxean |
Inazio Bikuñak eta Juliana Madinak zabaldu zuten Oñatiko Txopekua jatetxea 1927an; eta haien seme Kandido Bikuñak itxiko du hilaren 31n. Txopekuako "motorrak, bihotzak" erretiroa hartuko du. "Medikuek esan diote lana utzi behar duela. 81 urte beteko ditu irailean, eta nahiko lan egin du. Gogoz kontra, baina erretiroa hartuko du", esan digu Kandidoren ilobak, Mari Jose Urtzelaik.
Bikuña-Madina bikoteak sagardotegi izaerarekin zabaldu zuten jatetxea. Etxeko sagardoa egiten zuten, eta barra txiki bat zuten bezeroak atenditzeko. "Barrika gorriak genituen, lau bat 700 litrokoa bakoitza, beste lau barrika txikiagoak eta beste lau 200 litrokoak. Sagardoa ez ezik, ozpina ere egiten genuen. Gaztetan astoarekin jaisten nintzen herrira, 16 litroko alforjarekin, ozpina saltzera", gogoratzen du Basili Bikuñak, Kandidoren arrebak.
Egun jatetxea dagoen tokian animaliak zituzten, eta sagardotegia, Txopekuaren kanpoko aldean dagoen iturri ondoko txokoan zeukaten.
Txopekua eta Zabaleta etxea
Garai hartan, egungo jatetxearen zati bat Zabaleta Etxea zen. Banaketa baten ondorioz Txopekua bitan banatu zuten. Zabaleta etxekoak hil ondoren, Inaziok eta Julianak erosi zuten zati hura. 1956. urtea zen. Orduan, animaliak zeuden lekuan jangela txiki bat egin zuten. Baina, ez zeukan sarbide zuzenik eta bezeroak sukaldetik sartzen ziren jantokira. "Askok, sukaldetik pasatzerakoan, lapikoak zabaltzen zituzten jateko zer zegoen ikusteko", gogoratzen du Basilik.
Txopekuak harrera ona izan zuen herritarren artean. Arantzazura joaten ziren bisitari askok egin zuten geldialdia han, arrautzak txorizoarekin jateko. Etxeko arrautzak eta txorizoa. "Zortzi txerri genituen etxean. Akabatzen genituenean txorizo pila egiten genuen. Txopekuako plater tipikoa izan da arrautzak txorizoarekin, eta baita ziza-nahaskiak", kontatu digute.
Kandidoren bizitza eta lanbidea jatetxea izan da, eta bezeroendako produktu onenak ekarri izan ditu. "Bidaia asko egin ditu, Argentinara, Kanariar Uharteetara...baina jatetxerako produktu gehienak auzokoak eta herrikoak ziren. Bildotsak eta okela Oñatikoak ziren. Aldi berean 18 bildots hiltzen zituen. Arraina berriz Pasaiatik ekartzen genuen", gogoan dauka Basilik.
Haize egokitua, 1969an
Bezero kopurua handitzen zihoala ikusita, jangela handitzea erabaki zuen Kandidok, eta egungo itxura eman zion jantokiari 1969an. Pentsaezinak ziren hobekuntzak ipini zizkion jangelari: berogailua eta haize egokitua. "Hobekuntza ikaragarriak izan ziren. Berogailuak buru-hausteren bat eman digu, baina haize egokitua ordu hartan jarritakoa da. Ez dugu arazorik izan haize egokituarekin", esan digu Basilik. Orduko itxura dauka jangelak egun: harrizko paretak, egurrezko habeak, leiho handiak... Aldatu duten bakarra gortinak, aulkiak eta mahaiak izan dira. Paretak ere noizean behin garbitu egin dituzte. Besterik ez. Txopekuak hasierako xarma berbera mantentzen du ordutik.
Eta horregatik bezero fidelak izan ditu beti. "Astelehen, martitzen eta eguazten guztietan etortzen ziren bezeroak ditugu. Guk pena handia hartuko dugu, baina eurek ere hutsunea izango dute", diote.
Kandido Bikuña izan da Txopekuako motorra, baina harekin eta Basilirekin batera ikasi du Mari Jose Urtzelaik. "Hemen jaio nintzen eta beti egon naiz sukaldean sartuta. Txikitan, aulki batera igotzen nintzen platerak eta edalontziak garbitzeko. Amama Julianari postreak egiten laguntzen nion. Gogoan daukat baita ere, sagardoa egiten genuen garaian, zenbat botila garbitzen genituen", kontatu digu Mari Josek. Azken urtetan berak eta bere senar Jesus Mari Arsuaga izan dira Basilirekin Txopekuako jarduna antolatu dutenak; Kandidoren begiradapean.
Sagardoa etxean egiten zuten garaia
Sagardotegia zabaldu zutenean, etxeko sagardoa zerbitzatzen zuten. Oraindik gordetzen dute sagardoa egiteko erabilitako makina. Etxeko sagarrondoak erabiltzen zituzten, eta baita Asturias eta Astigarragatik ekarritako sagarrak ere. 1979. urtera arte etxeko sagardoa erabili zuten Txopekuan. "Etxeko sagardoaren hondarra oso preziatua zen hasieran. Gero, sagardo garbia nahiago zuten bezeroek", esan digute.
Ospakizun berezi barik, hilaren 31n azken menuak emango dituzte Txopekuan. "Ospakizunik ez dugu nahi. Guretzat ere oso gogorra izango da, penagarria. Egun horretan, berdin-berdin egingo dugu lan, eta gero, oporrak", esan digu Urtzelaik.
Kandidoren erretiroarekin Txopekuaren historiaren zati bat bukatzen da, baina, etorkizunean beste historia bat zabal daiteke. "Oraingoz atsedenerako tarte bat zabalduko dugu. Aurrerago ikusiko dugu jatetxea berriro zabaltzen dugun. Animatzen bagara, badakigu oraingo xarma mantenduko dugula, eta jatetxeak duen itxura ere bai", dio Urtzelaik.
TXOPEKUA ES EL MEJOR RESTAURANTE DEL MUNDO MUNDIL
ResponderEliminarPERDON,QUERIA DECIR MUNDIAL
ResponderEliminar