Bazkaldu edo afaldu, modu osasuntsuan
eta kalitatezko produktuekin, norberaren beharretara propio
prestatutako modura, eta norberak ezertxo ere egin gabe –erostera joan,
janaria prestatu, gerokoak garbitu…– 4,55 euroren truke egin ahal izanez
gero, zenbatek esango lukete baietz, bi aldiz pentsatu gabe?
Bada, aukera hori dagoeneko badago Debagoienean eta, hala
ere, oraindik ez du jende askok erabiltzen. Oñatiko Bidebarri enplegu
zentroak (giza txertatze enpresa da) ematen du eta Debagoieneko eta
inguruko udaletako gizarte zerbitzuek gomendatzen diete adinekoei, batez
ere sukaldean ibiltzeko mugak dituztenei edo, beste barik, bizi
kalitate hobea izan dezaketenei.
Sistema oso samurra da: bazkariak, afariak edo bazkariak
eta afariak jasotzeko izena eman daiteke, bakoitza dagokion prezioan.
Errenteriako Sutondo enpresak prestatzen ditu jatekoak: bi plater eta
postrea otordu bakoitzeko. Plater bakoitza hutsean ontziratzen dute eta
bezero bakoitzari dagozkion aste osoko jatekoak kaxa baten bidaltzen
dituzte Zubillagara. Han, Bidebarriko langileek banaketa-kaxetan
ipintzen dute dena, behar bezala ordenatuta –are erosoagoa izan dadin,
azkenengo jan behar diren platerak kaxaren barrenean daude, eta
lehenengo jan behar direnak, goian–, eta eguazten arratsaldean
banatzaileak norberaren etxera edo bezeroak eskatutako lekura eroaten du
aste osoko menua. Lehenengo otordua eguenekoa izaten da. Jatekoekin
batera, eguenetik eguaztenera arteko menua dator astero, orri baten
inprimatuta.
Gureak taldean sortutako catering enpresa da Sutondo eta honako sistema, batez ere, Donostialdean dago zabalduta.
Garbantzuak eta hostopila
Etxez etxeko otordu zerbitzu horrek hemeretzi erabiltzaile
ditu gaur egun –Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Antzuola eta
Soraluzeko jendea dago orain–, eta beti hogeiren bueltan ibili izan
direla esaten du Bidebarriko arduradunak, Jon Igartuak. Oro har, jendea
pozik dabilela diosku: "Normalean, ez zaigu kexarik etortzen, eta hasten
denak jarraitu egiten du. Egoten den kexa bakarra hauxe da: barazki
larregi daudela esaten dutela batzuek!".
Izan ere, zerbait badira, osasuntsuak dira bazkari eta
afari horiek: Sutondo enpresako dietista batek norberaren beharrak eta
osasuna kontuan hartuta diseinatzen ditu menuak. Menu batzuk estandarrak
dira; beste batzuk gatz gutxirekin egindakoak dira –nahiz eta Sutondoko
plater guztiak dauden gatz gutxirekin eginda, behar bereziak dituztenek
eska dezakete oraindik gutxiago botatzeko–, diabetikoendako menuak ere
egiten dituzte, azido urikoa zaindu behar dutenendakoak…
Adibidez, 65 urtetik gorakoendako, eguenean bazkaltzeko
garbantzuak eta arroza eta, gero, urdaiazpiko eta gazta-hostopila
tomatearekin; bukatzeko, jogurta. Afaltzeko, minestrone-zopa eta
hanburgesak patatekin; postrerako, fruta. Egubakoitzean, horrek berak
azalorea olio errearekin eta azenarioarekin jango du lehenengo; gero,
arraina piperradarekin, eta fruta; eta afaltzeko, esparrago-krema eta
frijitu bariatuak, eta jogurta. Astean zehar, makarroiak,
arrautzaztatutako oilasko-bularkiak, entsaladilla errusiarra, saiheski
errea, berakatz-zopa, atun-enpanadillak, zerbak (azelgak) patatekin,
dilistak (lentejak) barazkiekin… jango ditu, egunaren arabera.
Bidebarrin, zerbitzu horren arduraduna Ibai Urrutia da,
eta, haren esanetan, "normalean, udan, asteko menuak bi barazki-plater
–bat, entsalada–, arroz bat eta pasta edo patata-plater bat izaten ditu;
afaltzeko, zopak, kremak edo fideoak, baita arraina edo arrautzak ere.
Afariak oso arinak izaten dira. Postre gisa, beti fruta edo jogurta".
Neguan, zertxobait aldatzen da eta hiru barazki-plater, bi
lekale eta patata-plater bat (patatak beste jateko mota batekin) izaten
ditu menu tipiko batek.
Arduradunek diotenez, erabiltzaile batzuek orrian dakarren
menua "zorrotz" jarraitzen dute eta beste batzuek gustura aldatzen dute
ordena.
Sanoa eta kalitatezkoa
Jon Igartuak esaten duenez, "oinarrizko
sukaldaritza-platerak dira, egunero bazkaltzeko edo afaltzeko janariak;
ez da sukaldaritza elaboratua edo artistikoa egiten. Produktu sanoak
dira eta kalitate txukunekoak". Oro har, egunero-egunero gustura jateko
moduko gauzak dira, dieta oso eta orekatua jarraitzen laguntzen dutenak.
Barietatea ere ziurtatuta dago. "Astetik astera menu
desberdina du erabiltzaile bakoitzak; hilean behin errepikatzen da
bakarrik", diote arduradunek.
Norberak gustuko ez dituen edo zerbaitegatik jaso nahi ez
dituen janariak ez jasotzea ere eska dezake eta hori kontuan izaten dute
arduradunek. Adibidea ipintzen dute: "Gizonezko batek ortua dauka eta
garaiko barazkirik ez du nahi izaten, berak nahikoa badaukalako".
Bestalde, ontzia ireki eta janaria txarra baldin badago,
abisatu eta aldatu egiten diote Bidebarrin: "Sutondotik beti bezero
bakoitzarendako kaxak eta, horiez gain, ordezko piezak dituen beste kaxa
bat bidaltzen dizkigute. Horrela, zerbait txarra badago, segituan alda
daiteke, nahiz eta hori oso-oso gutxitan gertatzen den".
Hozkailuan, ez izozkailuan
Janariak behin ere ez daude izoztuta; denak daude berotu
eta jateko gertu, eta erabiltzaileak ez du beste ezer egin edo gertatu
behar. Zazpi eguneko iraungitze-epea dute eta hozkailuan gorde behar
dira, baina ez izozkailuan. Ontzi bakoitzean dakar plater horren
iraungitze-data zein den.
Ontziak erabilera bakarrekoak direnez, bertatik jan
daiteke eta gero birziklatzera bota (elikagaiak dituztenez, enpresak
ezin ditu berriz erabili). Bukatzerakoan, bakar-bakarrik mahai-tresnak
garbitu beharko dira.
Prezio lehiakorra
Dagokionean, hileko faktura ere jasoko du bezero
bakoitzak. Batzuek bazkariak bakarrik dituzte kontratatuta; beste
batzuek, bazkariak eta afariak. Afariak bakarrik hartzeko aukera ere
badago.
Prezioaren gainean, honako hau esaten dute Jon Igartuak
eta Ibai Urrutiak: "Sutondok bere sukalde industrialean egindako
janariak dira. Astean behin banatzen dela kontuan hartuta, kostuak doitu
egiten dira eta bazkari bat, bi plater eta postrearekin, 4,55 euro da,
BEZa barne. Oso merke irteten da. Jendeak ikusten duen 4,55 euroko
prezio horren truke kentzen da erosketak egitea; bestetik, janariak
etxean izan behar izatea, alferrik galtzeko arriskuarekin; sukaldean
ibili behar izatea; garbitzea; energia-kontsumoa; lana… " Hori gutxi
balitz, bazkaria eta afaria, biak hartuz gero, azken prezioa oraindik
txikiagoa da.
Igartuak honako hau komentatzen du: "Inoiz baino sukalde
hobeak ditugu, baina inoiz baino baliabide gehiago ere bai, horien
erabilera merkatzeko. Sukaldea noizean behin erabiliko dugu, baina beste
baliabide batzuk daude eguneko otorduak egiteko".
Edozein momentutan eman daiteke izena, Bidebarrin bertan
edo norberaren herriko gizarte zerbitzuan galdetuta, eta zerbitzua
astebetean proba daiteke, inongo konpromisorik gabe; gustura egonez
gero, gura den arte jarrai daiteke. "Konpromisoa aste baterako bakarrik
da", azpimarratzen du Ibai Urrutiak. Uztailean, Bergarako bi lagun
zeuden proba egiten.
Asteroko bisitari ezaguna
Orain arte bezero mordoa ez, baina oso leialak izan ditu catering
zerbitzu horrek. Gehiago zergatik ez dituen galdetuta, honako uste hau
azaldu du Jon Igartuak: "Hasieratik adineko jendeari zuzendu genion
zerbitzua, eta, halakoetan, ahoz ahoko notiziek eta gomendioek balio
dute; erabiltzaile batek beste pertsona nagusi bati esateak
astero-astero etxera eroaten diotela bazkaria eta zein ondo gertatzen
duten".
Normalean, izena emateko iniziatiba norberak edo bere
familiak izaten du, edo gizarte zerbitzuetako langile batek proposa
diezaioke. Jendeak ondo hartzen du proposamen hori; izan ere, bakarrik
bizi diren eta horrela jarraitu nahi duten adinekoen kasuan, soluzio
ezin hobea izan daiteke, lan bat gutxiago eduki eta oraindik burujabe
izateko.
Zerbitzua orain dela bi urte jarri zen martxan lehenengo
aldiz, eta, orduan, pertsona nagusiei lehentasuna ematen zitzaien.
Honela azaltzen du Jon Igartuak: "Udalak eta gizarte zerbitzuek kalera
irten ezin zuen edo sukaldean gaizki konpontzen zen adineko
jendearendako bultzatu zuten zerbitzua, aste osoko janaria ontzian,
etxean izan zezan".
Gaur egun, interesa duen edozeinek eman dezake izena,
nahiz eta, gaur egun ere, erabiltzaile gehienak adineko biztanleak
diren. Hala ere, "badago jende gaztea ere", Jon Igartuaren esanetan, eta
"sukaldean ibili nahi ez duen edozeinek" eman dezake izena.
Horrez gain, beste abantaila bat: urteko aste
guzti-guztietan jasoko ditu bazkariak eta afariak etxean, behin ere
hutsik egin gabe. Zerbitzu horrek ez ditu oporrak ez jaiegunak hartzen.
Abuztuan ere berdin-berdin banatuko diete jatekoa altan daudenei,
kontrakoa abisatu ezean.
Inoiz gertatu izan da Urteberri eguna eguaztena, banaketa
eguna izatea. Kasu horretan, banaketa eguna asteko beste egun batera
aldatzen da, erabiltzaileei aurrez abisatuta; horrela, Bidebarriko
langileek ere jai har dezakete egun horretan.
Bestalde, Gabonetan edo beste jai berezi batzuetan ere,
kontrakoa ez bazaie esaten, ohiko moduan banatzen dituzte janari-kaxak.
Ibai Urrutiak dioenez, Gabonetan bereziki, "erabiltzaile askok
familiarekin bazkaltzen eta afaltzen dute eta egun horietan otorduak ez
bidaltzeko abisatzen dute".
Adinekoekin pentsatze hori dietaz haratago doa: hala,
banatzailea beti pertsona bera, aurpegi bera izaten da eta nagusien
konfiantza irabazten du astetik asterako bisitarekin. Anekdotak ere
badaude, arduradunek kontatzen duten moduan: "Azkenean, banaketa
besterik ez bada ere, harremana sortzen da eta banatzailea kafea
hartzera eta guzti gonbidatzen dute".
----------
Zerbitzua, begirada baten
Edozeinendako: hasieran, 65 urtetik
gorakoendako zen, baina gaur egun edozeinek eman dezake izena.
Erabiltzaile gehienak nagusiak dira, baina ez denak.
Hiru plater: bazkari eta afari guztiek bi plater eta postrea –fruta edo jogurta– dute. Afariak arinak izaten dira.
Urtaroko gauzak: neguan, hiru
barazki-plater, bi lekale eta patata-plater bat (patatak beste janari
batekin) izaten dira asteko menuan; udan, bi barazki-plater, arroz bat
eta pasta edo patata-plater bat.
Pertsonalizatuta: gaixotasunen bat duenak
hala esan behar du, menuak komeni zaion eran presta ditzaten. Menu
estandarrak ere gatz gutxirekin eginda daude, hala ere, osasuntsuagoak
izateko.
Norberaren gustura: gaixotasunik edo alergiarik izan ez arren, janari motaren bat nahi ez duenak halakorik ez jartzeko ere eska dezake.
Aste osoan ondo: plater bakoitza hutsean
ontziratuta dator Sutondotik. Normalean, zazpi egunean gorde daiteke. Ez
dira izoztu behar; denak hozkailuan gordetzeko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario