Iturria: Oñati Irratia
2015/04/27
Udaltzainak, hasi dira jakinarazpenak banatzen
Izendapen hori, aplikazio informatiko baten bidez egiten da. Ordenagailuak, alaitzean, hauteskunde mahai bakoitzeko karguak banatzen ditu. Zapatuan egin zen zozketa udaletxean eta guztira, 135 herritarri dagozkien zenbakiak atera ziren, 15 izango baitira maiatzaren 24an Oñatin irekiko diren hauteskunde mahaiak eta bakoitzerako 9 herritar izendatu behar dira, hau da, presidente eta bi bokal eta bakoitzari dagozkion bina ordezko.
Oñatin, 8.883 herritarrek izango dute maiatzean botoa emateko aukera baina nagusienak hauteskunde mahaitan egoteko zozketatik kanpo uzten dira. Zapatuan egin zen zozketan, 18 eta 70 urte bitarteko hautesleak bakarrik hartu ziren.
Zapatuan bertan zozketan ateratako bakoitzari dagozkion izendapen agiriak gertatu ziren eta atzo jada banaketa egiten hasi ziren. Udaltzainak izan ohi dira agiria eskura, norberaren etxera joanda eramaten dutenak. Hauteskunde mahaiko presidente, bokal edo ordezko izateko izendapena jasotzen dutenek, ezintasunen bat alegatu nahi badute, agiria jaso eta zazpi eguneko epea izango dute hartarako.
Zabalik dago bestalde, botoa postaz emateko eskaera epea. Eskaera hori, edozein postetxetan egin daiteke, nortasun agiria aurkeztuz. Baina zenbait alderdik ere, tramite hori betetzen laguntzen dute, eta Oñatiko EAJ-k, horretarako propio, bulegoa egunero irekitzen du Batzokian, arratsaldeko 18.30tatik 19.30tara. EH Bilduk bestalde, Bidebarrieta kaleko erabilera anitzeko gela egokitu du informazio gune gisa eta astearte eta ostegunean, 11.00-13.00 eta 18.00-20.00tara edota zapatutan, 11.00-13.00 irekitzen du. Hauteskunde egunean, botoa zuzenean emateko zailtasunak dituztenek, postaz eman dezakete. Baina horretarako eskaera, maiatzaren 14a baino lehen tramitatu behar dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario