Podiuma gustatu zaie etxeko txirrindulariei
2015-04-29 15:23 KIROLA OÑATI
Aloña Mendiko txirrindulari taldeko gaztetxoek ondo baino hobeto hasi dute aurtengo txirrindularitza denboraldia. "Joan den asteburua ere borobila izan zen. Alebin mailakoak podiumera igo ziren beste behin. Bost lasterketa egin dituzte orain arte, eta bostetan sailkatu dira lehen hiru postuen artean", adierazi du Aloña Mendiko txirrindularitza saileko Ruper Arkauzek.
Gazte mailan lehiatzen duten Aloña Mendi-Ulma taldeko lau txirrindulariak ere ez dabiltza makal. Joan den asteburuan, esaterako, Zarauzko Udaberri Saria lasterketan, hirugarren egin zuen Julen Umerezek. Taldeka, berriz, lehenak sailkatu ziren oñatiarrak. "Lorpen handia izan zen hori. Lasterketa hiruk bukatu zuten, eta horrez gain, lehenak egin zuten taldeka. Garaipen handia da hori", azaldu du Ruper Arkauzek. Bezperan, zapatuan, Labegaraieta Saria lasterketan izan ziren eta han, laugarren sartu zen helmugan Ekaitz Txintxurreta.
Bergaran eta Lazkaon
Egubakoitzean, Bergaran izango dira alebin eta infantil mailako txirrindulariak; kadeteak eta gaztetxoak, berriz, Lazkaoko lasterketetan parte hartuko dute, zapatuan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario