miércoles, 8 de abril de 2015

Oñatitik igaroko da bihar, Euskal Herriko Itzulia

2015-04-08 16:32:38
13:30 ALDERA IRITSIKO DIRA ZIKLISTAK UDANATIK
Oñatitik igaroko da bihar, Euskal Herriko Itzulia
Astelehen eguerditik martxan da 55. Euskal Herriko Itzulia. Bilbon eman zitzaion hasiera eta larunbatean amaituko da Aian, 18,3 kilometroko erlojupeko gogorrarekin. Pelotoi profesionaleko ziklista onentsuenak gure errepideetan ikusteko aukera paregabea izango da datozen egunotan. Bihar eguerdian, koloredun tropelak sartu irten azkar bat egingo du Oñatitik.

55. Euskal Herriko Itzuliak lan erdiak beteko ditu gaur Zumarragara iristean. Astelehenean hasi zen lasterketa Bilbon eta larunbatean amaituko da Aian. Guztira sei etapa izango dira eta ibilbidea, orokorrean, oso maldatsua izango da. Orotara 33 mendate puntuagarri: lehen mailako sei, bigarren mailako hamabost, eta hirugarren mailako hamabi gainditu beharko dituzte ziklistek Aiako azken egunera iritsi aurretik. Eta postre bezala, larunbateko erlojupekoko bi igoera gogorrak gehitu behar zaizkio ibilbide gogor horri.

Lehen bi egunak esprintean erabaki dira. Bilbo eta Bilbo artekoa, OricaGreenEDGE taldeko Michael Matthews Australiarrak eraman zuen eta atzokoa (Bilbo-Gasteiz 162,7 km.), Trek Factory Racing taldeko Fabio Felline Italiarrarentzat izan zen. Gaur ordea, maldak hasiko dira eta gora-behera hauek aldaketak eta ikuskizuna ekarriko dute ziurrena.

Bihar Oñatitik

Bihar, osteguna, itzuliko laugarren eguna Zumarragan abiatu eta Eibarren (Arrate) amaituko da. 162 kilometroko ibilbidean tropelak sartu irten azkar bat egingo du Oñatitik. 13:10 abiatuko dira ziklistak Zumarragatik eta Urretxu eta Legazpiko herriak zeharkatu ostean, 13:25 aldera iritsiko dira Udanako mendate gainera. Hortik ziztu bizian herriraino jeitsi, eta San Lorentzo eta Olakua auzuneak igaro ostean, Bidaurretako biribilgunean saihesbidera joko dute zuzenean.

13:30 pasatxoan igaroko dute Oñati eta hortik Elorregi eta Bergararako bidean jarriko dira. Angiozar, Elgeta, Osintxu, Soraluze, Maltzaga eta Eibarrera joko dute. Hala ere, helmugara iritsi aurretik, Bizkaia aldeko errepideetan (Elorrio, Zaldibar, Markina...) hainbat kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek. Aurreikuspenak betetzen badira, 17:00 eta 17:25 artean iritsiko dira lehen ziklistak Arrateko Santutegian kokaturiko helmuga puntura.

Probari buruzko informazio gehiago [hemen].

Felline Gasteizeko helmugan garaile. Argazkia: Iraia Calvo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario