viernes, 16 de septiembre de 2016

Julen Umerez

ok magazinea

2016-09-16 12:03:40
OÑATI SARIAN PARTE HARTUKO DU BIHAR GOIZEAN
Julen Umerez: «Biharko lasterketa berezia izango da niretzat»
Indarrak azkenetan, baina ilusioz gainezka ekingo dio Julen Umerez txirrindulari oñatiarrak denboraldiko azken lehiaketa asteburuari. Afizionatu mailako estreinekoa, gogorra izan da Ampo taldeko ziklistarentzat. Denboraldian zehar asko ikasi duela onartuta, bihar etxeko zaleen aurrean paper on bat egiten saiatuko dela esan digu. Atzo Altsasun lehiatu berritan, lasterketa bezpera hankak askatzeko baliatuko du gaur txantxikuarrak. Lan saiora irten aurretik baina, adeikortasunez erantzun dio OK Magazinearen deiari.

 Zer moduz daramazu afizionatu mailako lehen denboraldia?
Egia esaten badizut, gogorra egin zait saltoa. Aurredenboraldian meniskoko lesio bat izan nuen eta ebakuntza egin ostean, aurredenboraldia egin egin gabe gelditu nintzen. Horrek asko markatu dit. Lehenengo karreretan adibidez, ziklisten erritmoa ezin jarraitu ibili nintzen. Orain hobeto sentitzen banaiz ere, fondo falta eta nekea somatzen dut denboraldiko azken zati honetan.

• Etxean izanik, biharko lasterketa berezia izango da ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Oñatiko lasterketak beti izan dira bereziak niretzat eta kategoria honetan zeresanik ez. Denboraldi amaieran iristen da eta agian indarrez justo xamar iritsiko naiz baina etxeko bideetan, ingurukoen babesarekin korritzea, oso lagungarria da gabezia hauek betetzeko. Egunero ibiltzen naiz bide hauetatik eta oso ondo ezagutzen dut biharko zirkuitoa.

• Zein helbururekin etorriko zarete?
Talde indartsua daukagu eta gure helburua, posible den heinean, lasterketa irabaztea izaten da. Baina gu bezala beste talde gehienek nahi dute garaipena eta askotan, gauzak ondo egitea ez da nahikoa izaten. Zortea lagun izatea ere komeni baita. Baina garbi izan, barruan daramagun guztia ematen saiatuko garela lasterketa ahalik eta onena egiteko. Taldeko ziklista garrantzitsuenak Galizian ditugu eta beraien hutsunea antzemango da baina hori ez da aitzakia izango.

Pertsonalki zuzendarien aginduak betetzea da nire lan bakarra. Posible bada ihesaldi batean sartzen saiatuko naiz, baina nire lana taldeko liderrari laguntzea izango da. Julen Irizar bergararra adibidez, oso ondo dabil eta dagoeneko 3 lasterketa irabazi ditu. Ea bihar laugarrena iristen den.

• Denboraldia asteburuan amaituko duzu ezta?
Bai hori da. Bihar Oñatin arituko gara eta igandean Zaldibian Lehendakari txapelketako beste lasterketa batekin amaituko dut denboraldia. Egia esan, bukatzeko gogoz nago eta sasoi honetan beste gauza batzuk egiteko gogoa ere badaukat burua pixka bat aireatzeko.

• Eta datorren urtean zer?
Ampon jarraituko dut. Beste urtebeterako hitzarmena daukagu eta taldean oso gustora nago. Hemen baino hobeto ez naiz beste inon egongo eta ea orain atseden hartu ostean, neguan ondo prestatzen naizen. Meniskoa ez daukat erabat sendatuta eta ondo errekuperatu nahi dut. Ikasketak ere hortxe ditut eta hauekin ondo jarraitzea, txirrindularitza bezain garrantzitsua da niretzat.

• Amaitzeko, nola ikusi dituzu Aloña Mendiko taldekide ohiak aurtengo denboraldian? Zer esango zenieke afizionatuetara salto egingo dutenei?
Sekulako denboraldia egin dute. Hasieran kosta egin zitzaien baina banekien maila oso ona emateko gai izango zirela. Deban hasi zen guztia eta taldeka zein indibidualki oso ondo aritu dira. Oso zaila da lortu dituzten garaipen kopurua lortzea. Une askotan, iazko oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura eta hein handi batean, enbidia pixka bat ere pasatu dut.

Afizionatuetara pasako direnei azkenik, hankak lurrean izateko gomendioa egingo nieke. Salto handia dago. Jubenil mailak ez dauka antzik Afizionatuekin. Seguraski, ikasteko eta egokitzeko urtea izango da. Lan zikina egitea tokatuko baitzaie kasu gehienetan. Ilusioa eta gogoa mantentzen badute, asko egina daukate.

Urte gogorra izan da aurtengoa Umerezentzat. Argazkia: Esti Aginako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario