sábado, 25 de octubre de 2014

Lau gurpilean ibili beharrean, bitan

«Zergatik gomendatzen dudan? Poltsikorako, ingurumenerako eta osasunerako ona delako». Antton Zubiak hiru arrazoi horiek eman ditu lanera bizikletan joateak dituen abantailaz galdetzen diotenean. Zubia Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta urteak daramatza ohitura horrekin. Horrenbestez, berehala egin du bat Gipuzkoako Foru Aldundiak Debagoiena eskualdean hasitako Lanera bizikletan kanpainarekin. Dena den, oraindik ere gutxi dira lanera pedalei eragiten joaten direnak. Hain zuzen ere, langileen zein enpresen kontzientzian eragin, eta mugitzeko ohiturak aldatzea da kanpainaren helburua. Proba moduan egingo dute, eta, ondoren, herrialde osora zabaldu nahiko lukete.
Antton Zubia, lanera bizikletan joaten.
Antton Zubia, lanera bizikletan joaten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS


Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012. urtearen bukaeran amaitu zuen lanera bizikletaz edo oinez joateko estrategiaren txostena. Emaitza argigarriak utzi zituen txosten hark. Gipuzkoarrek egindako derrigorrezko joan-etorrien %36 lan kontuengatik ziren. Horietatik erdiak zazpi kilometro eta erdi baino laburragoak ziren; horrenbestez, oinez edo bizikletan egiteko modukoak. Baina jendeak bizikletan egindako joan-etorrien %19 ziren soilik lanera joateko. «Argi ikusi genuen datuak baxuak zirela, eta hobetzeko modukoak», adierazi du Unai Erroizeneak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak. Hala, txostenean bertan jaso zuten herrialdeko eskualde batean ohitura hori sustatzeko proba bat egitea. Hor du abiapuntu hasi berri den kanpainak.

Lehen urratsa eskualdea aukeratzea izan zen: «Aproposena Debagoiena zela ikusi genuen. Izan ere, eskualde horretako herrien arteko bidegorri sarea nahiko osatua eta garatua dago, eta industrialdeetatik igarotzen dira. Gainera, distantziak ez dira oso handiak», esan du Erroizeneak. Azpiegituren eta distantzien egokitasun horren ondorioz, gainera, eskualdeko langileen artean bizikleta erabiltzeko joera sumatzen zen. «Nik bost urte eman ditut kanpoan, eta itzultzean harrituta geratu naiz. Lehen oso jende gutxi ikusten nuen lanera joateko orduetan bidegorrian. Orain, berriz, langile dezente gabiltza», nabarmendu du Zubiak.

Hala, Arrasateko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalekin harremanetan jarri ziren. «Baina handik gutxira Oñatiko lotura ere amaitu genuen, eta hura ere sartzea erabaki genuen», nabarmendu du Erroizeneak. Udalek «pozik» hartu zuten proposamena. «Geure kabuz ari ginen halako politikak sustatzen, baina beste udal batzuekin eta aldundiarekin sinergian egitea are eraginkorragoa iruditu zitzaigun. Izan ere, guztiak gaude gaur egungo bizi-eredua aldatzeko borrokan. Ezinbestekoa da eredu iraunkorrago bat ezartzea», gogorarazi du Igor Ezpeletak, Eskoriatzako Ingurumen zinegotziak. Antzera mintzatu du Ana Bolinaga, Aretxabaletako alkatea. «Denak bide berean joan, eta ingurumen eta mugikortasun politiketan pauso kualitatibo zein kuantitatibo bat emateko aukera paregabea da kanpaina. Gure kasuan, gainera, bidegorria eskola publikoaren ondotik igarotzen da, eta, lanera joateko ez ezik, eskolara joateko ere bizikleta erabiltzea sustatzeko balia dezakegu aukera. Ikasle zein gurasoekin lanketa bat egingo dugu, hor baitago etorkizuna. Ume eta gazteek, gainera, are modu naturalagoan hartuko dute bizikletaz joateko ohitura».

Hilabeteetako lanketaren ostean gauzatu dute kanpaina. Aste honetan bertan jarri dute martxan, eta abendura arte iraungo du. Lau herrietako etxeetara bi eskuorri banatu dituzte. «Batean, eskualdeko bidegorrien mapa ageri da, jende askok ez baitu horri buruzko informazio nahikorik. Beste orrian, kanpainari buruzko informazioa ematen da», azaldu du Arantxa Oriak, kanpainako arduradunak. Horrekin batera, webgune bat —www.lanerabizikletan.net—, blog bat eta telefono zenbaki bat jarri dituzte. Oriaren hitzetan, helburua sare bat sortzea da. Orain arteko harrerarekin «baikor» daude. «Norbanako, saltoki eta enpresak kontuan hartuta, hogei batek agertu dute interesa. Lehen egunak izateko, oso datu ona da». Bat egin dutenei itsasgarri bat eman diete bereizgarri moduan.

Ohitura kontua

Zubiak urteak daramatza lanerako joan-etorriak bizikletan egiten. Oñatin bizi da, eta Arrasaterako bidean dagoen industrialde batean lan egiten du, etxetik lau kilometrora. Ondo ezagutzen ditu, beraz, lanera bizikletaz joatearen abantailak. «Herritar moduan dugun erantzukizun soziala kontuan hartuta, ingurumenari eta mugikortasunari lotutako arrazoiak aipatuz hasi beharko nuke, baina ez dut uste horiek direnik jendearen artean eragin handiena dutenak. Hori dela eta, beste bi aipatuko nituzke: aurrezten den dirua, eta egiten den kirola». Azken horri erreparatu nahi izan dio, bereziki. «Autoz etortzen diren asko presaka eta korrika irteten dira lanetik, kiroldegira joan behar dutelako. Nahikoa lukete lanera bizikletan etortzea, kirola egiteko. Gainera, ingurumenari mesede egingo liokete, eta lanetik ateratzean kirola egiteko erabiltzen duten denbora hori beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu ahalko lukete».

Ohitura hori oso errotuta dagoen herrialdeetan egindako ikerketa batzuk ere aipatu ditu. «Ikerketa horien arabera, jendea gogotsuago iristen da lanera, eta tentsio gutxiagorekin. Horren guztiaren ondorioz, lan absentismoa txikiagoa da». Beraz, aitzakia iruditzen zaizkio jendeak bizikleta ez erabiltzeko ematen dituen argudioak. Nagusia eguraldi txarra izaten da: «Europako iparraldean ere eguraldi txarra egiten du, baina jendea bizikletaz doa. Horren atzean hezkuntza eta kultur arrazoiak daude, ohiturak azken batean. Horietan eragitea da gakoa. Egun batetik bestera hori lortzea zaila da, baina pixkanaka egin daiteke. Herrialde askotan lortu bada, hemen ere posible da», azaldu du Ezpeletak.

Langileen parte hartzea ez ezik, Erroizeneak eta Ezpeletak ezinbestekoa ikusten dute enpresek eta saltokiek ere esku hartzea. «Horretan eragitea ere bada kanpainaren helburua. Izan ere, enpresak ez badu, adibidez, bizikleta uzteko gunerik edo arropaz aldatzeko lekurik, zaila da langileak bizikletan joatea», azaldu du Ezpeletak. Horretan ari da aldundia. «Interesa duten eta kanpainarekin bat egiten duten enpresei, adibidez, bizikletak uzteko aparkaleku edo guneak eskainiko dizkiegu, estalpekoak zein irekiak. Oraingoz, zortzi enpresak erakutsi dute interesa. Espero dugu datozen asteetan gehiago izatea». Ezpeletaren irudiko, langileen jarrera aldaketak berak ekarriko du enpresek halako neurriak eta eskariak egitea.

Kanpaina lehen urratsa dela adierazi du Erroizeneak, eta politika zabalago baten barruan sartu behar dela. «Honen emaitzak aztertu, eta nahiko genuke datorren urtean kanpaina beste eskualdeetara zabaltzea». Kanpainetatik harago, badira bestelako neurri batzuk jendea lanera bizikletan joan dadin bultzatzeko. Europako herrialde batzuetan —Frantzian, Austrian, Belgikan eta Herbehereetan, besteak beste— bizikleta erabiltzen duten langileei zerga- pizgarriak ematen dizkiete. Frantzia Gobernuak, adibidez, kilometroko 25 zentimo arteko laguntzak ematen dizkie. Langileek ez dute zergarik ordaindu behar laguntza horrengatik,eta Gizarte Segurantzan ere ez du kotizatzen. Oraingoz, hogei bat enpresak egin dute bat egitasmoarekin. Egun Frantzian langileen %2 doaz lanera bizikletan—Herbehereetan, %25, eta Belgikan, %8—, eta kopuru hori igo nahi dute. Austrian 570 euro artean desgraba dezakete urtean. «Beste alor batzuetan, adibidez, konposta egitean funtzionatu dute halako pizgarriek. Eta kasu honetan ere aproposa izan daiteke», uste du Bolinagak. Ados dago Ezpeleta. «Ez dakit nola, baina ahalegina egiten duenak sari bat jaso behar du».

Oraingoz, aldundiak ez du halako neurrik aurreikusten. «Beste amu batzuk erabili nahi ditugu». Pizgarriak ondo ikusten ditu Zubiak, baina kritiko ere bada. «Hasiera batean jendea erakartzeko ondo ikusten ditut. Baina halako neurriak ezin dira luzatu, azken batean ardura sozialeko kontu bat sustatzen ari baikara».

Mugikortasunari lotutako beste neurri batzuk hartzearen alde ere egin dute. Horren adibide jarri dituzte garraio publikoa hobetzea eta autoa partekatzeko ohitura sustatzea. «Autoaren kasuan, ezinbestekoa da jarrera aldaketa bat. Autoa bakarka gehien erabiltzen den unea lanera joateko momentua da, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke».

No hay comentarios:

Publicar un comentario